2018-07-26ko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA. 2017
Heriotzek % 1,9 egin zuten gora EAEn 2017. urtean
Hildako pertsonen batez besteko adina 80,4 urte zen, duela hamar urte baino ia lau urte gehiago
2017an, EAEn 21.632 heriotza izan ziren, 2016an baino % 1,9 gehiago, Eustaten datuen arabera. 10.825 gizon eta 10.807 emakume hil ziren. Hilabeteak kontuan hartuta, heriotza kopuru handiena (2.706) urtarrilean erregistratu zen eta kopuru baxuena (1.515) uztailean.
2017. urtean 100 urte edo gehiago zituzten 345 pertsona hil ziren. Horietatik % 87,2 emakumeak ziren. Ehun urteak beteak dituztenen heriotza kopurua handituz joan da azken urteetan, 2017an gehienezko historikora (345 pertsona) iritsiz, 2015eko kopurua pertsona batean gaindituz.
Hildako emakumeen batez besteko adina 83,6 urte izan zen, eta 77,2 urte gizonena
2017an hildako pertsonen batez besteko adina 80,4 urteetan kokatu zen; hamar urte lehenago, 2007an, berriz, 76,8 urteetan, hau da, 3,6 urte gehitu da batez bestekoa azkeneko hamarkadan.
2017an, 77,2 urterekin hil ziren batez beste gizonezkoak eta 83,6 urterekin emakumezkoak; 2007an, berriz, 73,1 urte eta 80,9 urte izan ziren batez bestekoak, hurrenez hurren. Ondorioz, azkeneko 10 urteotan, gizonen batez besteko heriotza-adinak gora egin du 4,1 urte, eta 2,7 urte emakumeenak.
Hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen, heriotza baino 4.556 jaiotza gutxiago izan baitziren. Lurraldeen arabera, saldoak negatiboak izan ziren Bizkaian eta Gipuzkoan, 3.291 eta 1.413 pertsona galdu baitzituzten, hurrenez hurren; aitzitik, Arabaren kasuan, hildakoen kopurua jaiotzena baino txikiagoa izan zen eta, beraz, positiboa izan zen saldoa 148 pertsonatan.
Haurren heriotza-tasari dagokionez, urte bat baino gutxiagoko 41 haur hil ziren EAEn. Jaioberrien heriotza-tasa, bizialdiko aurreneko 28 egunei dagokienez, 24 hildakoena izan zen; haietatik 5 aurreneko 24 orduetan hil ziren eta beste 15ak aurreneko astean. Urte 1etik beherakoen artean, hildako guztizkoaren % 39 neskak izan ziren.
Heriotzen % 56 tumoreek eta zirkulazio-aparatuko gaixotasunek eragindakoak izan ziren
2017an gertatutako heriotzen % 29,4 (6.351 hildako) tumoreek eragindakoak izan ziren; ondoren, % 26,6 (5.756 hildako) zirkulazio-aparatuko gaixotasunengatik; hirugarren, tarte handiarekin, % 10,8 (2.341 hildako) arnas gaixotasunengatik eta, azkenik, % 6,6 (1.423 hildako) nerbio-sistemako gaixotasunengatik. Lau gaixotasun-talde nagusi horien prebalentzia aldatuz joan da azken hamarkadan: gaixotasun kardiobaskularrek eragindako heriotzak % 0,8 bakarrik gehitu diren bitartean, tumoreek eragindako heriotzak % 9,3, arnas eritasunek % 26,3 eta nerbio-sistemakoek % 45,8 gehitu dira, batik bat Alzheimerrak eragindakoak (571 hildako).
Heriotzen eragileak desberdina izaten jarraitzen du sexuaren arabera; gizonen artean tumoreek eragindakoak gehiago izan ziren zirkulazio-aparatukoek eragindakoen aldean; emakumeen artean, berriz, gaixotasun kardiobaskularrak lehenik eta tumoreak ondoren izan ziren heriotzen eragile nagusiak.
Halaber, heriotzen eragilea aldatu egiten da adinaren arabera. Urte bat baino gutxiago dutenen artean, sarrien izan diren heriotzak jaiotza inguruko denboraldian sortutako gaixotasunek eta sortzetiko malformazioek eragin zituzten; 1 - 39 adin-tartean, heriotzaren eragile nagusiak tumoreak eta kanpotik sortutako arrazoiak izan ziren, istripuak eta suizidioak, beste hainbaten artean; 40 - 79 adin-tartean tumoreak eta 80 urtetik aurrera zirkulazio-sistemako gaixotasunak.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62