2015/06/18 prentsa-oharra

BERRIKUNTZAKO ADIERAZLEEN PANELA (IUS). 2015

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AE berrikuntza altuko herrialdeen mailan dago, Europako 2015eko IUS berrikuntza-adierazleen arabera

Adierazlearen balioa hobetu egin da zertxobait, 2014koarekiko

Europako 2015eko Berrikuntza Adierazleen Panela (ingelesez, Innovation Union Scoreboard edo IUS) 0,504 baliora iritsi da Euskal AEn, Eustat erakundeak emandako datuen arabera. Hori horrela, berrikuntza altuko herrialdeen mailan kokatzen da Euskal AE.

IUS delakoa adierazleen panel bat da, etengabe berrikusten dena; batetik, berau osatzen duten adierazleak aldatzen joaten direlako, eta, bestetik, urtero-urtero herrialdeen daturik eguneratuenak eransten zaizkiolako. Horrenbestez, datu guztiak birkalkulatu behar izaten dira. Aurten, gainera, herrialde bat batu zaio Europar Batasunari: Kroazia.

Euskadiren adierazlearen balioa handitu egin da zertxobait iazkoarekiko, 0,501 baitzen 2014an, eta 0,504 baita 2015ean. EB-28ari dagokionez, Euskadik bost ehunen aldea izaten jarraitzen du; Espainiarekiko diferentzia, berriz, handitu egin da, 9 ehunen izatetik 12 izatera igaro baita 2015ean.

1. grafikoa. Europako 2015eko IUS Berrikuntza Adierazleen Panela. Euskal AE eta EB-28

graf0012617_01_e.png

Iturria: Eustat -Berrikuntzako adierazleen panela (IUS)- eta Europar batzordea

Oharra: Grisez ageri diren zutabeetan, iazko balioak ageri dira, IUS 2015en arabera kalkulatuta.

Europako IUS Berrikuntza Adierazleen Panelaren helburua bertako herrialdeetako ekonomiek berrikuntza-jarduerak zenbateraino bultzatzen eta garatzen dituzten neurtzea da. EB-28 osatzen duten herrialdeak lau multzotan sailkatzen dira, neurketa horretan lortutako puntuazioaren eta Europako batez bestekoarekiko duten aldearen arabera. Lehen multzoan, berrikuntzan lider diren herrialdeak daude; hots, batez bestekoarekiko % 120tik gorako puntuazioa lortzen dutenak: Suedia (0,74), Danimarka (0,74), Finlandia (0,68) eta Alemania (0,68). Europan, abangoardian dagoen herrialdea Suitza da (0,81).

Bigarren multzoan, berrikuntza altuko herrialdeak daude; hau da, Europako batez bestekoarekiko % 90-120 arteko puntuazioa dutenak: Herbehereak, Luxenburgo, Erresuma Batua, Irlanda, Belgika, Frantzia, Austria eta Eslovenia, 0,65 eta 0,53 arteko puntuazioarekin. Talde horretan dago EAE, orotara 0,50 puntu eskuratu baititu, eta EB-28ko batez bestekoarekiko % 90,8an baitago.

Hirugarren, berrikuntza neurritsua duten herrialdeak daude (batez bestekoaren % 50-90 artean): Estonia, Txekia, Zipre, Italia, Portugal, Malta, Espainia eta beste sei herrialde, 0,49-0,28 puntu artean lortuta. Azkenik, laugarren taldean, berrikuntza baxuko herrialdeak daude (batez bestekoaren % 50etik behera): Letonia, Bulgaria eta Errumania, 0,27-0,20 punturekin.

Europako 2015eko IUS Berrikuntza Adierazleen Panela hiru bloke nagusitan eta zortzi dimentsiotan oinarritzen da, guztira 25 adierazle sortzeko.

1. taula. Europako 2015eko IUS Berrikuntza Adierazleen Panela. 3 bloke eta 8 dimentsio. Adierazle konposatuak
Iturria: Eustat -Berrikuntzako adierazleen panela (IUS)- eta Europar batzordea

Euskal AE dimentsio horietako bitan nabarmentzen da Europako batez bestekoari dagokionez: Giza baliabideak, eta Lotura eta enpresa-ekimena.

Giza baliabideen dimentsioak prestakuntza handiko pertsonen xedagarritasuna balioesten du, berrikuntzari dagokionez oinarrizko datua baita hori. Dimentsio horretan, hiru dimentsioetatik bi nabarmentzen dira, Europako batez bestekoarekiko: «Hirugarren mailako hezkuntza daukaten 30-34 urte bitarteko herritarrak» % 44,2 dira, Europako batez bestekoa % 36,9 izanik; bestalde, «Gutxienez goi-mailako bigarren hezkuntza gaindituta daukaten 20-24 urte bitarteko gazteak» % 85,6 dira Euskadin, eta % 81,0 EB-28n. Dimentsio horretan, baina, Europako batez bestekotik behera gelditzen dira «25-34 urte bitarteko gradudun doktore berriak», halakoak milako 1,53 baitira Euskadin, eta milako 1,80 EB-28n.

