2015/06/05 prentsa-oharra
Heriotzek % 1,3 egin zuten gora 2014ko laugarren hiruhilekoan
2014an, guztira, % 2,3 goratu zen heriotzen kopurua
2014ko laugarren hiruhilekoan, 5.017 izan zen EAEko heriotzen kopurua; hau da, 2013ko laugarren hiruhilekoan baino % 1,3 gehiago, Eustaten datuen arabera. Lurraldeka, 619 heriotza egon ziren Araban; Bizkaian, 2.763; eta Gipuzkoan, 1.635.
2014 urte osoko behin-behineko datuen arabera, 19.565 heriotza egon ziren iaz; horietatik, 9.879 gizonezkoak izan ziren eta 9.686 emakumezkoak. 2013 urtearen aldean, % 2,3 hazi zen heriotzen kopurua.
2014an, ehun urteko edo gehiagoko 245 pertsona hil ziren (214 emakume eta 31 gizon)
Iazko heriotzei gagozkiola, urtebete baino gutxiagoko haurrak 38 izan ziren: 21 neska eta 17 mutil, hain zuzen. Ehun urterekin edo gehiagorekin hildako 245 pertsonei dagokienez, 214 emakumezkoak ziren eta 31 gizonezkoak. Nabarmena da bizitza-luzerak izandako gorakada, batez ere, emakumeen artean. Hala, 2014an, ehun urteko edo gehiagoko 35 pertsona gehiago hil ziren, aurreko urtearen aldean eta 34 gehiago, adin horietako emakumeen artean.
Tumoreak izan ziren heriotza kausa nagusia 2014an
2014ean izandako heriotzen % 31,6 (6.174 heriotza), tumoreen eraginez gertatu ziren. Jarraian, zirkulazio-sistemaren gaixotasunek eragindako heriotzak datoz, hain zuzen, guztizkoaren % 26,2 (5.119 heriotza) eta, hirugarren, apur bat urrutiago, arnasketa-gaixotasunek eragindakoak % 9,2 (1.793).
Sexuaren arabera banatuta, heriotza kausa desberdinak ikusten dira bi sexuen artean 2014an; izan ere, gizonen artean, tumoreek ia 14 portzentaje-puntutan gainditu zituzten zirkulazio-sistemaren gaixotasunak; emakumeen artean, aldiz, gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren kausa ohikoena, eta, jarraian, tumoreak.
Hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen Bizkaian eta Gipuzkoan, eta positiboa Araban
2014ko behin-behineko datuei jarraiki, EAEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen, jaiotzak baino 277 heriotza gehiago egon zirenez. Lurraldeka, Bizkaiak saldo negatiboa izan zuen; horrenbestez, 1.126 biztanle gutxiago ditu orain; Gipuzkoak 33 pertsona besterik ez zituen galdu, eta soilik Araban egon zen saldo positiboa (882 biztanle gehiago).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo heriotzen estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko heriotzen estatistikari buruzko datu-bankua