2019/05/17ko prentsa-oharra
ZERBITZUEN KOIUNTURAKO INDIZEA. 2019/I
Euskal AEko Merkataritzako salmentak %3,1 igo dira eta Beste Zerbitzuenak %0,3 2019ko lehen hiruhilekoan
Handizkako merkataritza eta Garraioa eta biltegiratzea, lider hazkundean
Merkataritza (handizkakoa, txikizkakoa, ibilgailuen salmenta eta konponketa) %3,1 gehitu zen 2019ko lehen hiruhilekoan; Beste Zerbitzuak, %0,3. Den-dena, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, termino finkoetan, Eustaten arabera.
Aurreko hiruhilekoaren aldean, igoerak gertatu dira bai Merkataritzan, %0,6koarekin, bai Beste Zerbitzuetan, %0,3koarekin, urtaro-eraginak kenduta eta prezio finkoetan.
Merkataritzaren barnean, Handizkakoan positiboa izan da urte arteko eboluzioa, %4,8ko hazkundearekin, nola halaber Txikizkakoan, %2,0koarekin; aldiz, Ibilgailu motordunen salmenta eta konponketan %1,8ko jaitsiera gertatu da.
Beste zerbitzuetan %3,4 hazi da salmenta-indizea Garraio eta biltegiratzean eta %0,8 Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoenean, baina %3,9 jaitsi da Jarduera administratibo eta laguntza-zerbitzuena, %3,3 Informazio eta komunikazioena eta %0,2 Ostalaritzarena.
Lurraldeka, Araban Merkataritza %5,5 eta Beste zerbitzuak %0,6 hazi dira; Bizkaian Merkataritza %2,8 igo da eta Beste zerbitzuak %0,1 jaitsi dira; eta Gipuzkoan Merkataritza %2,4 hazi da eta Beste zerbitzuak %1,0. Hori dena, 2018ko lehen hiruhilekoaren aldean eta prezioen eraginik gabe.
Euskal AEn langile okupatuak bi indizeetan gehitu dira, %1,6 Merkataritzan eta %0,4 Beste zerbitzuetan, urte artean. 2018ko laugarren hiruhilekoaren aldean, indizea %0,2 gehitu da Merkataritzan eta %0,2 jaitsi da Beste zerbitzuetan, urtaroen eraginik gabe.
Ohar metodologikoa: 2019ko lehen hiruhilekoan zehar aldatu da Zerbitzuen Indizearen (ZKI) oinarri-urtea. Oinarri berrian, ZKIren erreferentzia 2015. urtea da. Oinarriaren aldaketak ekarri du eguneratu dela Euskal AEko zerbitzu-sektoreko enpresa informatzaileen ordezkatze-panela, hala nola haztapen-egitura desagregazio-maila guztietarako. 2019ko lehen hiruhileko honetatik hara, egutegi-eraginetako serie doituak eta urtaroen eraginetako serie doituak 2015. oinarri-urtetik JDemetra+ 2.2.1 softwarearen bidez lortzen dira, Eurostaten gomendioei kasu eginez urtaroen doikuntzak eta egutegikoak egiteko Europar Batasuneko estatistika ofizialetan.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62