2020/03/16ko prentsa-oharra

ESKOLA JARDUERAREN ESTATISTIKA. 2018/19 ikasturtea

Prentsa-ohar hau aldatu dugu “Batxilergoko eta Maila Ertaineko Lanbide Heziketako ikasleak, modalitate edo familien eta sexuaren arabera (%). 2018/19 ikasturtea” grafikoan akats batengatik.

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Apur bat jaitsi da unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako matrikula-kopurua Euskal AEn 2018an

Ikasleen % 32k Administrazioaren bekaren bat jaso zuten

Euskal AEko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzek 418.590 ikasle izan zituzten 2018-19 ikasturtean, aurreko ikasturtean baino % 0,2 gutxiago, Eustatek landutako datuen arabera.

% 93k Araubide Orokorreko Irakaskuntzak egin zituzten, eta gainerako % 7ek Araubide Bereziko Irakaskuntzaren bat. Bi kasuetan matrikula-kopurua % 0,2 eta % 1,0 jaitsi zen, hurrenez hurren.

Lurraldeka, Erregimen Orokorreko irakaskuntzetan, ikasleen erdiek Bizkaian ikasi zuten, % 34k Gipuzkoan eta % 16k Araban. Araubide Bereziko Irakaskuntzetan nolabaiteko espezializazioa ikusten da lurraldeetan, Musikaren eta Hizkuntzen irakaskuntzetan izan ezik, lurralde guztietan baitago horien presentzia. Hala, Arte Plastikoen % 63 Araban daude, eta Arte Dramatikokoak Bizkaian bakarrik eskaintzen dira. Oinarrizko Dantzakoak eta Dantza profesionaleko ikasketak Araban eskaintzen dira, eta goi-mailakoak Bizkaian. Azkenik, Kiroletakoetan ikasleak Bizkaian kontzentratzen dira.

graf0017232_01_e.png

Ikastetxearen titulartasunari dagokionez, Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetan ikasleak modu ekitatiboan banatu ziren ikastetxe publikoen eta pribatuen artean, Erdi Mailako Lanbide Heziketako ikasketetan izan ezik (hamar matrikulatik sei ikastetxe publikoetan egin ziren), eta Helduen Hezkuntzan (HHE), non ia eskaintza guztia ikastetxe publikoetan dagoen. Oinarrizko Lanbide Heziketaren kasuan, ordea, ikasleen % 72k titulartasun pribatuko zentroak aukeratu zituzten. Erregimen Bereziko Irakaskuntzetan, ikastetxe publikoetan daude ikasle gehienak: % 100 Hizkuntzetan, Dantzan eta Arte Dramatikoan, eta % 70etik gora gainerakoetan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako matrikulak % 2,3 igo ziren

Araubide Orokorreko irakaskuntzetan, oro har, matrikulazioak % 0,2 jaitsi dira, eta, alde positiboari dagokionez, nabarmentzekoa da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasleen kopuruak gora egin duela (% 2,3) eta Haur Hezkuntzan, berriz, behera egin duela (–% 2,0). Bestalde, laugarren urtez jarraian, helduen irakaskuntzan izena emateak tasa negatiboak izaten jarraitzen du; zehazki, 1.324 matrikulatan egin zuen behera, ia % 10 gutxiago.

Erregimen Bereziko Irakaskuntzetan, sarrerak jaitsi egin ziren (% 1,0), hau da, 295 matrikula gutxiago. Hizkuntzetan izan zen jaitsierarik handiena, 493 inskripzio gutxiago izan baitziren. Nabarmentzekoa da kirol-irakaskuntzak % 32 gehitu direla.

Beken guztizko diru-kopuruaren % 46 Lehen Hezkuntzara bideratu zen

2018-19 ikasturtean, Euskal AEko Administrazio Publikoak 53 milioi euroko bekak eta laguntzak eman zituen; guztira, 128.364 ikaslek hartu zituzten, guztien % 32k.

graf0017232_02_e.png

Ia beka-partida osoa Araubide Orokorreko Irakaskuntzetara bideratu zen (% 99,7). Beken zertarakoa hau izan zen: Lehen Hezkuntza (% 46), Haur Hezkuntza (% 21) eta DBH (% 20). Irakaskuntza Espezializatuetara 152.000 euro inguru bideratu ziren, guztizkoaren % 0,3.

Ikastetxe publikoek laguntzen bi heren inguru jaso zituzten, hezkuntza goiztiarra eta oinarrizkoa bultzatuz. Ikastetxe pribatuetan matrikulatutako ikasleentzako bekak 19 milioi izan ziren guztira.

Batxilergoan neskak eta mutilak antzeko kopuruetan dabiltza, baina mutil gehiago dago Lanbide Heziketan

Derrigorrezko hezkuntza amaitzean, ikasleen % 67k Batxilergoa aukeratu zuten, eta % 33k Erdi Mailako Prestakuntzan eskainitako moduluetako bat egitea erabaki zuten.

Generoaren araberako aldeak hauteman ziren Batxilergoko eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako ikasleei dagokienez; izan ere, Batxilergoan proportzio bera dago nesken eta mutilen artean, eta Erdi Mailako Lanbide Heziketan, berriz, bi heren baino gehiago mutilak dira.

graf0017232_03_e.png

Genero-desberdintasunak Batxilergoko eta Lanbide Heziketako modalitateen aukeraketan ere ikusten dira. Batxilergoari dagokionez, emakumeen presentzia handiagoa da aukera guztietan, Zientzietan izan ezik (% 48). Nabarmena da Arteen eta Humanitateen alorreko emakumeen matrikulen ehunekoa (% 70), eta, ondoren, Gizarte Zientzietakoa, % 60rekin.

Erdi Mailako Lanbide Heziketan, eskainitako hogei familietatik zazpitan emakumeen presentzia handiagoa izan zen: Irudi pertsonala (nesken % 90); Ehungintza, jantzigintza eta larrugintza, eta Zerbitzu soziokulturalak eta komunitatearentzakoak (% 80 kasu biotan); Osasuna (% 75); Administrazioa eta kudeaketa (% 60); Elikagaigintza eta Kimika (% 60 bi kasuotan). Gainerako familietan gizonen nagusitasuna argia da, Merkataritza eta marketinean izan ezik, parekotasuna egon baitzen hor.

Unibertsitatez kanpoko goi-mailako hezkuntzaren esparruan, Goi Mailako Lanbide Heziketan, 21.468 ikasle matrikulatu ziren, aurreko ikasturtean baino zertxobait gutxiago (-% 0,2). Guztizkotik, % 36 emakumeak izan ziren.

Familia akademikoen hautaketari dagokionez, Erdi Mailakoan gertatzen den bezala, hautaketa generoaren arabera dago markatuta, eta emakumeak dira nagusi irudiarekin, pertsonen zaintzarekin, elikadurarekin eta ehungintzarekin eta jantzigintzarekin lotutako sektoreetan.

Ohar metodologikoa: Euskal AEko ikastetxe pribatu ia guztiak Hezkuntza Sailarekin hitzartuta daude, baina ez dituzte maila guztiak hitzartzen.

Argibide gehiagorako: Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Apur bat jaitsi da unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako matrikula-kopurua Euskal AEn 2018an

Eragiketa : 
Eskola-jardueraren estatistika
Eragiketa kodea : 
040601
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2025/26
Eguneratze data : 
2020/03/16
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0017232_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali