2015/06/22ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PREZIOEN INDIZEA. 2015eko MAIATZA
EAEko industria-prezioek % 0,2 egin zuten behera 2015eko maiatzean, aurreko hilabetearen aldean
Iazko datuen aldean (2015eko maiatza, 2014ko maiatzarekiko), % 1,7 egin dute behera
2015eko maiatzean, EAEko industria-prezioak % 0,2 beheititu dira, aurreko hilabetekoekin alderatzen baditugu. Horixe adierazten dute EUSTATeko datuek. Hala, maiatzeko urtetik urterako tasa (azken hamabi hilabeteotako industria-prezioen aldakuntza jasotzen duena) % 1,7 jaitsi da.
Sektorekako xehetasunak aztertuta, argi dago 2015eko maiatzeko jarduera-adar inflazionistenak, aurreko hilabetearekin konparatuta, Koke-lantegiak eta petrolioa fintzea eta Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa izan direla, batean zein bestean prezioak % 2,4 eta % 1,0 igo baitira, hurrenez hurren. Aitzitik, jaitsiera handiena Energia elektrikoa, gasa eta lurruna sektorean izan da, % 3,8ko beherakadarekin, bai eta Zuraren, paperaren eta arte grafikoen industria sektorean ere, % 0,7 jaitsi baita.
2014ko maiatzetik 2015eko maiatzera bitarteko aldian, prezioen hazkunderik handienak alor hauetan gertatu dira: Farmazia produktuen fabrikazioa (% 1,8), eta Garraio-materiala egitea (% 1,0). Alderantziz, honako sektore hauetan gertatu dira prezioen jaitsiera handienak: Koke-lantegiak eta petrolioa fintzea (% 14,0), Industria kimikoa eta Altzariak eta beste manufaktura-industria batzuk, konponketa eta instalazioa, azken bi kasuetan % 2,0ko jaitsierarekin.
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraiki, maiatzean, sektore-talde handietako prezioen bilakaera positiboa izan da Bitarteko Ondasunetan, aurreko hilabetearekin alderatuta, prezioan % 0,3 igo baitira. Ekipamendu-ondasunak sektorean ez da aldakuntzarik gertatu (% 0,0), Kontsumo-ondasunak, oro har % 0,2 jaitsi dira, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren kasuan izan den % 0,2ko beherakadaren ondorioz; aldiz, Kontsumo-ondasun iraunkorren sektorean ere ez da aldakuntzarik izan (% 0,0). Azkenik, Energiaren prezioak % 0,9 jaitsi dira.
Urtetik urterako aldian, ondasun-talde handi horietako prezioen aldakuntzak askotariko joera izan du. Ekipamendu-ondasunek % 0,2 egin dute gora, eta Bitarteko Ondasunek % 0,1, baina Energia % 8,4 jaitsi da eta Kontsumo-ondasunak, oro har, % 0,8. Azken horien artean, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak % 1,0 murriztu dira, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrenak % 0,3.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Industria-prezioen indizeari (IPRI) buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Industria-prezioen indizearen (IPRI) gaineko datu-bankua