Loturen eta enpresa-ekimenen dimentsioak hauxe hartzen du kontuan: enpresek berrikuntzaren arloan egiten dituzten ahaleginak, eta beste enpresa edo erakunde batzuekin izaten duten lankidetza. Euskal AEren kasuan, ondoko adierazle hauek nabarmentzen dira: «Barne-berrikuntza daukaten ETEak», Euskadin % 32,1 baita ehunekoa, eta EB-28n % 28,7, eta, bestetik, «Berrikuntzaren arloan lankidetzan aritzen diren ETE berritzaileak», halakoak % 14,6 baitira Euskadin, eta % 10,3 Europar Batasunean.

2. grafikoa. Berrikuntzaren dimentsioak Euskal AEn eta EB-28n. Europako 2015eko Berrikuntza Adierazleen Panela (IUS)
Iturria: Eustat -Berrikuntzako adierazleen panela (IUS)- eta Europar batzordea

Beste hiru dimentsioetan (Ikerketa-sistema, Enpresa-inbertsioa eta Ondorio ekonomikoak), antzeko zifrak lortzen ditu Euskadik; zertxobait apalagoak, hala ere.

Ikerketa-sistemaren dimentsioak sare zientifikoaren nazioarteko lehiakortasuna neurtzen du; bertako irekiera-, bikaintasun- eta erakargarritasun-mailari dagokionez, nabarmentzekoa da Euskadin 867 izan direla «Nazioarteko koargitalpen zientifikoak, milioi biztanleko», eta 262 izan direla batez beste Europan, eta, halaber, «Nazioarteko gehien aipatutako argitalpen zientifikoak» % 11,3 izan direla Euskadin, eta % 11,0 EB-28n. Aitzitik, zifra txikiagoak dauzka «EBtik kanpoko doktoreak, herrialdean orotara dauden doktoreean artean» adierazleak, % 13,8 izan baitira Euskal AEn, eta % 25,5 EB-28n.

Enpresa-inbertsioen dimentsioan, enpresek I+Gn eta berrikuntzan egindako gastuak neurtzen dira. Dimentsio horretan, «Gastu pribatua I+Gn, BPGren portzentaje gisa» datua gailentzen da: % 1,50 Euskadin eta % 1,29 Europako batez bestekoan. Hala ere, «Berrikuntzan egindako gastua; ez I+Gn» adierazlean, % 0,41ean gelditu da EAE negozio-zifraren ehunekoan, eta ehuneko hori % 0,69 izan da EB-28n.

Bestalde, Ondorio ekonomikoen dimentsioak enpleguan, esportazioetan eta salmentetan izandako arrakasta ekonomikoa islatzen du. Dimentsio horretan, emaitza hobea lortu du Euskadik Europako batez besteak baino «Enpresarako eta merkaturako produktu berrien salmenta» arloan. Dimentsio horretako gainerako adierazleetan, berriz, zifra baxuagoak izan ditu Euskadik; honako hauetan, alegia: «Ezagutza trinkoko jardueretan enplegua», «Teknologia ertain eta altuko produktuen esportazioak», «Ezagutza-maila handiko zerbitzuen esportazioak» eta «Lizentziek eta patenteek atzerrian eragindako diru-sarrerak».

Gainerako hiru dimentsioetan (Finantzaketa eta laguntza, Aktibo intelektualak eta Berritzaileak), Euskadik lortutako puntuazioa Europako batez bestekoa baino askoz ere baxuagoa izan da. Nolanahi ere, azpimarratzekoa da «Produktuan edo prozesuan berritzaileak diren ETEak» adierazlea, bertan Euskal AEk lortu baitu emaitzarik onena. Gainerakoetan, Europako batez bestekotik asko urruntzen diren balioak lortu ditu Euskal AEk; honako hauetan, zehazki: «Gastu publikoa I+Gn», «Arrisku-kapitalaren xedagarritasuna», «PCT patenteen eskabideak», «EBko marka komertzialak», «EBko diseinuak» eta «Marketinean eta antolakuntzan berritzaileak diren ETEak».

Innovation Union Scoreboard, IUS 2015

http://ec.europa.eu/growth/industry/innovation/facts-figures/scoreboards/index_en.htm

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62 Berrikuntzako adierazleen panela (IUS). Prentsa-ohar gehiago

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AE berrikuntza altuko herrialdeen mailan dago, Europako 2015eko IUS berrikuntza-adierazleen arabera

Eragiketa : 
Europako berrikuntzako adierazleen panela-EIS
Eragiketa kodea : 
223203
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2015/06/18
Hurrengo eguneratzea : 
2025/10/00
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0012617_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Datu Bankua

Mikrodatuak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali