2014/06/26ko prentsa-oharra
Euskal Administrazioetako diru-sarrerak %2,2 eta gastuak %5,8 gutxitu ziren 2012an
Zor bizia 2012ko bukaeran %15,6 gehitu zen; guztira, 8.805 milioi.
Euskal Administrazioen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udal administrazioak, euren erakunde autonomoekin eta udalez gaindiko eta azpiko erakundeekin batera) diru-sarrera sendotuak %2,2 gutxitu ziren 2012an 2011ren aldean eta gastuak %5,8, Eustaten datuen arabera.
Eragiketa korronteengatiko diru-sarrerak %3,3 gutxitu ziren, alegia eskubide onartuak 2011n baino 476,7 milioi gutxiago izan ziren; kapital-eragiketengatiko eskubide onartuak 71,8 milioi euro gehitu ziren, %16,3. Guztira, ez-finantzetako eragiketengatiko diru-sarrerak %2,7 gutxitu ziren 2011ren aldean.
Finantza-eragiketengatiko diru-sarrerak %3,0 gehitu ziren; zehazki, finantza-pasiboak %6,7 gehitu ziren, 2011ko 1.390,0 milioietatik 2012ko 1.482,2etara.
Gastuen atalean, eragiketa korronteengatiko obligazio onartuak %5,9 gutxitu ziren 2012an. Pertsonal-gastuak -gastu guztien %20,5- %5,4 gutxitu ziren; transferentzia korronteak - gastu guztien %27,5- %11,7 gutxitu ziren 2011ren aldean. Finantza-gastuak %20,0 gehitu ziren; finantza-pasiboak %5,5. Bi atal hauen batuketa 2011ko gastu guztiaren %4,4tik 2012ko %5,14ra pasa da.
Ondorioz, eragiketa arrunten saldoak %47,4 egin du hobera, 2011ko 696,8 milioietatik 2012ko 1.027ra. Kapital eragiketak baturik, ez-finantzetako saldoa lortuko dugu; hobera egin du, baina negatiboan da oraindik ere, -1.136,9 milioitik -539,1era.
BEZ eskubide onartuak 2011ko zerga-atal guztien %34,7tik 2012ko %34,5era pasa ziren, %0,9 gutxiago. Behera egin zuten ere zerga hauen diru-sarrerek: PFEZ, %1,0; Sozietateen Zerga, %2,1; Zerga Bereziak, %2,6. Beste Zergetan, berriz, %25,1eko gehikuntza dugu; izan ere Ondarearekiko Zergaren diru-sarrerak 2011ko 3,7 milioietatik 2012ko 114,1era pasa dira.
Udal-zergak %0,5 gehitu ziren; zerga diru-sarrera guztien %5,5 izaten jarraitzen dute.
Euskal Administrazioetako zor bizia 8.804,9 milioi ziren 2012ko abenduaren 31n, 2011n baino %15,6 gehiago. Izan ere, egindako amortizazioak txikiagoak izan ziren pasibo berriak baino. Pasibo berriak %38,5 gehitu ziren; 2012an eginiko amortizazioak 2011koak baino %24,7 handiagoak izan ziren.
BPGrekiko zorra 2011ko %11,5etik 2012ko %13,6ra gehitu zen.
Euskal Administrazio Publikoetako erakunde kopurua 1.137 zen 2012an (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, tokiko erakundeak eta gehien bat haien mende dauden erakunde autonomo, erakunde eta sozietate publikoak, partzuergoak, fundazioak, irabazi asmorik gabeko erakundeak, unibertsitatea). Langile erregistratuak, 2012ko abenduaren 31n, 124.861 ziren, 2011n baino %0,2 gutxiago.
Emakume eta gizonen banaketa, aurreko urteetan bezalaxe: %60,7 emakumeak, %39,3 gizonak. %68,3 langile finkoak ziren.
Administrazio publikoetako langileei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ohar metodologikora jo:
http://es.eustat.eus/document/datos/Nota_met_personal_2011_e.pdf
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62
EUSKAL AEko SEKTORE PUBLIKOAREN AURREKONTUEN ESTATISTIKEI BURUZKO PRENTSA-OHAR GEHIAGO
EUSKAL AEko SEKTORE PUBLIKOAREN AURREKONTUEN ESTATISTIKEN GAINEKO DATU-BANKUA