2018/10/26ko prentsa-oharra
BERRIKUNTZAKO ADIERAZLEEN PANELA (EIS). 2018
Euskal AE berrikuntza handiko herrialdeen mailan mantentzen da, Berrikuntza Indize Europarraren arabera (EIS 2018)
Aurreko urtearen aldean hiru ehunen egin du gora, eta progresio handiena dutenen artean da
European Innovation Scoreboard (EIS) 2018, Europako Berrikuntzako Adierazleen Panela, 0,48 da Euskal AEn, Eustaten datuen arabera; 28-EBko batez bestekoa 0,50 da. Horrek berrikuntza handiko herrialdeen taldean kokatzen du Euskal AE. Gure balioa EBko batez bestekoaren %94,7 da, %90en gainetik. Aldiz, Espainia, zeinek duen 0,40ko balioa, europar batezbestekoaren %80tan, berrikuntza apaleko herrialdeen artean da.
EIS adierazle-panelean etengabe aldatzen dira adierazleak eta kalkulatzeko formula, baina baita ere urtero herrialdeen datuak eguneratzen direlako, eta horrek serie osoa berriz kalkulatzea ekartzen du. Izan ere, kalkulu berria kontuan, EISek hiru ehunen egin du gora, Euskal AEren kasuan, 2017koaren aldean, eta Espainiarekin, Maltarekin eta Herbehereekin batera dago progresio handiena dutenen artean. Europar Batasuneko batezbestekoaren indizea egonkor mantendu da. 2010aren aldean, Euskal AEko indizeak 7 ehunen egin du gora.
1. grafikoa. Batasuneko Berrikuntza Adierazleen Panela IUS 2018. Euskal AE eta 28-EB
Iturria: Eustat eta Europar Batzordea
Oharra: Zutabe grisak aurreko urteko balioak dira, EIS 2018aren arabera kalkulatuta
Europako Berrikuntzako Adierazleen Panelak —EIS 2018— herrialdeen ekonomien gaitasuna neurtzen du, berrikuntza-jarduerak garatzekoa. 28-EBko herrialdeak puntuazioaren arabera, eta europar batezbestekoarekiko, lau kategoriatan sailkatzen dira. Lehenean, herrialde liderrak berrikuntzan, europar batez bestekoaren %120ren gainetik daudenak ditugu: Suedia (0,71), Danimarka (0,67), Finlandia (0,65), Herbehereak (0,65), Erresuma Batua (0,61) eta Luxenburgo (0,61); Europan, halaz ere, Suitza (0,81) dugu aurrena.
Bigarrenean, berrikuntza handiko herrialdeak, batezbestekoaren %90-%120 bitarteko puntuazioa lortzen dutenak dira. Kasu horretan daude, eta goitik hasirik, Alemania, Belgika, Irlanda, Austria, Frantzia eta Eslovenia, 0,60 eta 0,47 bitarteko puntuazioekin. Euskal AE talde horretan da, 0,48ko puntuazioarekin, Esloveniaren aurretik, 28-EBko batezbestekoaren %94,7ra iritsita.
Ondoren, hirugarren kategorian, berrikuntza apaldunak daude (batezbestekoaren %50-%90 bitartean): Txekiar Errepublika, Portugal, Malta, Espainia, Estonia, Zipre, Italia, Lituania eta beste sei herrialde, 0,42-0,26 artean. Azkenik, laugarrenean, berrikuntza txikidunak daude (batezbestekoaren %50en azpitik): Bulgaria eta Errumania, 0,23 eta 0,16 puntu, hurrenez hurren.
Batasuneko Berrikuntzako Adierazleen Panela –EIS 2018- 4 bloke nagusitan egituratzen da, 10 dimentsiotan, 27 adierazletan.
Euskal AE gailentzen da, europar batezbestekoarekiko, lehen blokean, ‘Esparru-baldintzak’, non hiru dimentsio hauek dauden: ‘Giza baliabideak’, ‘Ikerketa-sistema erakargarriak’ eta ‘Berrikuntzarako inguru egokia’.
‘Giza baliabideetan’, dimentsio bat zeinek neurtzen baitu eskuragarritasuna pertsona oso ongi gaitu eta ikasiena, hori berrikuntzarako giltzarri baita, nabarmentzen dira hura osatzen duten hiru adierazleetako bi europar batezbestekoarekiko: ‘25-34 urte bitarteko doktore graduatu berriak’ milako 3,73 dira Euskal AEn eta 2,01 28-Ebn, ‘Hirugarren mailako hezkuntzadun 25-34 urte bitartekoak’ %53,8 dira gurean eta %39,0 Batasuneko batezbestekoan eta ‘Etengabeko prestakuntzan ari diren 25-64 urte bitartekoak’ %9,1 dira gurean eta %10,9 28-EBn.
