2019/04/24ko prentsa-oharra
INDUSTRI PREZIOEN INDIZEA. 2019KO MARTXOA
2019ko martxoan Euskal AEko industria-prezioek %0,5 egin zuten gora aurreko hilaren aldean
Aurreko urtearen aldean (2019ko martxoa 2018koaren aldean) %2,2 gehitu ziren
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko industria-prezioak %0,5 gehitu dira 2019ko martxoan aurreko hilaren aldean. Datu horiek kontuan, martxoko urte arteko tasa (azken hamabi hilabeteetan industri prezioek izandako aldakuntza) %2,2 gehitu da.
Analisi zehatzagoa eginda, hauek dira 2019ko martxoan prezio-hazkunderik handienak izan dituzten sektoreak aurreko hilaren aldean: Kokeriak eta petrolioa fintzea, %3,0rekin; Energia elektrikoa, gasa eta lurruna, %2,0rekin; eta Farmazia-produktuak eta Produktu informatikoak eta elektronikoak, %1,0rekin kasu bietan. Jaitsierarik handienak, aldiz: Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza, %1,2rekin; Zurgintza, papera eta arte grafikoak, %1,0rekin; eta Metalurgia eta produktu metalikoak, %0,4rekin.
Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, aurreko hilaren aldean, Bitarteko ondasunen prezioak %0,4 jaitsi dira, Energiarenak %2,7 igo dira eta Ekipoko ondasunenak %0,1 hazi dira. Kontsumo-ondasunen prezioetan %0,3ko hazkundea izan da oro har, zeren Ez-iraunkorrenetan %0,3ko igoera gertatu baita eta Iraunkorrenetan %0,1eko jaitsiera.
2019ko martxoan, 2018koaren aldean, prezio-hazkunderik handienak: Kokeriak eta petrolioa fintzea, %12,8ko gehikuntzarekin; Energia elektrikoa, gasa eta lurruna, %5,3ko hazkundearekin; eta Erauzketa-industriak, %4,1eko igoerarekin. Jaitsierak eduki dituzte, aldiz, hauek: Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industriek, %1,5eko jaitsierarekin; eta Metalurgiak eta produktu metalikoek, %0,9ko jaitsierarekin.
Ondasun-talde handien prezioetan izaniko aldakuntza urte artean positiboa izan da horientzat guztientzat, salbu eta Kontsumo-ondasunentzat, zeinak %0,9 jaitsi baitira oro har, Ez-iraunkorretan gertaturiko %1,3ko jaitsieragatik; aldiz, Iraunkorretan %1,7ko gehikuntza izan da. Energiaren prezioak %10,3 gehitu dira, Ekipoko ondasunenak %1,3 eta Bitarteko ondasunenak %0,1.
Ohar metodologikoa: 2019ko martxoan zehar aldatu da Industri Prezioen Indizeak (IPRI) zerabilen oinarri-urtea. Oinarri berrian, IPRIren erreferentzia 2015. urtea da. Oinarriaren aldaketak ekarri du eguneratu dela Euskal AEko industria-sektoreko enpresa informatzaileen ordezkatze-panela, hala nola haztapen-egitura desagregazio-maila guztietarako.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62