2018/10/01eko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA I/2018
Heriotzak %2,4 gehitu ziren 2018ko lehen hiruhilekoan
Gizonenak %6,1 gehitu ziren eta emakumeenak %0,9 jaitsi ziren
2018ko lehen hiruhilekoan, Euskal AEn 6.409 lagun hil ziren, aurreko urteko aldi berean baino %2,4 gehiago, Eustaten datuen arabera.
Araban 789 lagun hil ziren, Bizkaian 3.505, Gipuzkoan 2.115. Sexuen arabera, 3.151 gizon hil ziren eta 3.258 emakume. Horren arabera, gizonen heriotzak %6,1 gehitu ziren, eta emakumeenak %0,9 jaitsi.
Heriotza-eragile nagusiak: zirkulazio-sistemaren gaixotasunak (1.761 hildako) eta tumoreak (1.618 hildako). Bion artean heriotzen %52,7 dira. Hirugarren, arnas aparatuko gaixotasunak, 919 heriotza (%14,3).
Aparatu digestiboko gaixotasunengatik hildakoak %21,2 gehitu ziren
Normalean, neguan izaten dira heriotza gehienak eta, batez ere, arnas aparatuko gaixotasunak ugaritzen dira beste hiruhileko batzuen aldean. 2018ko lehen hiruhilekoan, 919 heriotza ekarri zituzten gaixotasun horiek, aurreko urteko hiruhileko berean (967) baino %5 gutxiago, baina 2017ko laugarren hiruhilekoan (565) baino %62,7 gehiago.
Bestalde, aparatu digestiboko gaixotasunengatik hildakoak 292 izan ziren, %21,2 gehiago aurreko urteko aldi beraren aldean. Nerbio-sistemaren gaixotasunengatik (Alzheimer eta Parkinson haietakoak dira) 439 pertsona hil ziren urtarril, otsail eta martxoan, aurreko urteko hiruhileko berean izan zen zifra bera.
Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean. Gizonezkoen artean tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, kontrako ordena: heriotzen kausa nagusia zirkulazio-aparatuko gaixotasunak, eta ondoren, tumoreak. Arnas aparatuko gaixotasunak hirugarren heriotza-kausa izan ziren, oraindik ere, sexu bietan.
Lehen hiruhilekoan hildakoen artean, 12 urtebetetik beheragoko haurrak izan ziren: 6 neskato eta 6 mutiko.
2018ko lehen hiruhilekoan, Euskal AEk hazkunde begetatibo negatiboa eduki zuen, 2.542 pertsonako jaitsierarekin. Hiru lurraldeetan galdu da biztanlerik: Bizkaian 1.606 pertsona, Gipuzkoan 825, Araban 111.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62