Prentsa-oharra, 2014/05/19
2012an, industria-jarduera jaitsi egin zen, oro har, Euskal AEko ia eskualde guztietan
Hogei eskualdeetatik hemeretzitan, bilakaera negatiboa izan du erauzketaren eta manufakturaren industrian baliatutako langileen kopuruak
Eustat erakundearen datuen arabera, Euskal AEko hogei eskualdeetatik hamazazpitan, bilakaera negatiboa izan du erauzketaren eta manufakturaren industrian baliatutako langileen kopuruak. Enkarterrik (+% 5,6), Goierrik (+% 1,6) eta Aiaraldeak (+% 0,2) bakarrik izan dute bilakaera positiboa 2011ko datuen aldean.
Euskadiko erauzketaren eta manufakturaren industriak, bere osotasunean, % 6,0ko jaitsiera izan du salmentetan. Lurraldeka, Bizkaia izan da bilakaera txarrena izan duena (% 7,7); jarraian, Arabak (% 7,0), eta, azkenik, Gipuzkoak (% 2,8).
Erauzketaren eta manufakturaren industriako salmenta garbien banaketa, eskualdeka. 2012. Milaka euro
Iturria: EUSTAT. Euskal AEko Industria Estatistika
Araban, eskualde batek soilik izan du hazkunde-tasa positiboa; Aiaraldeak, hain zuzen (% 0,2). Bestalde, Gorbeialdeko eta Arabako Mendialdeko salmenten beherakadak nabarmenak izan dira, % 16,7 eta % 16,3 jaitsi baitira, hurrenez hurren. Arabako Lautadako salmentak lurralde historikoaren % 64 dira, eta eskualde horretan % 8,5 jaitsi dira salmentak.
Bizkaian, % 7,7 jaitsi dira salmentak. Lurralde historiko horretan, eskualde bakar batek izan du hazkunde-tasa positiboa: Enkarterrik % 5,6ko hazkundea izan du. Nabarmentzekoa da Gernika-Bermeoko jaitsiera bortitza, 2011ko datuekin alderatuz, –% 34,5eko tasa izan baitu.
Gipuzkoan, batez besteko jaitsiera % 2,8koa izan da. Bidasoa Beherean jaitsi dira salmentak gehien (% 11,9); Goierri, berriz, aurreko urtearekin alderatuta, hazkundea izan duen eskualde bakarra da (% 1,6).
Baliatutako langileen kopuruak ere ez du oso bilakaera positiboa izan, hogei eskualdeetatik hemeretzik datu negatiboak baitituzte tasetan. Autonomia Erkidegoan, jaitsiera % 4,9 izan da batez beste, eta jokaera homogeneo samarra izan da lurraldeka: Bizkaiko jaitsiera izan da nabarmenena (–% 5,3), Arabaren (–% 4,9) eta Gipuzkoaren (–% 4,4) aldean.
Araban, Arabar Errioxan bakarrik hazi da enplegatuen kopurua (+% 1,0). Daukan garrantzi erlatiboagatik, nabarmentzekoa da Arabako Lautadako enpleguan izandako jaitsiera (–% 6,6), eskualde horretan sektore hauetako langileen % 61 biltzen baita.
Bizkaian, eskualde guztietan jaitsi da langileen kopurua. Lurralde horretan, Gernika-Bermeo eskualdeko bilakaera negatiboa gailentzen da, % 11,8ko jaitsierarekin. Tasa negatiboetan arinena izan duen eskualdea Enkarterria da (–% 0,6).
Gipuzkoako egoera Bizkaiak duenaren antzekoa da, enpleguaren bilakaera negatiboa izan baita eskualde guztietan. Bidasoa Behereako eskualdea izan da lanpostu gehien galdu dituena (% 7,2), eta Debagoiena lanpostu gutxien galdu dituena (% 1,5).
Metodologiaren inguruko oharra:
Sektoreak zehazteko, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN-2009) hartu dugu erreferentzia modura. Eskualdeen araberako desagregazioan, B (erauzketa-industria) eta C (manufaktura-industria) sekzioak bakarrik sartu ditugu.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo industria-estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko estatistika-estatistikari buruzko datu-bankua