2018/08/22ko prentsa-oharra
INDUSTRI PREZIOEN INDIZEA, 2018KO UZTAILA
2018ko uztailean Euskal AEko industriako prezioek %0,4 egin dute gora aurreko hilaren aldean
Aurreko urtearen aldean (2018ko uztaila 2017koaren aldean) %5,2 igo dira
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko industri prezioak %0,4 gehitu dira 2018ko uztailean aurreko hilaren aldean. Datu horiek kontuan hartuta, uztaileko urte arteko tasa (azken hamabi hilabeteetan industriako prezioek izandako aldakuntza) %5,2koa da.
Analisi zehatzagoa eginda, hauek dira 2018ko uztailean aurreko hilaren aldean prezio-hazkunderik handienak izan dituzten sektoreak: Kokeriak eta petrolio fintzea eta Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta oinetakogintza, %1,6ko igoerarekin kasu bietan, eta Erauzketa-industriak, %0,9ko igoerarekin. Aldiz, hauek dira prezioetan jaitsierak eduki dituztenak: Industria kimikoa, %0,7ko jaitsierarekin; Elikadura-industria, edariak eta tabakoa, %0,4ko jaitsierarekin; eta Altzariak eta beste manufaktura-industriak, konponketa eta instalazioa, %0,1ekoarekin.
Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, aurreko hilaren aldean Energiaren prezioek %1,3 egin dute gora, Bitarteko ondasunenek %0,3 eta Ekipo-ondasunenek %0,1. Oro har, Kontsumo-ondasunen prezioak %0,2 jaitsi dira, zeren Kontsumo ez-iraunkorrenetan %0,2ko jaitsiera gertatu baita eta Kontsumo iraunkorrenetan %0,1eko igoera.
Urte artean, 2018ko uztailean 2017koaren aldean, prezio-hazkunderik handienak hauek eduki dituzte: Kokeriak eta petrolio fintzea, %24,0ko hazkundearekin; Metalurgia eta metalezko produktuak, %5,9koarekin; eta Industria kimikoa eta Erauzketa-industriak, %4,7koarekin kasu bietan. Alderantziz, prezio-hazkunderik txikienak sektore hauek izan dituzte: Kautxua eta plastikoa, %0,1eko igoerarekin, eta Produktu informatiko eta elektronikoak, %0,9koarekin.
Ondasunen talde handien prezioen aldakuntza urte arteko aldian positiboa izan da horientzat guztientzat. Energiaren prezioak %15,7 gehitu dira, Bitarteko ondasunenak %4,4 eta Ekipo-ondasunenak %2,0. Kontsumo-ondasunenak %1,2 igo dira; horien artean, Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak %1,5 gehitu dira, eta Ez-iraunkorrenak %1,1.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62