2017/05/31ko prentsa-oharra
Euskal AEn Internet erabiltzaileak lautik hiru dira 2017an
55 urte eta gehiagoko pertsonen artean gorakadarik handiena
Eustaten datuen arabera, Euskal AEn 1.389.900 Internet erabiltzaile genituen 2017ko lehen hiruhilekoan, 15 urte edo gehiagokoak; adin tarte horretakoen %75,1. Aurreko urteko aldi berean, ehuneko puntu bat gehiago.
15-44 urte bitartekoen %95 pasak Interneten jarduten du. Nabarmentzekoa da 55-64 urte bitarteko erabiltzaile-gehikuntza, ehuneko 4,5 puntu; 65 urte eta gehiagokoen artean, 2,7 puntu; azken hauen lautik batek erabiltzen du Internet dagoeneko.
Gutxitu egin da zertxobait generoen arteko aldea Internet erabiltzaileen artean
Generoen arteko aldea ehuneko 5,9 puntu ziren 2016an; 2017ko lehen hiruhilekoan 4,8ra txikitu da. 15 urte eta gehiagoko gizonen %77,6 Internet erabiltzaile dira eta emakumezkoen %72,8. Internet erabiltzaile guztien artean, %49,7 gizonak dira eta %50,3 emakumeak; aurreneko aldiz emakume gehiago.
Ikasleen arteko %98,7k erabiltzen du Internet; pertsona okupatuen artean, %95,5ek; ez-aktiboen eta langabetuen artean %47,9k. 2016.aren aldean hazkunderik handiena (ehuneko 1,3 puntu) okupatuen artean.
Interneten aritzeko toki nagusia (%97,8) geure etxea da oraindik ere. Lantokitik (%36,5) eta ikasketa-zentrotik (%9,8) egindako sarbideak zertxobait gutxitu dira, 2,5 eta 1,3 puntu. Beste lekutatik eginiko sarrerak 7,2 puntuz gehitu dira, hazkunderik handiena, aurreko urteko lehen hiruhilekoaren aldean. Aipagarria da leku publikoetatik eginiko konexioen hazkundea.
Internet bidezko erosle kopurua, 2017ko lehen hiruhilekoan, %46,1, 641.400 pertsona. Alegia, 15 urte eta gehiagokoen %34,7.
Erabiltzaile kopuruaren hazkunderik handiena Gipuzkoan 2017an
Gipuzkoan gehitu da gehien erabiltzaile kopurua, (ehuneko 2,4 puntu), Euskal AEn bigarren jarri da. Arabak aurrena segitzen du, %77,2, +1,2 puntu aurreko urteko aldi beraren aldean. Bizkaian %74,1; 2016an bezalatsu.
Hiriburuetan: Gasteizen %77,2; Donostian %74,7; Bilbon %73,0.
IKT ekipamenduak goraka gure etxeetan berriz ere
Euskal AEko familia-etxeetako %70,7tan ordenagailua dago, 2017ko lehen hiruhilekoan. Portzentajea zertxobait (0,6 puntu) handiagoa da lehengo urtekoa baino. Etxean ordenagailua dute 15 urte edo gehiagokoen %77,9k.
Interneterako sarbideaz, 692.200 familia pasatxo dira, %78,9, etxean zerbitzu hori dutenak. 2016ko lehen hiruhilekoaren aldean 45.600 familia berri (4,8 puntu). Sarera sarbidea duen 15 urte baino gehiagoko biztanleria 85.300 pertsonatan (4,1 puntuz) gehitu da 2016ko lehen hiruhilekotik, %85,3ra.
Familia-etxeetako %95,0tan sakelako telefonoren bat dago. 15 urteko eta gehiagokoen %97,1ek badu.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Informazioaren gizartearen inkesta. Familiak. Prentsa ohar gehiago
Informazioaren gizartearen inkesta. Familiak. Datu bankua