2019/09/30eko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA I/2019
Heriotzak %6,7 urritu ziren 2019ko lehen hiruhilekoan
Jaitsiera nabarmenagoa izan zen emakumeentzat, %7,9; gizonentzat, %5,5
2019ko lehen hiruhilekoan, Euskal AEn 5.984 lagun hil ziren, aurreko urteko aldi berean baino %6,7 gutxiago, Eustaten datuen arabera.
Lurraldeka, jaitsiera %9,7koa izan zen Gipuzkoan, non hil baitziren 1.916 pertsona, %9koa Araban, 719 hildakorekin, eta %4,5ekoa Bizkaian, 3.349rekin. Sexuen arabera, 2.983 gizon eta 3.001 emakume hil ziren, zeinek ekarri duen %5,5eko jaitsiera gizonentzat eta %7,9koa emakumeentzat.
Heriotza-eragile nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemaren gaixotasunak izan ziren, 1.611 eta 1.545 hildakorekin, hurrenez hurren. Bion artean heriotzen %52,7 dira. Hirugarren, arnas aparatuko gaixotasunak, 834 heriotzarekin (%13,9).
Digestio-sistemaren eta nerbio-sistemaren gaixotasunengatiko heriotzak %21,6 eta %19,3 jaitsi ziren
Normalean, neguan izaten dira heriotza gehienak eta, batez ere, arnas aparatuko gaixotasunak ugaritzen dira beste hiruhileko batzuen aldean. 2019ko lehen hiruhilekoan, 834 heriotza ekarri zituzten, aurreko urteko hiruhileko berean (922) baino %9,5 gutxiago, baina 2018ko laugarren hiruhilekoan (514) baino %62,3 gehiago.
Bestalde, aparatu digestiboko gaixotasunengatik hildakoak 228 izan ziren, %21,6 gutxiago aurreko urteko aldi beraren aldean. Nerbio-sistemaren gaixotasunengatik (Alzheimer eta Parkinson haietakoak dira) 355 pertsona hil ziren urtarril, otsail eta martxoan, aurreko urteko hiruhileko berean baino %19,3 gutxiago.
Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, kontrako ordena: heriotzen kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta ondoren, tumoreak. Arnas aparatuko gaixotasunak hirugarren heriotza-kausa izan ziren, oraindik ere, sexu bietan.
Lehen hiruhilekoan hildakoen artean, 17 urtebetetik beheragoko haurrak izan ziren: 13 mutiko eta 4 neskato.
2019ko lehen hiruhilekoan, Euskal AEk hazkunde begetatibo negatiboa eduki zuen, 2.274 pertsonako jaitsierarekin. Hiru lurraldeetan galdu da biztanlerik: Bizkaian 1.534 pertsona, Gipuzkoan 656, Araban 84.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62