2014/02/11ko prentsa-oharra
Euskal AEko familien batez besteko errenta, 2011n, 42.000 euroren gainetik da
Familien %62,5ek Euskal AEko batez bestekoa baino errenta txikiagoa du
Eustatek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin lankidetzan egin duen Errenta familiarraren estatistikako datuen arabera, 2011n, Euskal AEko batez besteko familia-errenta 42.192 euro ziren. Euskal AEko familien multzoaren batez besteko diru-sarrerak batez besteko errenta pertsonala 2,1 aldiz dira.
Familia-errenta osoa familia-kide guztien errenta pertsonalak baturik lortzen da. Pertsona-errentarekin bezalatsu, Gipuzkoak du familia-errentarik handiena, 43.589 euro. Arabak 41.727 eta Bizkaiak 41.476.
Euskal AEko familien batez besteko errenta %1,3 murriztu da 2009tik 2011ra bitartean. Arabak du murrizte txikiena, %0,7; Gipuzkoak %0,8; Bizkaiak %1,7.
Familien %62,5ek Euskal AEko batez bestekoaren azpiko errentaren bat dute, edo errentarik ez; ehuneko hori, pertsona-errentaren kasuan genuenaren hiru puntuz gainetik dago. Familien %3,2k ez du inongo errentarik jaso 2011n. Erabat bestaldean, %9k, 76.329 familiak, batez bestekoa bi aldiz edo gehiago jasotzen dute, 84.000 euro pasa. Euskal AEko familien erdien errenta 34.104 euro baino gutxiago da.
Familian errenta-jasotzaile nagusia gizonezkoa denean, batez besteko diru-sarrerak 46.513 euro dira eta familia gehienak geruza ertain eta goikoetan metatzen dira; jasotzaile nagusia emakumezkoa denean familiaren batez besteko errenta 34.717 euro dira eta familiak errenta-geruza behekoetan daude.
Beraz, “genero-arraila” bada familiaren diru-sarreretan.
Donostiak du familia-errentarik handiena, ondoren Gasteiz eta Bilbo
Donostiak du familia-errentarik handiena, 48.741 euro; Gasteizek 42.054 eta Bilbok 41.920.
Familia-errentarik handiena duen Euskal AEko udalerria Laukiz da, Bizkaian: 93.161 euro. Araban Arrazua-Ubarrundia, 70.355, eta Gipuzkoan Arama, 62.275. Beste muturrean, familia-errentarik txikienak: Araban Elvillar/Bilar (25.826 euro) Bizkaian Karrantza Harana/Valle de Carranza (28.030 euro), eta Gipuzkoan Pasaia (33.249 euro).
Familia-errentarik handiena eta txikiena duten udalerrien arteko tartea 67.335 euro baino gehiago da. Goiko muturrean Laukiz da, 22.806 euro gehiago hurrengoa baino; behekoan Elvillar/Bilar, ia 126 euro gutxiago aurrekoa baino.
Eskualde mailan badira aldeak Euskal AE osatzen duten 20en artean. 8tan familia-errenta Erkidegoaren batez bestekoaren gainetik da, nabarmentzen direlarik: Gorbeiako inguruak (51.482 euro, Araban), Plentzia-Mungia (49.421, Bizkaian), Urola-Kosta (44.960, Gipuzkoan). Gainerako 12 eskualdeen familia-errentak batez bestekoaren azpitik daude; nabarmentzen dira: Enkarterriak, Bizkaian, 35.443 euro; Arabako mendialdea, 35.196, eta Errioxa, 31.793.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Errenta Pertsonalari eta Familia Errentari buruzko prentsa ohar gehiago
Euskal AEko Errenta Pertsonalari eta Familia Errentari buruzko datu bankua