Prentsa-oharra, 2015/12/30
KANPO-MERKATARITZAREN UNITATE BALIOAREN INDIZEAK-BUI III/2015
Esportazioen prezioak % 2,1 gutxitu ziren 2015eko lehen hiruhilekoan
Inportazioen prezioak, berriz, % 14,3 jaitsi ziren
Eustatek prestatutako datuen arabera, EAEko esportazioen prezioak % 2,1 gutxitu ziren 2015eko lehen hiruhilekoan. Aurreko hiruhilekoaren aldean % 1,4ko atzerakada egon da.
Inportazioetan, urtetik urterako aldakuntza negatiboa agertu dute prezioek, % 14,3 jaitsita: –% 5,5eko bariazioa, 2015eko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz gero.
Esportazioei dagokienez, energiaren arlokoek baldintzatu dute prezio-aldaketaren bilakaera, urtetik urtera % 22,2 jaitsita. Energiaren alorrekoak ez diren esportazioen prezioak, aldiz, joera positiboa izan dute: % 1,5 hazi dira.
Inportazioen kasuan joera hori errepikatu da, modu are nabarmenagoan. Produktu energetikoen inportazio-prezioen indizea % 37,9 jaitsi zen urtetik urterako tasan; ez energetikoena, ordea, % 1,6 igo.
Ondasunen helburu ekonomikoen sailkapenari jarraikiz, esportazioak urtetik urtera aztertuta % 4,1eko jaitsiera ikus daiteke bitarteko ondasunetan, % 1,3ko igoera kontsumo-ondasunetan eta % 4,1ekoa kapital-ondasunetan.
Inportazioei gagozkiela, prezio-indizeak igo egin dira kapital-ondasunetan (% 11,4) eta kontsumo-ondasunetan (% 2,2); jaitsi, ordea, bitarteko-ondasunen kasuan (% 17,1).
Esportazioak bideratzen diren eremu geografikoari erreparatzen badiogu, ikus daiteke prezioek behera egin dutela Eurogunean (–% 7,0), EB-28an (–% 5,3) eta OCDEan (-% 2,5), eta erlatiboki egonkor mantendu direla gainerakoan (% 0,2). 2015eko bigarren hiruhilekoaren aldean, jaitsi egin dira prezioak, batez ere Eurogunean (–% 3,9); baina gora egin dute munduko gainerako eremuetan (% 1,3).
Inportazioei dagokienez, urtetik urtera eremu geografiko guztietan jaitsi dira prezioak: horien artean, nabarmentzekoa da munduko gainerako eremuetan izandako jaitsiera (–% 22,3). Aurreko hiruhilekoaren aldean, Eurogunean besterik ez dira igo prezioak (% 1,3).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: prentsazerbitzua@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko kanpo-merkataritzaren unitate balioaren indizeak-UBI. Prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko kanpo-merkataritzaren unitate balioaren indizeak-UBI. Datu - bankua