2013ko abenduaren 10eko prentsa-oharra
Euskal AEko herritarren batez besteko errenta egonkorra izan da 2009 eta 2011 artean
Euskal AEko pertsonen batez besteko errenta 19.715 eurokoa da 2011n
Eustatek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin lankidetzan prestatutako Pertsonen eta Familien Errentaren Estatistikaren arabera, Euskal AEko biztanleen 2011ko batez besteko errenta pertsonala 19.715 eurokoa da 18 urteko eta 18 urtetik gorako herritarren artean, aurreko bi urteetan baino % 0,5 gehiago soilik. Lurraldeka, pertsonen errenta handiena Gipuzkoakoa da (20.396 euro), ondoren Arabakoa (20.148 euro) eta, azkenik, Bizkaikoa (19.187 euro). 2009tik errentak izan duen bilakaera lurraldeka aztertuz gero, Araban izan du jokaera onena, % 2,5 handitu baita. Gipuzkoan % 0,6 handitu da eta Bizkaian % 0,3 txikitu da.
Errenta erabilgarriari erreparatuz gero, hau da, errenta osoari errentaren gaineko zerga eta langilearen kargurako gizarte-kotizazioak kendu ondoren, aldeak daude hiru lurraldeko zenbatekoen artean. Hala, Euskal AE osoko errenta erabilgarria 16.711 eurokoa da, Gipuzkoakoa 17.384 eurokoa, Arabakoa 17.206 eurokoa eta Bizkaikoa 16.171 eurokoa.
Hiru lurralde historikoetako hiriburuetako batez besteko pertsonen errenta Euskal AEko batezbestekoaren gainetik dago. Donostiari dagokio zenbatekorik handiena (23.008 euro) eta atzetik ditu Gasteizkoa (20.465 euro) eta Bilbokoa (19.787 eurokoa).
18 urteko eta 18 urtetik gorako herritarren % 14k ez du errentarik jaso 2011n
Herritarren arteko errentaren banaketari dagokionez, 18 urteko eta 18 urtetik gorako ia 1,6 milioi pertsonek, biztanleriaren % 86,4k alegia, nolabaiteko errenta jaso du 2011n. Bestalde, herritarren % 13,6k ez du inolako diru-sarrerarik jaso 2011n. Gainera, Euskal AEko batezbestekotik beherako diru-sarrerak edo inolako diru-sarrerarik jasotzen ez duten herritarrak % 59,4 dira, eta %11,7k batezbestekoaren bikoitza jasotzen du, hau da, 39.400 euro baino zerbait gehiago.
Mediana herritarrak bi zati berdinetan banatzen duen errenta zein den zehazten duen adierazlea da. 2011n, balio hori 15.441 eurokoa zen; hau da, Euskal AEn adinez nagusiak diren herritarren erdiaren urteko pertsonen errenta 15.441 eurokoa baino handiagoa da eta beste erdiarena, txikiagoa.
Pertsonen errenta osoaren portzentaje-banaketari dagokionez, diru-sarrera iturri nagusien arabera, hiru lurralde historikoetan, lana da nagusi, transferentziez jarraituta (pentsioak eta gizarte-prestazioak).
Errenten % 62,7ren iturria lana da
Ildo horretatik, Euskal AEko herritarren 2011n jasotako pertsona-errentaren osaerari dagokionez, % 62,7ren iturria lana da eta 12.358 da batez beste. Gainerakoaren kasuan, % 23,7ren iturria transferentzia edo prestazio soziala dira (4.677 euro batez beste); % 4,64rena jarduera ekonomikoak (875 euro batez beste) eta % 9,2rena kapital-errenta, bai higigarria bai higiezina (1.805 euro batez beste).
Datuak 2009koekin konparatuz gero, agerikoa da transferentziak % 1,1 eta laneko errentak % 0,1 handitu direla, eta kapital-errentak % 1 eta jarduera ekonomikoak % 0,2 txikitu direla.
Emakumeen batez besteko errenta pertsonala gizonezkoen diru-sarreren % 56 da
Euskal AEko gizonen eta emakumeen errentaren banaketa ezberdina da. Izan ere, gizonezkoen batez besteko errenta guztira 25.258 eurokoa da eta emakumeena, 14.534 eurokoa. Hau da, gizonezkoen errenta pertsonala emakumeena baino 10.904 euro handiagoa da.
Emakumeen eta gizonen errenten alderik handiena 60 eta 64 urteko tartekoen artean ematen da. Adin-tarte horretan gizonen batez besteko errenta emakumeena baino 19.519 euro handiagoa da.
18 urteko eta 18 urtetik gorako herritarren kasuan, pertsonen errenta handiena 55 eta 59 urteko tartean lortzen da (26.315 euro batez beste). Hala ere, emakumeen kasuan, errenta handiena 50 eta 54 urteko tartekoek jasotzen dute (19.439 euro batez beste). Gizonezkoen kasuan, ordea, batezbesteko errenta handiena 55 eta 59 urteko tartekoek jasotzen dute, eta nabarmen handiagoa da, 35.094 eurokoa, hain zuzen ere.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Errenta Pertsonalari eta Familia Errentari buruzko prentsa ohar gehiago
Euskal AEko Errenta Pertsonalari eta Familia Errentari buruzko datu bankua