‘Ikerketa-sistema erakargarriak’ dimentsioak zientzia-sarearen nazioarteko lehiakortasuna neurtzen du; horrek ere hiru adierazle ditu, eta denetan nabarmentzen da Euskal AE 28-EBren aldean. Halatan, ‘Milioi biztanleko nazioarteko ko-argitalpen zientifikoen’ kopurua 939 da Euskal AEn eta 517 Europan; ‘Nazioartean gehien aipatutako zientzia-argitalpenak’ (bikainak) adierazlearen portzentajea %10,91 da Euskal AEn eta %10,57 28-EBn; eta ‘Doktore atzerritarrak herrialdeko doktore guztien ehunekoaren gainean’ %30,70 da Euskal AEn eta %26,07 28-EBn.
‘Berrikuntzarako inguru egokiak’ neurtzen ditu abiadura handiko banda zabaleko sareen ezarpena eta aukeran bultzatutako ekimena. Bi adierazle ditu, eta Euskal AE nabarmentzen da ‘Banda zabalaren ezarpenean’, non dugun %27,5 eta 28-EBk %16,0. Aldiz, ‘Aukeran bultzatutako ekimenean’, motibaziozko indizea dena, Europar Batasuna da gure aurretik 3,34ko balioarekin, non gurea 1,88 den.
Beste bi dimentsio azpimarra daitezke, ‘Enpresen inbertsioak’ eta ‘Berritzaileak’, zeinetan antzerako zifrak topatzen diren Euskal AEn eta 28-EBn.
‘Enpresen inbertsioak’ dimentsioan, bere hiru adierazleetako bitan zifra altuagoak daude Erkidegoan. Hala, ‘Gastu pribatua I+Gn, BPGrekiko portzentaje gisa’ %1,37 da Euskal AEn eta %1,32 europar batezbestekoan, eta ‘Prestakuntza ematen duten enpresak, langileen IKT teknologietako gaitasuna garatzeko edo hobetzeko’ %21,8 da Euskal AEn eta %21,0 Europan. Hala eta guztiz, ‘Berrikuntza-gastua, ez I+G negozio-zifrarekiko portzentaje gisa’ adierazlean %0,58 du Erkidegoak eta %0,76 28-EBk; zifra altuagoa hor, beraz, Europak.
‘Berritzaileetan’ ere, hiru adierazleetako bi nabarmendu daitezke: ‘ETE berritzaileak produktu edo prozesuan ETE guztiekiko (%)’ eta ‘Barne berrikuntzadun ETEak ETE guztiekiko (%)’ europar batezbestekoaren gainetik daude, %34,1 lehen adierazlean %30,9ren aldean eta %32,2 bigarren adierazlean %28,8ren aldean. Dimentsioaren hirugarren adierazlean, ‘ETE berritzaileak marketin edo antolaketan ETE guztiekiko (%)’, %21,1 da gurean eta %34,9 28-EBn.
Gainerako dimentsioetan europar batezbestekoaren azpitik gaude: ‘Finantzazioa eta laguntza’, ‘Loturak’, ‘Aktibo intelektualak’, ‘Eraginak enpleguan’ eta ‘Eraginak salmentetan’. Guztiaz ere, horien barnean ere bi adierazle aipa daitezke zeinen Euskal AEko emaitzak dauden 28-EBkoen gainetik: ‘Besteekiko lankidetza duten ETE berritzaileak’ eta ‘Merkaturako eta enpresarako berriak diren produktuen salmentak, negozio-bolumenaren %tan’, non lehen kasuan Erkidegoak duen %11,34 eta Europak %11,22 eta bigarren kasuan %18,74 Erkidegoak eta %13,37 Europak.
EIS osatzen duten dimentsioen eta adierazleen eboluzioari dagokionez Euskal AEn, azpimarragarria da dimentsio hauetan izan den aurrerapena: Giza baliabideak, Ikerketa-sistema erakargarriak, Berrikuntzarako inguru egokia, Berritzaileak, Aktibo intelektualak eta Eragina hala enpleguan nola salmentetan. Ez da gauza bera gertatzen Finantzazioa eta laguntza, Enpresen inbertsioak eta Loturak dimentsioetan, eboluzio negatiboak baitituzte.
European Innovation Scoreboard, EIS 2018
http://ec.europa.eu/growth/industry/innovation/facts-figures/scoreboards/index_en.htm
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62