2019/12/20ko prentsa-oharra
INDUSTRI PREZIOEN INDIZEA, 2019KO AZAROA
2019ko azaroan Euskal AEko industriako prezioek %2,5 egin zuten behera aurreko hilaren aldean
Aurreko urtearen aldean (2019ko azaroa 2018koaren aldean) %0,2 jaitsi ziren
Euskal AEko industriako prezioak %2,5 jaitsi dira 2019ko azaroan, aurreko hilabetearekin alderatuta, Eustatek egindako datuen arabera. Datu horiekin, azaroko urte arteko tasa, azken hamabi hilabeteetan industriako prezioek izan duten aldakuntza jasotzen duena, %0,2 negatiboa da.
Azterketa sektorial zehatzagoak agerian uzten du 2019ko azaroan honako hauek izan direla aurreko hilabetearen aldean adar inflazionistenak: Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (%4,4ko igoera), Produktu informatikoak, elektronikoak eta optikoak (%0,8ko igoera) eta Kokeriak eta petrolioa fintzea zein Farmazia-produktuak (%0,4ko igoera bietan). Aitzitik, prezioen beherakadarik handienak sektore hauetan izan dira: Energia elektrikoa, gasa, lurruna eta aire girotua (%16,5 behera), Erauzketa-industriak (%0,9 behera) eta Zurgintza, papera eta arte grafikoak (%0,7ko jaitsiera).
Xede ekonomikoaren araberako ondasunen sailkapenari segituz, aurreko hilarekin konparatuta, Kontsumo-ondasunek, oro har, %0,3 egin dute gora Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioek eraginda, %0,3 gora egin dutenak; izan ere, Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioek %0,1 egin dute behera. Bitarteko ondasunak eta Ekipo-ondasunak egonkor mantentzen dira (%0,0ko aldakuntza), eta Energia %9,4 jaitsi da.
Urte arteko datuei doakienez (2019ko azaroa 2018ko azaroaren gainean), prezioen hazkunderik handienak honako adar hauetan izan dira: Material eta ekipo elektrikoa (%2,5 gora) eta Garraio-materiala eta Produktu informatikoak, elektronikoak eta optikoak (%2,0 gora bietan). Alderantzizko norabidean, jaitsiera handienak, hemen: Ehungintza, larrugintza eta zapatagintza (%3,8ko beherakadarekin), Energia elektrikoa, gasa, lurruna eta airea (%1,7koarekin) eta Farmazia-produktuak (%1,5ekoarekin).
Sektore handietako prezioen urte arteko aldakuntza positiboa izan da Ekipo-ondasunetan, haietan prezioak %1,2 igo baitira. Kontsumo-ondasunak, oro har, ez dira aldatu, %0,0; izan ere, Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak %1,5 igo dira, eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak, berriz, %0,2 jaitsi. Bitarteko ondasunen prezioak %0,3 jaitsi dira, eta Energiarenak %1,0.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62