2019/10/25eko prentsa-oharra

EUROPAKO BERRIKUNTZA ADIERAZLEEN PANELA (EIS). 2019

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal Autonomia Erkidegoa Europako herrialdeen mailan dago goi-mailako berrikuntzan 2019an

Euskal Autonomia Erkidegoaren adierazle onenak Giza Baliabideen arloan lortu dira, 0,69ko balioaz, EB-28an batez bestekoa 0,46koa denean.

Europako Berrikuntza Adierazleen Panela-European Innovation Scoreboard (EIS) 2019an, Euskal Autonomia Erkidegoak 0,50eko balioa lortu du, EB-28ko batez bestekotik bakarrik bi ehunenetara geratuz (0,52n kokatzen da), Eustatek ondutako datuen arabera. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoa goi-mailako berrikuntza duten herrialdeen taldean sartzen da, EBk duenaren % 90eko batez bestekoaz gainetik baitago, % 94,7 zehazki. Espainia berrikuntza ertaineko herrialdeen artean kokatzen da, 0,41eko balioa baitu, eta Europako batez bestekoaren % 77,9ra heltzen da.

EIS etengabe berrikusten den adierazleen taula bat da, batzuetan hura osatzen duten adierazleena eta kalkulu-formularena, baina gainera, herrialdeetako datu eguneratuenak biltzen ditu urtero. Ondorioz, urtero birkalkulatzen da serie osoa. Birkalkulatze hori kontuan hartuz, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, EISek hobera egin du iazkoaren aldean, ehunen bat, eta, kalkulurako azken zortzi urteak kontuan hartuz, berriz, bederatzi.

Europako Berrikuntza Adierazleen Panela, EIS 2019. Euskal Autonomia Erkidegoa eta EB-28

graf0016820_01_e.png

Iturria: Eustat eta Europako Batzordea

Oharra: Kolore griseko zutabeak iazko balioenak dira, EIS 2019ren arabera kalkulatuak

Berrikuntza Adierazleen Panela -EIS 2019- saiatzen da neurtzen herrialdeetako ekonomiek zenbateraino duten berrikuntzarako ahalmena eta garatzen dituzten berrikuntza-jarduerak. EB-28ko herrialdeak, lortutako puntuazioaren eta Europako batez bestekoaren aldean duten egoeraren arabera, lau kategoriatan sailkatzen dira. Lehen kategoriakoak berrikuntzaren buruan dauden herrialdeak dira, Europar Batasuneko batez bestekoaren % 120tik gora kokatzen direnak: Suedia (0,71), Finlandia (0,70), Danimarka (0,68) eta Herbehereak (0,65); Europan berritzaile guztien buru, berriz, Suitza dago (0,82).

Bigarren taldean, goi-mailako berrikuntza duten herrialdeak daude, batez bestekoaren % 90 eta % 120 arteko puntuazioaz. Kasu horretan, beheranzko ordenan, hauexek daude: Luxenburgo, Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Austria, Irlanda, Frantzia eta Estonia, 0,62 eta 0,50 arteko puntuazioak dituztela. Euskal Autonomia Erkidegoak 0,50eko puntuazioa du eta, beraz, talde horren mailan kokatuko litzateke, EB-28ko batez bestekoaren % 94,7ra heltzen baita.

Ondoren, hirugarren taldean, berrikuntza ertaineko herrialdeak daude (batez bestekoaren % 50 eta % 90 artean), eta hor kokatzen dira Portugal, Txekiar Errepublika, Eslovenia, Zipre, Italia, Espainia, Malta, Grezia, Lituania eta beste bost herrialde, Portugalen 0,47tik Polonia eta Kroaziaren 0,29 arteko balorazioak dituztenak. Bukatzeko, laugarren taldean, behe-mailako berrikuntza duten herrialdeak daude (batez bestekoa baino % 50 gutxiago), eta hor kokatzen dira Bulgaria eta Errumania, 0,23 eta 0,16 punturekin, hurrenez hurren.

graf0016820_02_e.png

Europako Berrikuntza Adierazleen Panela -EIS 2019- lau multzo nagusitan egituratzen da, eta 10 arlo edo dimentsio ditu, guztira 27 adierazletan.

Euskal Autonomia Erkidegoa, Europako batez bestekoren aldean, lehen multzoan nabarmentzen da, ‘Esparru baldintzak’, bereziki ‘Giza baliabideak’ dimentsioan, baina baita beste bietan ere: ‘Ikerketa sistemaren erakargarritasuna’ eta ‘Berrikuntzara irekitako ingurua’.

‘Giza baliabideetan’, berrikuntzarako ezin besteko datua den aldetik, goi-kualifikazioko eta trebatutako lan-indarraren erabilgarritasun edo prestasuna neurtzen duen dimentsioan, hura osatzen duten hiru adierazletik bi nabarmentzen dira Europako batez bestekoaren aldean: ‘25 eta 34 urte arteko graduaturiko doktore berriak’ milako 3,47 dira Euskal Autonomia Erkidegoan; EB-28n, berriz, milako 2,09. ‘25-34 urte arteko biztanleria hirugarren mailako ikasketekin’ adierazleko ehunekoa % 51,6 da gurean, eta Europar Batasunean, berriz, % 39,8 bakarrik. Hirugarren adierazlea ‘Etengabeko hezkuntzan ari diren biztanle portzentajea (25-64 urte)’ da eta, bertan, EAEk % 9,1eko balio lortu du; EB-28k, berriz, % 10,9ekoa.

