2015/05/26ko prentsa-oharra
Euskal AEko biztanleen batez besteko errenta ehuneko bi txikiagoa 2011 eta 2013 artean
Familien batez besteko errenta (40.179 euro) 2.000tan jaitsi zen 2011tik 2013ra
Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundiekin egindako Errenta Pertsonal eta Familiarraren Estatistika datuen arabera, 2013an, Euskal AEko 18 urte eta gehiagoko biztanleen batez besteko errenta pertsonala 19.286 euro izan zen, 2011n baino %2,2 gutxiago. Gipuzkoak izan zuen errenta pertsonalik altuena, 19.734 euro; Arabak, 19.359; Bizkaiak, 18.994. 2011tik Bizkaian %-1,0 dugu, jaitsierarik txikiena; Gipuzkoan %-3,2; Araban %-3,9.
Hiru lurralde historikoen hiriburuetako batez besteko errenta pertsonalak Euskal AEko batez bestekoaren gainetik daude. Lehenen Donostia dugu, 22.260 euro; Bilbon 19.647, Vitoria-Gasteizen 19.604.
Ia 1.6 milioi dira nolabaiteko errenta jasotzen duten 18 urteko eta gehiagoko biztanleak, %86,5. %13,5ek ez du inolako sarrerarik izan 2013an. Pertsonen %59,7ren errenta Euskal AEko batez bestekoaren azpitik da, errentarik gabekoak barne; %12,3k batez bestekoa halako bi jasotzen du, 38.570 euro pasatxo.
Errenten %61,4, lanetik
Euskal AEko egoiliarren 2013ko guztizko errenta pertsonalaren osaerari dagokionez, %61,4 lanetik, 11.836 euro batez beste. Gainerakoa: %25,8 gizarte-transferentzia edo prestazioetatik, batez beste 4.974 euro; %4,2 jarduera ekonomikoetatik, batez beste 812 euro; %8,6 kapital-errentetatik, higigarritik zein higiezinetik, batez beste 1.659 euro.
Datu hauek, 2011koen aldean, agirian jartzen dute transferentziak ehuneko 2,1 puntuz hazi direla; lan-errentak 1,3 gutxiago, kapital-errentak 0,6 gutxiago eta jarduera ekonomikoen errentak 0,2 gutxiago.
Emakumeen batez besteko errenta 10.000 euro txikiagoa gizonena baino
Errenta ez dago berdin banatuta gizon eta emakumeen artean. Euskal AEko gizonezkoek batez besteko 24.414 euroko guztizko errenta dute eta emakumezkoek 14.526koa, hau da, gizonezkoek emakumezkoek baino 9.888 euro gehiago.
Gizonezkoen eta emakumezkoen errenta pertsonalen arteko alde nabarmenenak 60 eta 64 urte artean; gizonena, batez beste, 17.892 euro gehiago.
18 urteko eta gehiagoko biztanleen errenta pertsonalik altuena 55 eta 59 urte bitartean, batez beste 25.897 euro. Emakumezkoen kasuan batez besteko errentarik handiena 50 eta 54 urte artean (batez besteko 19.116 euro); gizonezkoenean 55 eta 59 urte artean eta nabarmen handiagoa (33.311).
Euskal AEko batez besteko familia-errenta 40.179 euro 2013an
Familien batez besteko errenta, 40.179 euro 2013an; familien erdiek 32.416tik behera. Familia-errenta, guztira, 18 urte baino gehiagoko pertsonen errentak baturik lortzen da. Gipuzkoak, pertsonen kasuan bezalaxe, izan zuen familia-errenta altuena, 40.823 euro; Bizkaiak 40.242; Arabak 38.589. Euskal AEko familien batez besteko diru-sarrerak batez besteko errenta pertsonala 2,1 aldiz dira.
Euskal AEko familien batez besteko errenta %4,8 jaitsi da 2011tik 2013ra. Araban gehien, %-7,5; Gipuzkoan %-6,3, Bizkaian %-3,0. Txikiagoak dira bai errenta pertsonalak batetik, eta bestetik senide gutxiago, beraz errenta-jasotzaile gutxiago.
Familien %62k Euskal AEko batez bestekoaren azpiko errentaren bat dute, edo errentarik ez; errentarik gabeko familiak %2,5 ziren 2013an. Erabat bestaldean, ia %9k, 77.553 familiak, batez bestekoa halako bi pasa jasotzen dute, 80.300 euro baino gehiago.
“Genero-arraila” bada familiaren diru-sarreretan. Jasotzaile nagusia gizona bada familien batez bestekoa 44.384 euro, eta erdibideko eta goiko geruzetan ibiltzen dira gehien bat; emakumea bada, 33.430 eta errenta-geruza baxuenetan. Emakume bat buru duten familiek 1,8 kide izaten dituzte batez beste; gizon bat bada, 2,2, aintzat hartzeko moduko ñabardura.
Donostiak familia-errentarik handiena hiriburuetan
Donostiak familia-errentarik handiena, 45.987 euro; Bilbok 40.806, Gasteizek 38.617.
Laukiz (69.647€), Garai (68.381€) eta Barrika (65.098€), Bizkaikoak hirurak, aurre-aurrean udalerri guztien artean; Lanciego/Lantziego (23.571€), Elvillar/ Bilar (24.367€) eta Villabuena de Álava/Eskuernaga (24.679€), Arabakoak, azken-azkenean.
Eskualde mailan badira aldeak Euskal AE osatzen duten 20en artean. 8 Erkidegoko batez bestekoaren gainetik, Gorbeia inguruak, Araban (48.299 euro); Plentzia-Mungia, Bizkaian (47.849), Goierri Gipuzkoan (42.164) nabarmen. Gainerako 12 eskualdeen familia-errentak batez bestekoaren azpitik daude; nabarmentzen dira: Bidasoa-beherea, Gipuzkoan, 37.185 euro; Enkarterriak, Bizkaian, 34.541 ; Arabako Errioxa, 30.314.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Pertsonen eta familien errentaren estatistikari buruzko prentsa ohar gehiago
Euskal AEko Pertsonen eta familien errentaren estatistikari buruzko datu bankua