2019/02/22ko prentsa-oharra
INDUSTRI PREZIOEN INDIZEA, 2019ko URTARRILA
Euskal AEko industri prezioak %0,5 gehitu ziren 2019ko urtarrilean aurreko hilaren aldean
Aurreko urtearen aldean (2019ko urtarrila 2018koaren aldean) %1,6 gehitu ziren
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko industri prezioak %0,5 gehitu ziren 2019ko urtarrilean aurreko hilaren aldean. Datu horiek kontuan, urtarrileko urte arteko tasa (azken hamabi hiletan industri prezioek izandako aldakuntza) %1,6 gehitu da.
Analisi sektorial zehatzagoa eginda, hauek dira 2019ko urtarrilean prezio-hazkunderik handienak izan dituzten sektoreak aurreko hilaren aldean: Kokeak eta petrolioa fintzea, prezioetan %3,2ko hazkundearekin; Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza, %1,7koarekin; eta Erauzteko industriak, %1,6koarekin. Aldiz, jaitsierak izan dira hauen prezioetan: Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria, %0,4ko jaitsiera; Metalurgia eta metalezko produktuak, %0,2koa; eta Altzariak, beste manufaktura-industriak, konponketa eta instalazioa, %0,1ekoa.
2019ko urtarrilean, 2018koaren aldean, prezio-hazkunderik handienak hauetan gertatu dira: Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza, %5,7ko igoerarekin; eta Zurgintza, papera eta arte grafikoak eta Energia elektrikoa, gasa, lurruna eta aire girotua, %4,0ko igoerarekin bi kasuotan. Aldiz, jaitsierak edo hazkunde txikiagoak: Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria, %0,9ko jaitsierarekin prezioetan; Kokeak eta petrolioa fintzea, %0,2ko hazkundearekin; eta Informatikako, elektronikako eta optikako produktuen fabrikazioa, %0,5eko igoerarekin.
Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, aurreko hilaren aldean Energiaren prezioek %2,0 egin dute gora, Ekipo-ondasunenek %0,5 eta Bitarteko ondasunenek %0,1. Oro har, Kontsumo-ondasunen prezioak %0,1 jaitsi dira, zeren Kontsumo ez-iraunkorrenetan %0,3ko jaitsiera gertatu baita eta Kontsumo iraunkorrenetan %0,3ko igoera.
Ondasunen talde handien prezioen aldakuntza urte arteko aldian positiboa izan da horientzat guztientzat. Energiaren prezioak %2,4 gehitu dira; Bitarteko ondasunenak %2,0; Ekipo-ondasunenak %1,2; Kontsumo-ondasunenak, oro har, %0,2. Azken horietan, Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak %1,2 gehitu dira; ez-iraunkorrenak, %0,2 jaitsi.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62