Prentsa-oharra, 2014/04/30
Euskal industriaren negozio-zifra % 5,2 jaitsi zen 2012. urtean
Euskal manufaktura-industriaren salmenta guztien % 40,8 atzerrian egin zen; hau da, 2008an baino hamabi portzentajezko puntu gehiago
Euskal AEko industria-sektorearen negozio-zifraren zenbateko garbia 55.661 milioi eurora iritsi zen 2012an; hau da, % 5,2ko jaitsiera nominala, Eustaten datuen arabera.
Manufaktura-industria, Erauzketa-industria, Ur-hornidura eta saneamendua eta Energia elektrikoa, gasa eta lurruna sektoreak kanpo uzten dituena, 47.870,7 milioi euroko negozio-zifra izan zuen 2012an; hau da, 2011n baino % 6,1 gutxiago.
Salmenten helburuari dagokionez, atzerriko merkatuaren hazkundea azpimarratu behar da, eta barneko nahiz Espainiako merkatuek behera egin dutela, krisiaren aurreko egoerari erreparatuta. Hala, salmenta guztiak kontuan hartuta, euskal manufaktura-industriaren % 40,8 atzerriko salmentei dagokie, 2008an % 29 zegokien bitartean. Atzerriko salmenten % 24,5 Europar Batasunean saldu ziren eta % 16,3, berriz, gainerako herrialdeetan. Gainerakoan, salmenten % 30,8 Euskal AEn saldu ziren, 2008an baino zazpi puntu gutxiago. Espainian % 28,4koak izan ziren salmentak, lau urte lehenago % 33koak ziren bitartean.
Euskal industriako landunak 203.174 ziren 2012an; hau da, aurreko urtean baino % 4,8 gutxiago (10.231 enplegu galtzea). Langile-gastuak ere jaitsi egin ziren, % 2,9, hain juxtu. Egindako inbertsioak aldakuntza negatiboa izan zuen, % 9,5ekoa, hain zuzen.
Sektoreka, honakoak izan ziren industria-sektorean garrantzi handieneko adarrak 2012an: Metalurgia eta metalezko produktuak (% 25,4), Koketegiak eta petrolio-findegiak (% 12,2), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 11,9) eta Garraiorako materiala (% 10,3). Bestalde, Metalurgia eta metalezko produktuak, Makineria eta ekipoa, Kautxua eta plastikoak adarrek izan zituzten landun gehien 2012an, % 33,9, % 10,2 eta % 9,9, hurrenez hurren.
Sektorearen bilakaerari dagokionez, hiru adarren salmentak hazi dira: Erauzketa-industriak (% 6,3), Produktu informatikoak eta elektronikoak (% 2,3) eta Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 1). Kontrara, jaitsiera handieneko adarrak hauek izan ziren: Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta oinetakogintza (-% 14,8), Industria kimikoa (-% 14,3) eta Kautxua eta plastikoak (-% 11,1).
Enplegu-galerak sektore guztiei eragin die, baina nabarmenenak Kautxua eta plastikoak (-% 8,3) eta Egurra, papera eta arte grafikoak (-% 7,2) sektoreetan gertatu dira. Produktu informatikoak eta elektronikoak (% 2,5) eta Botikagintza (% 0,7) sektoreek baizik ez dituzte izan aldakuntza positiboak.
Lurraldeka, hiru lurraldeetan jaitsi da negozio-zifra. Jaitsiera handiena Bizkaian gertatu da, % 7koa izan denez. Arabakoa izan da bigarren jaitsierarik handiena, % 5,9koa, eta Gipuzkoan jaitsi da gutxien, % 2,1, hain zuzen. Enpleguak ere bilakaera negatiboa izan du hiru lurraldeetan. % 5,2 jaitsi da Bizkaian, % 4,7 Araban eta % 4,3 Gipuzkoan.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo industria-estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko estatistika-estatistikari buruzko datu-bankua