Prentsa-oharra 2013/07/23
Euskal AEko osasuneko aseguru-entitateek primak handitu zituzten 2011n, baina ez aseguratuak
Osasun-aseguruaren primak aurreko urteetan baino gutxiago handitu ziren
Euskal AEn osasun-aseguruak kudeatzen dituzten entitateek aseguratutako primen bolumena % 3,8 handitu zen 2011n, baina aseguratutako pertsonen kopurua bere horretan mantendu zen ia (-% 0,02), Eustateko datuen arabera. Zehazki, entitate horiek 382.610 pertsona aseguratu zituzten 2011n osasun-aseguruaren barruan.
Egoera ekonomiko txarrean % 0,8 murriztu dira osasun-polizen kontratuak, eta aurreko urtekoarekin alderatuta ia ez du aldaketarik izan osasun-alorreko aseguratuen kopuruak; aurreko urteetan, ordea, hazkunde apala izan du kolektiboak (% 0,8 2009an eta % 1,6 2010ean).
Osasun-zerbitzuen prestazio-primen bolumena % 3,8 handitu zen 2011n (277,7 milioi euro); halere, hazkunde hori aurreko urteetakoa baino txikiagoa izan da (% 6,7 2009an eta % 5,3 2010ean).
BPGri dagokionez, Euskal AEko osasun-aseguruko erakundeak Euskal AEko BPGren % 0,42 izan ziren 2011n (2010ean baino ehunen bat gehiago). Aseguratu bakoitzeko batez besteko prima 725,8 eurokoa izan zen orduan, eta 699,3 eurokoa 2010ean.
Osasun-aseguruaren arloak kontzentrazio handia du. Primen zenbatekoagatiko lehen lau erakundeek % 85,7ko merkatu-kuota izan zuten 2011n.
Aseguratu gehienek (% 89) osasun-asistentzia orokorreko estalduradun aseguru medikoa izan zuten kontrataturik (lehen mailako eta ospitaleko zerbitzuak estalita), eta % 10ek hortz-aseguru bat.
Metodologiaren inguruko oharra: Euskal AEn establezimenduren bat duten asistentzia mediko-farmazeutikoko aseguru libreko erakundeen informazioa biltzen du estatistika honek.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Asistentzia mediko-farmazeutikoko aseguru libreko entitateei buruzko prentsa-ohar gehiago
Asistentzia mediko-farmazeutikoko aseguru libreko entitateei buruzko datu-bankua