2019/10/23ko prentsa-oharra
PERTSONEN ETA FAMILIEN ERRENTAREN ESTATISTIKA. 2017
Euskal AEko biztanleen batez besteko errenta ia 800 €-tan gehitu da 2017an, %3,9 gehiago
Euskal AEko batez besteko familia-errenta 42.940 €-koa izan da 2017an, aurreko urtean baino %1,9 gehiago
Euskal AEn bizi diren 18 urte eta gehiagoko biztanleen batez besteko errenta pertsonala 21.083 €-koa izan da 2017an. Kopuru hori %3,9 igo da aurreko urtearekin alderatuta, Eustatek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin lankidetzan egindako Pertsonen eta Familien Errentaren Estatistikaren arabera.
Lurralde-banaketari dagokionez, ia 2.000 €-ko aldea dago Gipuzkoan lortutako batez besteko errenta pertsonalaren (22.086 €) eta Bizkaian (20.654 €) eta Araban (20.410 €) lortutakoen artean. Bizkaiak gorakada handiagoa izan du aurreko urtearekin alderatuta (+%4,2), Gipuzkoaren (+%3,9) eta Arabaren (+%2,6) aldean.
Hiriburuetan, aipatutako lurralde arteko aldeak areagotu egiten dira: Donostian bizi diren pertsonen batez besteko errenta 25.141 €-koa da, Bilboko 21.245 €-koa eta Gasteizko 20.643 €-koa baino handiagoa. Donostiak eta Bilbok Euskal AEko batezbestekoa gainditzen dute, eta Gasteiz, berriz, azpian da.
18 urte eta gehiago dituzten egoiliarren artean eta errentaren banaketari dagokionez, %60,1 daude Euskal AEko batez besteko errentaren azpitik, baina hartu behar da kontuan, dena den, ezen multzo horretan daudela sartuak baita 2017an errentarik batere jaso ez dutenak ere (%12,9). Beste muturrean, populazioaren %11k du batezbestekoa bikoizten duen errentarik; alegia, 42.166 € pasa.
Biztanleria bi zati berdinetan banatzen duen errenta zein den adierazten duen adierazlea da mediana. 2017an balio hori 16.371 €-koa izan da; hau da, Euskal AEko adin nagusiko biztanleen erdiek urtean 16.371 €-tik gorako batez besteko errenta pertsonala dute, eta beste erdiek errenta txikiagoa.
Errenta erabilgarria kontuan hartuta –hots, guztizko errentari errentaren gaineko zerga eta langilearen konturako gizarte-kotizazioak kenduta–, alde batzuk dira hiru lurraldeen artean. Halatan, 2017an Euskal AEko osorako errenta erabilgarria 17.615 €-koa izan zen (aurreko urtean baino %3,6 gehiago), eta Gipuzkoan 18.470 €-koa, Bizkaian 17.238 €-koa eta Araban 17.084 €-koa.
Genero-aldeari dagokionez, ikus daiteke Euskal AEko gizonen errenta emakumeena baino 10.000 € handiagoa dela. Hala, gizonek 26.519 €-ko batez besteko errenta dute, eta emakumeek 16.074 €-koa. Alderik handiena 65-69 urte bitartekoen artean erregistratu da; tarte horretan gizonek 17.309 €-tan gainditzen dituzte emakumeak.
Adinaren arabera, guztizko errenta pertsonal handiena 55 eta 59 urte bitartean lortzen da, bai emakumeen kasuan, bai gizonen kasuan ere, eta 27.387 €-ko batez besteko errenta lortzen da multzo osorako, emakumeentzat 20.747 €-koa eta gizonentzat 34.436 €-koa.
Errentaren %60,1 lanetik dator
Euskal AEko egoiliarrek 2017ko ekitaldian jasotako errentaren osaerari dagokionez, errentaren %60,1 lanetik dator, batez beste 12.681 € (aurreko urtean baino 500 € gehiago), %26,9 transferentzia edo gizarte-prestazioetatik (5.662 €), %4,7 jarduera ekonomikoetatik (995 €) eta %8,3 kapitaletik, higigarria zein higiezina (1.744 €).
Euskal AEko familien batez besteko diru-sarrerak batez besteko errenta pertsonala 2 aldiz dira
Euskal AEko batez besteko familia-errenta 2017an 42.940 €-koa izan da. Guztirako familia-errenta zera da, familia bereko kideen errenta pertsonalen batuketa. Hala nola gertatzen baita errenta pertsonalaren kasuan, Gipuzkoa da lurraldea zeinek duen errenta familiar altuena, 44.943 €; ondoren Bizkaia dator, 42.492 €-rekin, eta Araba 40.203 €-rekin.
2016ko datuekin alderatuta, Euskal AEko batez besteko familia-errentek %1,9 egin dute gora, eta Gipuzkoan izan da hazkunderik handiena (%2,4); ondoren, Bizkaian (%1,7) eta Araban (%1,2).
Donostia da familia-errenta handiena duen hiriburua (51.275 €), eta, ondoren, Bilbo (42.805 €) eta Gasteiz (40.302 €) daude.
Eskualdeei dagokienez, bada alderik Euskal AEko hogei eskualdeen artean. Horietatik bederatzik batezbestekotik gorako familia-errentak dituzte, eta nabarmentzekoak dira Plentzia-Mungia (50.653 €) Bizkaian, Gorbeialdea (49.599 €) Araban eta Urola Kosta (46.370 €) Gipuzkoan. Bestalde, gainerako hamaika eskualdeek batezbestekotik beherako familia-errentak dituzte, eta, sailkapenaren behealdean, honako hauek daude: Bidasoa Beherea (40.121 €) Gipuzkoan, Enkarterriak (36.191 €) Bizkaian eta Arabako Errioxa (33.946 €). Azken hori da Euskal AEko familia-errentarik baxuena duena.
Bestalde, bada alderik errenta familiarretan jasotzaile nagusiaren sexuaren arabera. Familian errenta-jasotzaile nagusia gizon denean, batez besteko diru-sarrerak 47.235 € dira eta familia gehienak geruza ertain eta goikoetan metatzen dira, eta, emakume denean, familiaren batez besteko errenta 37.405 €-koa da eta beheko errenta-geruzetan daude; 9.001-12.000 €-ko geruzan familia horien %8 daude. Hala eta guztiz ere, komeni da ez ahaztea ezen lehen taldeko familien tamaina bigarrenekoena baino zertxobait handiagoa izan ohi dela (18 urte eta gehiagoko 2,2 pertsona, 1,8 pertsonaren aldean), eta, beraz, lehenengoen errenta 21.470 €-koa izango litzateke, eta bigarrenen errenta, berriz, 20.440 €-koa.
Familien %62,8k Euskal AEko batezbestekoa baino errenta txikiagoa jasotzen dute edo ez dute inolako errentarik jasotzen; azken egoera horretan daude familien %2,2 2017an. Aldiz, familien %8,7k batez bestekoa bikoizten duen errenta dute; hau da, 85.880 €.
Adinari dagokionez, hartzaile nagusia 40 urtetik beherakoa edo 70 urtetik gorakoa duten familiek Erkidegoko batezbestekoa baino diru-sarrera txikiagoak dituzte, eta gainerakoak, berriz, gainetik dira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62