‘Ikerketa sistemaren erakargarritasuna’ dimentsioak barne-egitura zientifikoaren nazioarteko lehiakortasuna neurtzen du, eta hiru adierazle ditu honek ere. Bada, horietako bitan, Euskal Autonomia Erkidegoa nabarmendu egiten da EB-28ren aldean. Hala, ‘Nazioarteko koargitalpen zientifikoak, milioi biztanleko’ 1.528 dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta, aldiz, Europar Batasunean, 1.070; ‘Atzerriko doktoreak herrialdeko doktore kopuru osoaren %tan’ adierazlean, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoa % 33,71n kokatzen da, eta EB-28, aldiz, % 20,31n. Hirugarren adierazlean, ‘Nazioartean gehien aipatutako argitalpenak’ (bikainak) deituan, ehunekoa % 10,10ekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan; EB-28n, berriz, % 11,46koa.

‘Berrikuntzara irekitako ingurua’ri dagokionez, abiadura handiko banda zabaleko sareen ezarpena eta aukerek bultzatutako ekimena neurtzen ditu. Bi adierazle biltzen ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoa nabarmendu egiten da ‘Banda zabalaren ezarpena’n, % 30,1 punturekin; EB-28k, berriz, % 18,0 du. ‘Aukerek bultzatutako ekimena (motibazio indizea)” adierazlean, aldiz, Europar Batasunak gainditu egiten gaitu, 3,60ko balioaz, gure Autonomia Erkidegoan hura 1,93koa izanik.

graf0016820_03_e.png

Europak baino puntuazio hobea lortzen da, halaber, ‘Enpleguarekiko inpaktuak’ dimentsioan; arlo horrek adierazten du berrikuntzak enpleguan dakarren arrakasta ekonomikoa, eta bi adierazle biltzen ditu: ‘Enplegua ezagutza maila altuko jardueretan, eskulanaren %tan’ adierazlea % 12,50ekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan; Europan, berriz, % 14,20koa da; bestea ‘Sektore berritzaileetako hazkunde azkardun enpresetako enplegua, eskulanaren %tan’ da eta, bertan, Euskal Autonomia Erkidegoak % 6,95 lortzen du, Europaren gainetik (% 5,19).

Antzeko zenbakia eskuratzen dute Euskal Autonomia Erkidegoak eta EB-28k ‘Enpresako inbertsioak’ dimentsioan. Dimentsio honetan, hiru adierazletik bik zenbaki altuagoak dituzte gure Autonomia Erkidegoan. ‘Gastu pribatua I+Gn, BPGren %tan’ adierazlean, Euskal Autonomia Erkidegoak % 1,39 lortzen du, eta Europako batez bestekoa % 1,36 da; ‘Enpresek emandako prestakuntza, langileen IKT gaitasuna garatu edo eguneratzeko’n, berriz, gure Autonomia Erkidegoan, % 24,2tan gertatzen da hori, eta Europan, berriz, % 23,0tan. Hala ere, ‘I+G ez diren berrikuntzako gastuak, negozio-bolumen osoaren %tan’ adierazlean, Europak zenbaki altuagoak ditu: Euskal AEk % 0,62, eta EB-28k, berriz, % 0,86.

Gainerako dimentsioetan, ‘Finantziazioa eta laguntza’, ‘Berritzaileak’, ‘Loturak’, ‘Aktibo intelektualak’ eta ‘Eraginak salmentetan’, lortutako puntuazioak Europako batez bestekotik behera daude.

Hala ere, horien artean ere, Euskal Autonomia Erkidegoan emaitzak EB-28n baino gorago dauden hiru adierazle aipa daitezke. Adierazle horiek, ‘Berritzaileak’ dimentsioan, ‘ETE berritzaileak produktu edo prozesuetan, ETEen %tan’ eta ‘Barruko berrikuntza duten ETEak, ETEen %tan’ dira, eta Europako batez bestekotik gora daude: % 35,51 lehen adierazlean (% 34,34ren aldean), eta % 32,17 (% 28,06ren aldean) bigarrenean. ‘Eraginak salmentetan’ dimentsioan ere, ‘Merkaturako eta enpresarako berriak diren produktuen salmentak, negozio-bolumenaren %tan’ adierazlea altuagoa da gure Autonomia Erkidegoan, % 18,51, Europan baino (% 12,96).

European Innovation Scoreboard, EIS 2019

http://ec.europa.eu/growth/industry/innovation/facts-figures/scoreboards/index_en.htm

Argibideetarako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal Autonomia Erkidegoa Europako herrialdeen mailan dago goi-mailako berrikuntzan 2019an

Eragiketa : 
Europako berrikuntzako adierazleen panela-EIS
Eragiketa kodea : 
223203
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2019/10/25
Hurrengo eguneratzea : 
2025/10/00
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0016820_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Datu Bankua

Mikrodatuak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali