2018/09/13ko prentsa-oharra
ZERBITZUEN KOIUNTURAKO INDIZEA. II/2018
Jarduera administratiboak eta Ostalaritza dira, %3 baino gehiagoko igoerekin, Euskal AEko Zerbitzuak gidatu dituztenak 2018ko bigarren hiruhilekoan
Merkataritzaren salmentak, ibilgailuen salmenta eta konponketa barne, %2,1 gehitu ziren, eta Gainerako Zerbitzuenak %2,2
Merkataritza (handizkakoa, txikizkakoa, ibilgailuen salmenta eta konponketa) %2,1 gehitu zen 2018ko bigarren hiruhilekoan; Gainerako Zerbitzuak, %2,2. Hori dena, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, termino finkoetan, Eustaten datuen arabera.
Gainerako Zerbitzuetan, prezio finkoetan, %3,3 gehitu zen Jarduera administratibo eta laguntza-zerbitzuen salmenten indizea. Ondoren, %3,2 gehitu zen Ostalaritzarena, %2,8 Garraio eta bilketaren salmenta-indizea eta %1,6 Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoena. Aldiz, Informazio eta komunikazioena %1,5 jaitsi zen.
Merkataritzan, urte artean, bilakaera positiboa izan da. Oroz gain, Motordun ibilgailuen salmenta eta konponketan, non %8,3ko gehikuntza izan baita. Handizkako merkataritzan ere bilakaera positiboa gertatu da, %2,2ko igoerarekin; Txikizkakoan, ordea, %0,1eko jaitsiera izan da.
Aurreko hiruhilekoaren aldean, igoerak gertatu dira bai Merkataritzan, %0,3koarekin, bai Gainerako Zerbitzuetan, %0,4koarekin, urtaro-eraginak kenduta eta prezio finkoetan.
Lurraldeei dagokienez, hiruretan izan dira gehikuntza errealak Merkataritzan. Araban %3,0ko igoera izan da; Bizkaian, %2,4koa; Gipuzkoan, %1,1ekoa. Gainerako Zerbitzuetan, termino errealetan, Bizkaiko eta Gipuzkoako bilakaerak positiboak izan dira bigarren hiruhilekoan, %3,3 eta %1,1eko igoerekin, hurrenez hurren. Araban, ordea, indizean ez da aldakuntzarik izan (%0,0). Betiere 2017ko bigarren hiruhilekoaren aldean eta prezioen eraginik gabe.
Euskal AEn langile okupatuak %1,4 gehitu dira Merkataritzan eta %2,8 Gainerako Zerbitzuetan, urte artean. 2018ko lehen hiruhilekoaren aldean, indizea %0,5 gehitu da bi sektoreetan, urtaroen eraginik gabe.
Lehen sei hiletan, Merkataritza %2,4 gehitu da, prezioen eragina kenduta. Gainerako Zerbitzuak %2,5 gehitu dira, non igoerarik handiena izan den Jarduera administratibo eta laguntza-zerbitzuena, %4,5eko gehikuntza metatuarekin momentuz aurten.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62