2020/02/17ko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA. III/2019
Heriotzak % 3,2 gutxitu ziren 2019ko hirugarren hiruhilekoan Euskal AEn
Hildakoen artean 71 ehun urtedunak ziren, haietarik 59 emakumeak eta 12 gizonak
Euskal AEko heriotzen kopurua 4.911 izan zen 2019ko hirugarren hiruhilekoan, hau da, % 3,2ko jaitsiera aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, Eustaten datuen arabera. Hildakoen sexuari dagokionez, 2.513 emakumeak ziren (% 51,2) eta 2.398 gizonak (% 48,8).
Hiru lurraldeetan heriotzak gutxitu egin ziren: Araban 625 pertsona hil ziren, % 4,6ko jaitsierarekin; 2.703 Bizkaian (-% 3,1) eta 1.583 Gipuzkoan (-% 2,9).
Heriotza-uneko adina kontuan hartuz gero, hildakoen % 18,9k 70 urte baino gutxiago zituzten, % 17,4k 70 eta 79 artean, % 36,4k 80 eta 89 artean eta % 27,2k 90 urte beteta zituzten; azken horietatik, 71 pertsonak 100 urte beteak zituzten.
Hildakoen batez besteko adina 80,45 urtekoa izan da; 77,05 gizonezkoena eta 83,69 emakumezkoena.
2019ko hirugarren hiruhilekoan hil direnen artean, 7 hildako urtebetetik beheragoko haurrak izan ziren, 2 mutiko eta 5 neskato.
Heriotzen heren bat, tumoreek eraginda
Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 1.525 eta 1.222 heriotza eragin zituztenak, hurrenez hurren; horrek esan nahi du ezen bien artean heriotzen % 56,0 eragin zituztela. Hirugarren, arnas aparatuko gaixotasunak, 410 heriotzarekin (% 8,3). Datu horiek aurreko urteko hiruhileko berean ikusitakoen antzekoak dira.
Aurreko hiruhilekoetan gertatu bezala, heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreak (% 38,0) hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino (% 23,6); emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren (% 26,1), eta tumoreak bigarren (% 24,4). Gainera, hirugarren heriotza-kausa gizonentzat arnas sistemako gaixotasunak izan ziren (% 9,3) eta emakumeentzat nerbio-sistemako gaixotasunak (% 8,7).
2019ko hirugarren hiruhilekoan Euskal AEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen: 833 heriotza gehiago jaiotza baino. Lurraldeka, Araba da bakarra saldo positiborik eduki duena, biztanleria 75 pertsonatan handituta. Bizkaiak eta Gipuzkoak 695 eta 213 biztanle gutxiago dituzte, hurrenez hurren.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62