2016/10/19ko prentsa-oharra
Euskal AEn 2014an sortutako balio erantsiaren % 9,5 eta langile okupatuen % 8,6 bildu zuen goi-teknologiaren sektoreak
Sektore honetan daude enpresa-sektorean I+G egiten duten enpresen % 43,9 eta arlo horretako langile okupatuen % 66,7
Goi eta goi-ertain teknologiaren sektorean oinarri teknologiko sendoa duten eta ezagutza azkar berritzen duten jarduerak ditugu; 2014an Euskal AEn 84.419 lanpostu zeuden sektore honetan, Euskadiko ekonomiako lanpostu guztien % 8,6, Eustaten datuen arabera. Gainera, balio erantsi osoaren % 9,5 sortu zuen, 5.746,4 milioi, alegia, eta sektorearen negozio-zifra 16.974,6 milioi eurokoa izan zen.
Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, behera egin du sektoreak ekonomia osoan duen zamak enpleguaren terminoetan (2013an % 8,9koa zen), nahiz eta gora egin duen enpresa-kopuruak (27 gehiago). Horrek agerian uzten du behera egin duela sektore honetako enpresen batez besteko tamainak, eta 17, 8 pertsonakoa zen 2014an. Negozio-zifrari dagokionez, 2014an % 1,2 egin zuen behera aurreko urtearekin alderatuta.
Goi-teknologiaren sektorean, enpresen % 15ek egiten ditu I+G jarduerak, eta sektoreen guztirakoaren % 1,1ek. Bestalde, sektore hau enpresa guztien % 3,1 baino ez da eta, halere, I+G egiten dutenen % 43,9 biltzen ditu eta enpresa-sektorearen I+G-ko barne-gastuaren % 69,3 –670,7 milioi– egikaritzen du. Gainera, lau hamarren egin du gora 2014ari dagokionez gastu osoan duen zamak.
Sektorean 2014an 8.986 langile aritu ziren I+G-n, dedikazio osoko baliokidetzan (horietatik 2.753 emakumeak ziren), enpresa-sektorean I+G-n aritzen direnen % 66,7, edo sektore guztiak kontuan hartuta % 48,5. Enplegua apur bat gehiago zehaztuz, dedikazio osoko baliokidetzan 5.472 ikertzaile aritu ziren, eta horietatik 1.661 emakumeak ziren.
Berrikuntzaren arloan, I+G-n gertatzen de bezala, alde nabarmenak daude sektoreen guztirakoaren eta goi-teknologiako sektorearen artean. Eta 2014an goi-teknologiako establezimenduen % 30,6 izan ziren berritzaileak, eta sektoreen guztirakoan, aldiz, % 12,2. Enpresaren tamaina kontuan hartuta, 10 langile edo gehiago zituzten enpresetan % 54,3koa izan zen ehunekoa, eta sektoreen guztirakoan % 27,5ekoa.
Berrikuntza-jardueretan egindako gastuari dagokionez, goi-teknologiako establezimenduek 1.209,3 milioi euro gastatu zituzten, gastu osoaren % 48,9. Gastu horretatik 1.081.6 milioi 10 langile edo gehiago dituzten establezimenduek gastatu zituzten, tamaina horretako enpresek gastatutako guztiaren %52,3, alegia.
Berrikuntzaren intentsitatearen eta barneko I+G-ren ratioak, hau da, sektore honek berrikuntzaren eta I+G-ren arloan, negozio-zifrari dagokionez, gastura bideratzen dituen zifrak aztertzean, begi bistakoa da goi-teknologiako sektoreak gainerako sektoreek baino baliabide gehiago bideratu zituela I+G+b-ra. Zehazki, berrikuntzaren intentsitatea 6,37koa da sektore honetan, eta 1,59koa ekonomiako gainerako sektoreetan. Barneko I+G-ri dagokionez, ratioa 4,02koa da goi-teknologiaren kasuan eta 0,83koa guztirakoaren kasuan.
IKT teknologien erabilera oso zabalduta dago sektore honetako enpresetan, baina merkataritza elektronikoak, sektoreen guztirakoan gehiago garatuta badago ere, oraindik ez du ezarpen handirik, batez ere salmenten aldetik. Bide hori erabiliz goi-teknologiako sektorean erosketak egin zituzten establezimenduak % 41,7 ziren eta salmentak egin zituztenak % 10,0; sektoreen guztirakoan, aldiz, % 23,1 eta % 6,0, hurrenez hurren.
Bestalde, goi-teknologiako sektore honek ondasunen kanpo-merkataritzan duen eragina ez da esanguratsua. Esportazioak 843,6 milioi euro izan ziren, esportazioen guztirakoa 22.512,6 milioi izanik (% 3,7, beraz); inportazioak 582,2 milioi izan ziren, inportazioen guztirakoa 17.135,6 milioi izanik (% 3,4, beraz).
Truke horietan ohikoak diren produktuen artean, esportazioetan nabarmentzen dira makinaria eta ekipo mekanikoa (% 47,4), material elektronikoa eta ekipoak (% 13,9) eta eraikuntza aeronautikoa eta espaziala (% 13,0); eta inportazioetan, material elektronikoa eta ekipoak (% 29,6), eraikuntza aeronautikoa eta espaziala (%18,5), tresna zientifikoak (% 14,1) eta makinaria eta ekipo mekanikoak (% 13,4).
Azkenik, Euskal AEko eta Estatu osoko goi-teknologiaren sektoreko datuak alderatzen badira, hainbat diferentzia ikusten dira aztertutako adierazleetan. Enpresa berritzaileen ehunekoa, berrikuntzaren intentsitatea, I+G-n aritzen diren langileen ehunekoa eta I+G-n egiten den gastua handiagoak dira Euskadiko sektore honetan, eta IKT teknologien erabileran, aldiz, ehunekoak oso antzekoak dira.
Metodologiari buruzko oharra:
Goi-teknologiako sektoreak, haien konplexutasunagatik, ikerkuntza-ahalegin etengabea eta oinarri teknologiko sendoa behar dituztenak dira. Web Eustat. Metodologia fitxa: goi-teknologiako adierazleen panela estekan daude sektoreko jarduerak, 2009 EJSN-ren arabera.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62
Goi teknologiako adierazleen panelari buruzko prentsa-ohar gehiago