2018/12/03ko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA. II/2018
2018ko bigarren hiruhilekoan 4.996 pertsona hil ziren; horietarik 70, ehun urtedunak
Hildakoen bi heren, 80 urtetik gorakoak
2018ko bigarren hiruhilekoan Euskal AEn 4.996 lagun hil ziren, aurreko urteko aldi berean baino %1,0 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Lurraldeka, bai Araban, 606 hildakorekin, bai Gipuzkoan, 1.592rekin, jaitsi egin dira zifrak, %7,2 eta %0,8 hurrenez hurren, baina Bizkaian, 2.798 hildakorekin, %0,4 gehitu dira.
Hildakoen %49,6 gizonezkoak izan ziren; gainerako %50,4ak, emakumezkoak. Hildakoen %65ek 80 urtez goiti zeukaten, eta %81,1ek 70 urtez goiti; halaz ere, datuok diferenteak dira gizonen eta emakumeen artean. Halatan, hildako emakumeen %75,6k 80 urtez goiti zuten, baina gizonen %54,2k. Ohargarria da, halaber, ezen 40 eta 69 urte arteko hildakoen kasuan %65,4 gizon direla eta %34,6 emakume. Azkenik, ehun urterekin edo gehiagorekin hildako 70 pertsonen artean, 57 ziren emakume eta 13 bakarrik gizon.
2018ko bigarren hiruhilekoan urtebetetik beheragoko 14 haur hil ziren: 7 mutiko eta 7 neskato.
Heriotza-eragile nagusiak, hauek: tumoreak (1.514 hildako) eta zirkulazio-sistemaren gaixotasunak (1.352); bion artean heriotzen %57,4 dira. Hirugarren, arnas aparatuko gaixotasunak, 462 heriotza (%9,2).
Nerbio-sistemaren gaixotasunengatik (Alzheimer eta Parkinson haietakoak dira) 328 pertsona hil ziren apirilean, maiatzean eta ekainean, aurreko urteko hiruhileko berean baino %0,4 gehiago.
Aurreko hiruhilekoetan bezala, heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren. Arnas aparatuko gaixotasunak hirugarren heriotza-kausa dira sexu bietan.
2018ko udaberrian hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen; alegia, Euskal AEko biztanleriak behera egin zuen 1.077 pertsonatan zio horrengatik. Hiru lurraldeetako bitan saldo negatiboak izan ziren: Bizkaian 828 biztanle gutxiago izan ziren eta Gipuzkoan 274 gutxiago; Araban, aldiz, positiboa izan zen saldoa 25 pertsonatan.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62