2019/11/25eko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA. II/2019
2019ko bigarren hiruhilekoan 5.052 pertsona hil ziren; haietarik 54, ehun urtedunak
Hildakoen ia bi heren, 80 urtetik gorakoak
Euskal AEko heriotzen kopurua 5.052 izan zen 2019ko bigarren hiruhilekoan; hau da, %0,8 gehiago aurreko urteko epe berarekin alderatuta, Eustaten datuen arabera. Lurraldeka, Gipuzkoan (1.532 pertsona) %4,2ko beherakada izan da, eta Bizkaian eta Araban, non 2.847 eta 673 pertsona hil baitziren, berriz, %1,5eko eta %10,5eko igoerak izan dira, hurrenez hurren.
Hildakoen %50,6 gizonezkoak izan ziren; gainerako %49,4ak, emakumezkoak. Hildakoen %64,8k 80 urtez goiti zeukaten, eta %82,1ek 70 urtez goiti; halaz ere, datuok diferenteak dira gizonen eta emakumeen artean. Halatan, hildako emakumeen %75,7k 80 urtez goiti zuten, baina gizonen %54,1ek. Ohargarria da, halaber, ezen 40 eta 69 urte arteko hildakoen kasuan %65,7 gizon direla eta %34,2 emakume. Azkenik, 100 urte edo gehiagorekin hildako 54 pertsonen artean, 44 ziren emakume eta 10 bakarrik gizon.
2019ko bigarren hiruhilekoan, urtebetetik beheragoko 12 haur hil ziren: 6 mutiko eta 6 neskato.
Heriotza-eragile nagusiak, hauek: tumoreak (1.517 hildako) eta zirkulazio-sistemaren gaixotasunak (1.315); bion artean heriotzen %56,0 dira. Hirugarren, arnas aparatuko gaixotasunak, 428 heriotza (%8,5).
Nerbio-sistemaren gaixotasunengatik (Alzheimer eta Parkinson haietakoak dira) 354 pertsona hil ziren apirilean, maiatzean eta ekainean, aurreko urteko hiruhileko berean baino %8,3 gehiago.
Aurreko hiruhilekoetan bezala, heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren. Arnas aparatuko gaixotasunak hirugarren heriotza-kausa dira sexu bietan.
2019ko udaberrian hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen; alegia, Euskal AEko biztanleriak behera egin zuen zio horregatik 1.353 pertsonatan. Hiru lurraldeetan izan ziren saldo negatiboak: Bizkaian 979 biztanle gutxiago izan ziren, Gipuzkoan 298 eta Araban 76.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62