2020/02/28ko prentsa-oharra
EUSKAL INDUSTRIAREN PANORAMA. 2020
Euskal AEko ekonomiak eutsi egiten dio bere bokazio industrialari, eta azken bost urteotan % 24,2 inguruko pisu egonkorra izan du
Euskadiko industriaren ezaugarriak denboran egonkorra den kontzentrazio handia eta atzerrirako joera dira
Euskadiko industria Euskal AEko balio erantsiaren % 24,2 izan zen 2017an, Eustatek landutako Euskal Industriaren Panorama 2020 txostenaren arabera. Azken lau urteotan gorabehera esanguratsurik gabe eutsi dio bere dimentsio erlatiboari, eta bere pisua Alemaniarekoaren antzekoa da (% 25,8), eta 28ko EBrena baino lau puntu handiagoa (% 19,6), eta Espainiak duen parte-hartzea baino nabarmen handiagoa (% 16,2), eta Frantziarena baino oraindik ere handiagoa (% 13,7).
Industriaren balio erantsi gordinaren (BEG) portzentajezko banaketari dagokionez, eta industria-jarduera guztiak kontuan hartuta, metalgintzaren eta metalezko produktuen sektorea gailentzen da, 2017an guztiaren % 28,3 bildu baitzuen. Honakoak dira beste sektore aipagarri batzuk: Garraio-materialaren sektorea, % 10,9rekin; energia elektrikoa, gasa eta lurruna, % 10,5ekin; edo makineria eta ekipamendua, % 10,3rekin. Industria osoaren BEGn industriako 4 adar nagusien BEGk biltzen duen ehunekoa industriaren kontzentrazio-adierazle gisa erabiltzen da. Gure kasuan, adierazle hori 60koa izan zen 2017an, eta maila horretan ibili da azken lau urteotan.
Industriako gainerako sektoreen ehunekoa % 10etik beherakoa da, eta azpimarratzekoa da industria-egitura horri eutsi egiten zaiola denboran zehar, sektoreetako gorabeherak oso txikiak izanik. Horrela, gorabeherarik aipagarrienak negatiboak dira, eta materialaren eta ekipamendu elektrikoaren sektoreari dagozkio, bere pisua 2009an % 6koa izan baitzen eta 2017an, aldiz, % 3,6koa. Bestalde, erauzketa-industrien sektorearen pisua berez oso urria zen 2009an, zehazki % 0,9koa, eta 2017an BEGren % 0,2koa izan da.
Euskadiko industriaren balio erantsiak % 3,0 egin zuen gora 2017an, bolumen kateatuaren indizeetan, eta hazkunde-tasetan bilakaera homogeneoa izan du inguruko ekonomietan, Alemaniakoan eta 28ko Europar Batasuneko batez bestekoan, izandakoarekin alderatuta, guztiak positiboak izan dira eta % 3 ingurukoak.
Industriaren analisiaren alderdi interesgarri bat maila teknologikoa kontuan hartuta Euskadiko industriako sektore nagusien erakargarritasuna eta azkenaldiko bilakaera zehaztea da. Irizpide horren arabera, Euskal AEko industria-sektore gehienak –BEGren % 42,5 biltzen dutenak behintzat kontuan hartuta– 2017an ELGAk maila teknologiko baxu ertaineko gisa katalogatutako sektoreetakoak dira, eta ehunekoa bere horretan mantendu da azken hiru urteotan. Hala eta guztiz ere, azken urteotan hazkunde moderatu baina eutsia hauteman da maila teknologiko altuaren kategorian eta altu ertainaren kategorian. Lehenengoa, maila teknologiko altua, 2010an % 3,5ekoa izan zen eta 2017an % 5,1ekoa; eta bigarrenak, berriz, denbora berean 1,5 puntu egin ditu gora, eta azken urtean % 26,4ra iritsi da.
Lehiakortasunaren ikuspegitik, lan-kostu unitarioa lan-kostuak produktu-unitate bakoitzean duen eragina neurtzeko, hau da, lan-kostua eta produktibitatea aldagaien eragin bateratua neurtzeko, aukera ematen duen oinarrizko aldagaia da. Beste ekonomia batzuekin alderatuz aztertzen badugu, honakoa ondoriozta daiteke: nahiz eta 2008an, Euskadiko manufaktura-industriaren abiapuntua Espainiako ekonomiarena eta Europar Batasuneko batez bestekoarena baino lehiakorragoa izan, lan-kostu unitario baxuagoekin, 2016an, azken datu alderagarria izanik, gainetik dago.
Euskadiko industria-enpresen beste ezaugarri azpimarragarri bat atzerrirako joera da. Hori argi eta garbi ikusten da esportaziorako duten joera handian, industriaren BPGrekiko industria-esportazioen proportzioaren arabera neurtua, eta 2017an % 154koa izan zen. Ezaugarri hori ez da uniformea sektore guztietan, eta esportaziorako joerarik handiena dutenak garraio-materialaren sektorea (% 401) edo kokegintza eta petrolioa fintzeko sektorea (% 376) dira. Industriako esportazioen eta inportazioen urte arteko aldakuntza-tasak negatiboak izan ziren 2015ean eta 2016an, eta positiboak izan dira berriz ere 2017an: esportazioen hazkundea % 11,5ekoa izan da eta inportazioena % 19,9koa. Esportazioen hartzaile nagusiak berriz ere Frantzia, Alemania eta Estatu Batuak izan dira.
Azkenik, Euskal Industriaren Panorama txostenak berrikuntza eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera ere aztertu ditu, lehiakortasuna hobetzeko eragileak diren aldetik. Industria osoan 2017rako berrikuntza-jardueretan egindako gastua Euskal AEn egindako gastu guztiaren % 41,9koa izan zen. Euskal AEko jarduera-mota bakoitzaren pisuan elementurik adierazgarriena barne I+G da, eta industriak egindako gastu osoaren % 43,8 izan da, ia erdia; ondoren makinaria erostea dago, % 26,6 biltzen duena; eta kanpoko I+Gra jotzea dago hirugarren lekuan, % 23,4rekin. Bigarren alderdiari dagokionez, Euskadiko industrietan ezarpen zabala dute informazioaren eta komunikazioaren teknologiek. Horrela, industria-establezimenduen % 95,2k dute ordenagailua, % 93,6k dute posta elektronikoa, % 93,3k Internet, % 65,5ek webgunea eta % 95,2k telefono mugikorra.
Oharra: Industriaren Panorama hau 10 kapitulutan egituratu da. Lehenengo hiru kapituluek tokiko eta nazioarteko testuinguru makroekonomikoan kokatzen dute industria, industriaren ekoizpena aztertzen dute, eta ekonomiako sektoreen azterketa klasikoaren oinarrizko lehiakortasun-adierazleak berrikusten dituzte. Hurrengo kapituluetan, Euskadiko industriaren merkatu-orientazioa aztertzen da, honako ikuspegi hauetatik: kanpo-merkataritza, landunen bilakaera eta ezaugarriak, eta inbertsioaren azterketa. Horrez gainera, gaur egungo garapen ekonomikoan giltzarri diren zenbait alderdi ere aztertzen dira: industria-sektorean berrikuntzaren aurrerapena, eta zer-nolako ezarpen-maila duten Euskal AEko industria enpresetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT). Azkenik, amaiera emateko, enpresen dinamismoari erreparatzen zaio, eta ikuspuntu geografiko hurbilago batetik –hau da, eskualdeka– aztertzen da industria.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62