2016/11/17ko prentsa-oharra
Euskal AEn heriotzak %6,7 gehitu ziren 2015ean
Jaiotzak, 2.658 gutxiago heriotzak baino.
2015ean 21.509 pertsona hil ziren Euskal AEn, 2014an baino %6,7 gehiago, Eustaten datuen arabera. 10.764 gizon eta 10.745 emakume hil ziren. Heriotzarik gehien (2.288) urtarrilean; gutxien (1.560) irailean.
2015ean 100 urtetik gora hildako 344 pertsonen artean, %81,7 emakumeak. Ehun urtetik gora hildakoen kopuruak gora egin du azken urteotan; goia, 2015ean.
Hildako emakumeen batez besteko adina, 83,2 urte; gizonena 76,6
2015ean zehar hildakoen batez besteko adina, 79,9 urte; 2005ean, 76,8; 3,1eko gehikuntza azken hamarraldian.
Hiltzean, gizonen batez besteko adina 76,6 urte; emakumeena 83,2. 2005ean, 73 eta 81,1. Azken 10 urteetan gizonen bizitza 3,6 urtez luzatu da batez beste, eta emakumeena 2,1ez.
Jaiotzak, 2.658 gutxiago heriotzak baino. Saldo negatiboak Bizkaian eta Gipuzkoan, 2.479 eta 571 biztanle gutxiago; Araban 392 gehiago.
Urtebetetik beherako 51 haur hil ziren Euskal AEn. Bizitzako lehen 28 egunetan 32 haur hil ziren; 7 lehen 24 orduetan; 11 lehen astean. Urtebetetik beherakoen artean, neskatoak %51.
Heriotzen %56,6 tumoreek eta zirkulazio aparatuko gaixotasunek eraginda
Tumoreek heriotzen %29,7 (6.379) eragin zituzten 2015ean; zirkulazio-aparatuko gaixotasunek %26,9 (5.788), eta hirugarren, urrunago bada ere, arnas aparatuko gaixotasunek %9,9 (2.119). Gaixotasun garrantzitsuenen hiru talde hauen prebalentzia aldatuz joan da azken hamarraldian: tumoreek eragindakoak %16,8 gehitu; kardiobaskularrek %1,7 gutxitu eta arnasbideetakoek %4,3.
Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren.
Halaber, adinaren arabera bada alderik. Urtebetetik beherakoen artean, heriotzarik gehien jaiotza-inguruko gaixotasunek eta malformazio kongenitoek eragin zituzten; 40 urte arte, heriotza-kausa nagusiak kanpokoak izan ziren, tartean istripuak eta buru-hiltzeak; 40 urtetik 80 urtera, tumoreak, eta 80 urtetik aurrera, zirkulazio-aparatuko gaixotasunak.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo heriotzen estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko heriotzen estatistikari buruzko datu-bankua