2019/12/26ko prentsa-oharra
SALTOKI HANDIETAKO ETA ELIKADURA-KATEETAKO MERKATARITZA-INDIZEA. 2019KO AZAROA
Euskal Autonomia Erkidegoko saltoki handietako eta elikadura-kateetako salmentak % 3,8 igo dira 2019ko azaroan
Urteko lehen hamaika hilabeteetako metatua % 1,1eko hazkundearekin itxi da
2019ko azaroan, Euskal Autonomia Erkidegoko saltoki handietako eta elikadura-kateetako salmentek % 3,8ko urte arteko igoera izan dute prezio konstanteetan, lan-egutegiaren termino homogeneoetan, Eustatek landutako datuen arabera. Termino desestazionalizatuetan, urriko datuekin alderatuta, % 2,6 egin dute gora salmentek.
Elikagaien salmentak % 3,1 hazi dira, eta gainerako salgaienak % 5,2, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, egutegiaren ondorioak kendu ondoren.
Aurreko hilabetearekin alderatuta (2019ko urria), elikagaien salmentak % 1,2 igo dira, eta gainerako produktuenak % 5,4, prezio konstanteetan eta termino desestazionalizatuetan.
Lurraldeka, guztietan egon da igoera: Araban % 5,4, Gipuzkoan % 4,8 eta Bizkaian,% 2,8, iazko hilabete berarekin alderatuta; hori guztia prezio konstanteetan eta egutegi-ondorioetatik zuzenduta.
2019ko urtarriletik azarora bitartean metatutako kopuruan, saltoki handietako eta elikadura-kateetako salmenta-indizea % 1,1 hazi da, eta hazkunde hori elikaduran (% 1,6) eta gainerako produktuetan (% 0,3) izan da. Hiru lurraldeen bilakaera ere positiboa da: Arabak % 0,9 egin du gora metatuan, Bizkaiak % 1,1 eta Gipuzkoak % 1,3; hori guztia prezio konstanteetan eta lan-egutegiaren termino homogeneoetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko saltoki handietan eta elikadura-kateetan enplegatutako langileak % 0,3 igo dira, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, eta % 0,8, berriz, urriarekin alderatuta. Urtarriletik azarora bitarteko metatuan, enplegatutako langileen kopuruak % 1,7 egin du gora 2018ko aldi berarekiko.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62