Prentsa-oharra 2014/08/21
EAE-KO INDUSTRIA PREZIOEN INDIZEA (IPRI), 2013KO UZTAILA
EAEko industria-prezioek % 0,4 egin zuten behera 2014ko uztailean, aurreko hilabetearekin konparatuta
Iazko datuekin konparatuta (2013ko uztaila eta 2014ko uztaila), % 0,6 behera egin dute
2014ko uztailean, EAEko industria-prezioak % 0,4 beheititu dira, aurreko hilabetekoekin alderatzen baditugu. Horixe adierazten dute EUSTATeko datuek. Hala, uztaileko urtetik urterako tasa (azken hamabi hilabeteotako industria-prezioen aldakuntza jasotzen duena) % 0,6 murriztu da.
Sektorearen gainean azterketa xehatuagoa eginda, 2014ko uztailean Produktu farmazeutikoak eta Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria izan dira, aurreko hilabetearekin alderatuta, inflazio handiena izan dutenak (% 0,3 bakoitzean), eta Metalurgia eta metalezko produktuak ondoren % 0,2ko igoerarekin. Beherakada handienak, berriz, Energia elektrikoa, gasa eta lurruna zein Koketegiak eta petrolio-findegiak sektoreetan izan dira (% 1,5eko jaitsiera izan da bien prezioetan), eta Erauzteko industrien sektorean, % 1,3ko murrizketarekin.
Urtetik urterako aldian, 2013ko uztailetik 2014ko uztailera, adar hauetan izan dira prezio-igoera handienak: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 2,2) eta Zura, papera eta arte grafikoak (% 1,2). Kontrara, jaitsierarik handienak honako sektore hauei dagozkie: Erauzteko industriak (% 4,1), Koketegiak eta petrolio-findegiak (% 3,4) eta Material eta ekipo elektrikoa (% 1,9).
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraiki, uztailean, sektore-talde handietako prezioek behera egin dute Energiari dagokionez (% 1,7), baina ez dute aldaketarik izan (% 0,0) Bitarteko Ondasunei eta Ekipamenduko ondasunei dagokienez. Orokorki begiratuta, Kontsumo-ondasunek % 0,1eko igoera izan dute Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioek gorakada izan baitute (% 0,2). Kontsumo-ondasun iraunkorrenak, aldiz, beren horretan gelditu dira (% 0,0).
Urtetik urterako aldian, bestalde, bi ondasun-talde horien prezioa % 1,0 murriztu da Energian, eta % 0,7 Bitarteko ondasunetan eta Ekipamenduko ondasunetan. Kontsumo-ondasunen prezioek, oro har hartuta, ez dute aldaketarik izan, bestalde (% 0,0). Azken horien artean, Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak % 1,1 murriztu dira, eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrenak, % 0,4 igo.
Informazio gehiago lortzeko:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
EAEko industria-prezioen indizeari (IPRI) buruzko prentsa-ohar gehiago
EAEko industria-prezioen indizeei (IPRI) buruzko datu-basea