2018/06/28ko prentsa-oharra
Kanpo Merkataritzako Balio Unitarioaren Indizeak-BUI. 2018/I
Esportazioen prezioak %1,6 gehitu dira 2018ko lehen hiruhilekoan
Bitarteko ondasunen prezioak zein Kontsumo-ondasunenak gehitu dira, eta Kapital-ondasunenak mantendu
Eustaten arabera, esportazioen prezioak %1,6 gehitu dira 2018ko lehen hiruhilekoan aurrekoaren aldean. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean %5,9koa da gehikuntza.
Inportazioen prezioak ere gehitu dira (+%2,7) 2017ko laugarren hiruhilekoaren aldean, eta +%6,4 urte artean.
Esportazioetan produktu energetikoek eragin diete gehien prezioei, bai aurreko hiruhilekoaren aldean, bai urte artean. Hala, 2017ko laugarren hiruhilekoaren aldean, esportazio energetikoen prezioak %11,6 gehitu dira; ez energetikoen prezioak, %1,0. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, esportazio energetikoen prezioak %21,1 gehitu dira; ez energetikoenak, %4,7.
Inportazioetan, produktu energetikoen prezioen indizea %10,7 hazi da hiruhileko artean; ez energetikoena, aldiz, murriztu da %0,3. Urte artean, energetikoen prezioetan %12,6ko igoera izan da; ez energetikoenetan, %4,5ekoa.
Ondasunen helburu ekonomikoaren sailkapenari jarraituz honela dago afera: Bitarteko ondasunen esportazioetan nabarmentzen da prezioen igoera (+%2,1) eta, ondoren, Kontsumo-ondasunenenean (+%1,3). Guztiaz ere, Kapital-ondasunetan ez da aldaketarik izan (%0,0). Den-dena, aurreko hiruhilekoaren aldean. Urte artean, aldiz, ikusi da Kontsumo-ondasunen prezioek atzera egin dutela (-%0,9), baina, hala ere, Kapital-ondasunen prezioak gehitu dira (%6,5) eta, are gehiago, Bitarteko ondasunenak (%7,9).
Inportazioetan, Kapital-ondasunen prezioetan -%3,4 dugu hiruhileko artean eta -%1,3 urte artean; aldiz, Bitarteko ondasunetan kontrakoa gertatzen da, zeren %3,8 eta %7,4ko igoerak baitaude hurrenez hurren. Kontsumo-ondasunetan aldaketak negatiboak dira hiruhileko artean (-%3,8) eta positiboak urte artean (+%3,1).
2017ko laugarren hiruhilekoaren aldean, esportazioak nora doazen kontuan harturik, prezioak gune guztietan hazi dira: ELGAn (%1,1), 28-EBn (%2,2), Euroeremuan (%2,1) eta Munduko gainerakoan (%4,5). Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, prezioetako igoerak are nabarmenagoak izan dira: ELGArenak daude mutur batean (%5,5); bestean, Munduko gainerakoarenak (%7,9).
Inportazioen kasuan antzerako joera gertatzen da, zeren igoerak izan baitira hala hiruhileko artean (eurogunearen salbuespenarekin) nola urte artean, non igoerak are handiagoak izan diren.
2018ko lehen hiruhileko horren hilabeteetan martxoan izan da aldaketa-tasarik handiena esportazioen prezioen indizean, zeren aurreko hilaren aldean %1,7koa izan baita gorakada.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62