2019/07/29ko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA. 2018
Euskal AEko heriotzek % 0,5 egin zuten gora, 2018an
Hildako pertsonen batez besteko adina 80,5 urte izan ziren, hamar urte lehenago baino hiru urte gehiagokoa
Euskal AEn, 2018an, 21.745 heriotza izan ziren; alegia, % 0,5eko gorakada egon zen, 2017aren aldean, Eustaten datuen arabera. 10.879 gizon eta 10.866 emakume hil ziren. Hilabeteen arabera, urtarrilean izan ziren heriotza gehien (2.395) eta ekainean gutxien (1.552).
2018an, 100 urteko edo gehiagoko 362 pertsona hil ziren; haien artean, % 85,9 emakumea zen. Ehun urteko pertsonen heriotza-kopurua igotzen joan da azken urteotan, eta 2018an gehieneko kopurua hil zen (362 pertsona); horrela, 2017an baino hamazazpi gehiago izan ziren.
2018an hildako pertsonen batez besteko adina 80,5 urte izan zen, eta, hamar urte lehenago, 2008an, 77,4, alegia, azken hamarkadan 3,1 urteko gorakada egon da.
Gizonak batez beste 77,4 urterekin hil ziren eta emakumeak 83,6 urterekin 2018an; 2008an, 73,7 urterekin eta 81,3 urterekin, hurrenez hurren. Ondorioz, azken 10 urte hauetan, gizonen heriotzaren batez besteko adinak 3,7 urte egin du gora eta emakumeenak, 2,3 urte.
Haurren heriotza-tasa dela eta, urtebeteko 52 adingabe hil ziren Euskal AEn. Jaioberrien heriotza-tasa dela eta, lehen 28 bizi-egunetakoa, 35 heriotza egon ziren; horietatik, 3 lehen 24 orduetan eta beste 20 lehen astean zehar. Urtebetetik beherakoen artean, neskatoen heriotzak guztizkoaren % 55,7 izan ziren.
Hazkuntza begetatiboa negatiboa izan zen hiru lurraldeetan
Hazkuntza begetatiboa negatiboa izan zen; izan ere, jaiotzak baino 5.655 heriotza gehiago egon ziren. Lurraldeen arabera, saldo negatiboak izan ziren hiru lurraldeetan: Bizkaian jaiotzak baino 4.010 heriotza gehiago egon ziren; Gipuzkoan, 1.565 eta Araban, 80. Nabarmendu behar da Arabak saldo begetatiboaren arabera biztanleria galtzen duen lehen urtea dela.
Heriotzen ia herena tumoreen ondorio izan zen
2018an izandako heriotzen % 29,2, alegia 6.360 heriotza, tumoreen ondoriozkoa izan zen; ondoren, zirkulazio-aparatuko gatxotasunen ondorioz (% 26,6, alegia 5.776 heriotza); hirugarrenik, arnas gaixotasunen ondorioz (% 10,7, alegia 2.330), eta, azkenik, nerbio-sistemaren ondorioz (% 6,6, alegia 1.439).
Heriotzen motiboak desberdina izaten jarraitzen du, sexuaren arabera; izan ere, gizonen artean, tumoreek gainditu egin zituzten zirkulazio-aparatuko gaixotasunak, eta, emakumeen artean, kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren eta, ondoren, tumoreak.
Era berean, heriotza-kausa aldatu egiten da adinarekin. Urtebetetik beherakoetan, heriotza ohikoenak jaiotza inguruko denboraldian sortutako gaixotasunen eta sortzetiko malformazioen ondoriozkoak izan ziren; urtebetetik 39 urtera bitartean, heriotza-kausa nagusiak kanpo-kausak izan ziren, besteak beste istripuak eta suizidioak, bai eta tumoreak ere; 40 urtetik 79 urtera bitartean tumoreak izan ziren lehen heriotza-kausa eta, 80tik aurrera, zirkulazio-sistemako gaixotasunak.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62