2015/10/26ko prentsa-oharra
Informazioaren gizartearen inkesta. Familiak 2015
Euskal AEn, 2015ean, 15 urte eta gehiagoko hamar pertsonatatik zazpik Internet erabiltzen du
Hirutik batek erosi egiten du sarean
Eustaten datuen arabera, Euskal AEn 1.321.400 Internet erabiltzaile genituen 2015eko lehen hiruhilekoan, 15 urte edo gehiagokoak; adin tarte horretako pertsonen %71,7. Aurreko urteko aldi berean baino ehuneko 3,8 puntu gehiago.
Araban gehitu da gehien (ehuneko 4,6 puntu) erabiltzaileen portzentajea; aurrena dirau Euskal AEn, Internet erabiltzaileak %73,6 baitira. Gipuzkoan %71,9, ehuneko +4,2 puntu aurreko urtearen aldean. Bizkaian %71,1, +3,4.
Gasteiz -15 urte eta gehiagoko pertsonen %74,4- dugu aurrena internauten kopuruan; Donostian %71,5; Bilbon %70,5.
Eskualdeetan aurrenak, Bizkaian Plentzia-Mungia (%76), Bidasoa-beherea (%75) Gipuzkoan, Gorbeiako Inguruak (%74,7) Araban.
Erabiltzailerik gutxien : Debabarrena (%69,3) Gipuzkoan; Enkarterriak (%67,3) Bizkaian; Arabako mendialdea (%63,5).
Euskal gazteen (15-24 urte bitartekoen) %99,1ek Interneten jarduten du. Nabarmentzekoa da 55-64 urte bitartekoen erabiltzaile-gehikuntza, ehuneko 9,2 puntu; 65 urte eta gehiagokoen artean 4,5 puntu.
Handitu egin da zertxobait generoen arteko aldea Internet erabiltzaileen artean
Generoen arteko aldea ehuneko 7,6 puntu ziren 2014an; 2015eko lehen hiruhilekoan 8,3ra handitu da. 15 urte eta gehiagoko gizonen %76 Internet erabiltzaile dira eta emakumezkoen %67,7. Aurtengo Internet erabiltzaile guztien artean, %51,2 gizonak dira eta %48,8 emakumeak.
Jardueraren arabera, ikasleen arteko %98,7k erabiltzen du Internet; pertsona okupatuen artean, %91,8k; ez-aktiboen eta langabetuen artean %42,5ek. 2014.aren aldean hazkunderik handiena (ehuneko 3,6 puntu) azken taldean.
Interneten aritzeko toki nagusia (%96,3) geure etxea da oraindik ere. Internetera ikastetxetik sartzeak behera egin du (-0,1 puntu). Lantokitik eginiko sarrerak 5,8 puntuz gehitu dira 2014ko lehen hiruhilekoaren aldean, kasu guztietan.
Sarearen bidez produktu edo zerbitzuren bat erosten dutenen portzentajea gehitu egin da
Internet bidezko erosle kopuruak ehuneko 8,2 puntuko gehikuntza izan du 2015ean aurreko urtearen aldean. 2014ko lehen hiruhilekoan Internet erabiltzaileen %41,7k erosi zuen sarean; %49,9k 2015ean. Alegia, 15 urte eta gehiagokoen %35ek erosi du zerbait.
IKT hornikuntzen presentziak gorantz jarraitzen du euskal familia-etxeetan
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien ekipamenduek hedatuz jarraitzen dute gure familia-etxeetan. 2015eko lehen hiruhilekoan, Euskal AEko familia-etxeen %70,6k ordenagailua zuten; 15 urte eta gehiagoko pertsonen %78,5ek.
Internet dute etxean ia 607.000 familiak, %70,2k. 2014an baino 37.000 (3,8 puntu) familia gehiago. 15 urte eta gehiagoko internautak 59.600 gehiago (+3,5 puntu) dira 2014ko lehen hiruhilekotik, %78.
Familia-etxeetako %93,4tan sakelako telefonoren bat dago. 15 urteko eta gehiagokoen %95,9k badu sakelakoa.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Informazioaren gizarteari buruzko inkesta familiei- prentsa ohar gehiago
Euskal AEko Informazioaren gizarteari buruzko inkesta familiei- datu bankua