2020/03/06ko prentsa-oharra

HIRU HILEROKO KONTUAK. IV/2019

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

EAEko BPGd-a % 2,2 hazi da 2019 osoan, eta 15.000 enplegu sortu dira

Laugarren hiruhilekoa urtetik urterako % 2,2ko hazkundearekin amaitu da, hau da, hiruhilekotik hiruhilekorako % 0,5eko hazkunde egon da

EAEko BPGd-a % 2,2 hazi da 2019ko laugarren hiruhilekoan aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, Eustatek egindako zenbatespenen arabera. 2019ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, zenbatetsitako hiruhilekotik hiruhilekorako aldakuntza-tasa % 0,5 izan da. 2019an osoan, zenbatespenen arabera, BPGd-aren igoera % 2,2koa izan da zenbatetsi da (bosgarren urtez jarraian), % 2tik gorako tasekin, eta 15.000 enplegu garbi baino gehiago sortu dira.

2019ko laugarren hiruhilekoko urtetik urterako hazkundearen zenbatespena mantendu egin da, 2020ko urtarrilaren 24ko Kontuen Aurrerapenean emandako datuekin alderatuta. Hiruhilekotik hiruhilekorako hazkunde-tasa, aldiz, Aurrerapenean eskuragarri dagoen koiunturazko informazioarekin lortutakoa baino hamarren bat handiagoa da.

Eskaintzaren ikuspegitik, sektore guztiek urtetik urterako eta hiruhilekotik hiruhilekorako igoera positiboak izan dituzte, nabarmenagoak industriaren eta zerbitzuen sektoreetan.

Industriaren urtetik urterako aldakuntza-tasa % 2,3koa da aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta (aurreko hiruhilekoetan ikusitakoa baino handiagoa da). 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,5eko hazkundea zenbatetsi da. Manufaktura-industria industria osoa baino erritmo zertxobait apalagoan hazi da, urtetik urterako % 2,1eko eta hiruhilekotik hiruhilekorako % 0,5eko tasekin.

graf0017200_01_e.png

Eraikuntzaren sektoreak hazkunde-tasa positiboak izan ditu 2019. urte osoan, baina beheranzko joerarekin. Laugarren hiruhilekoan, urtetik urterako aldakuntza-tasa % 1,9koa da, hau da, % 0,4ko hazkunde-tasa egon da hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. 2019an, eraikuntzaren sektorea % 3,1 hazi da aurreko urtearekin alderatuta.

Zerbitzuen sektorearen jarduera globalak, urteko azken hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoetan ikusitako hazkunde-bideari jarraitu dio: urtetik urterako hazkundea % 2,2koa izan da, hau da, % 0,5eko hazkundea izan da 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta.

Zerbitzuen portaera bestelakoa da adarren arabera. Merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren adarrak % 2,1eko hazkundea izan du aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, eta % 0,6koa aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Bilakaera positiboa bada ere, azken bi urteetan urtetik urterako dezelerazio jarraitua ikusten da.

Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean, hazkundeak aurreko hiruhilekoetan baino apalagoak izan dira: laugarren hiruhilekoan urtetik urterako hazkunde-tasa % 1,9koa izan da, eta hiruhilekotik hiruhilekorakoa % 0,1ekoa. Balio horiek ehuneko puntu erdi txikiagoak dira hirugarren hiruhilekoan zenbatetsitakoak baino.

Azkenik, gainerako zerbitzuen adarrean bildutako jarduerek —hala nola higiezin-jarduerak, jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, baita finantzarioak eta aseguruetakoak ere—, oro har, 2019. urtea itxi dute urtetik urterako % 2,4ko hazkundearekin laugarren hiruhilekoan, eta hiruhilekotik hiruhilekorako % 0,6ko hazkundearekin. Bi aldakuntza-tasak bat datoz aurreko hiruhilekoetarako zenbatetsitakoekin.

2019ko laugarren hiruhilekoko agregatu sektorialen portaerak balio erantsiaren bilakaera positiboa ekarri du berekin, bai urtetik urterako terminoetan (% 2,2ko hazkundea), bai hiruhilekotik hiruhilekorako terminoetan (% 0,5eko hazkundea). Oso aldaketa egonkorrak izan dira urte osoan.

graf0017200_02_e.png

Eskariaren aldetik, barne-eskariaren portaera ez da BPGd-arena bezain positiboa izan, urtetik urterako % 1,9ko hazkundea izan baitu. Bi osagaiek bilakaera positiboa izan dute (azken kontsumoko gastuak eta kapital-eraketa gordinak), eta kapital-eraketa gordina nabarmendu da, urtetik urterako % 2,4ko hazkundearekin.

Beraz, kanpo-sektoreak ekarpen positiboa egin du: urtetik urterako aldakuntzak % 1,3 izan dira esportazio guztietan, eta % 0,9 inportazioetan.

Familien azken kontsumoko gastuak eta EZIAGE etxeei zerbitzua ematen dieten irabazi-asmorik gabeko erakundeen gastuak (kontsumo pribatua) dezelerazio arinaren bideari jarraitzen diote azken urteetan. urtetik urterako aldakuntza-tasa % 1,5ekoa izan da, aurreko hiruhilekoan ikusitakoa baino hiru hamarren txikiagoa. Hiruhilekotik hiruhilekorako tasa ere aurreko hiruhilekokoa baino txikiagoa da, eta hiruhileko honetan % 0,3koa izan da (aurreko hiruhilekoan baino 2 hamarren txikiagoa).

Kontsumo publikoak (administrazio publikoen azken kontsumoko gastua) % 2,2ko hazkundea izan du urtetik urterako terminoetan, hau da, % 0,4ko hazkundea izan du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Kontsumo publikoaren azelerazio txiki bat ikusten da 2019. urtean zehar, urtetik urterako tasen goranzko joerarekin.

Administrazio publikoen azken kontsumoko gastuaren eta etxeetako azken kontsumoko gastuaren baterako bilakaerak azken kontsumoko gastuaren % 1,7ko hazkundea eragin du. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,3ko hazkundea izan da.

Kapitala-eraketa gordinak (inbertsioa) urtetik urterako % 2,4ko aldakuntza-tasa izan du laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren handiagoa. Hiruhilekotik hiruhilekorako datuei dagokienez, inbertsioa % 1,6 hazi da. Inbertsioaren portaera global hori norabide eta intentsitate desberdineko bi bilakaeratan oinarrituta dago.

Ekipamendu-ondasunetako inbertsioaren bilakaerak portaera positiboa izan du azken hiruhilekoan: urtetik urterako hazkunde-tasa % 2,9koa izan da, eta hiruhilekotik hiruhilekorako tasa % 2,8koa. Portaera hori nabarmen positiboagoa izan da hirugarren hiruhilekoan ikusitakoa baino.

graf0017200_03_e.png

Kapital-eraketa gordinaren gainerakoan, eraikuntzaren bilakaerari lotuago, urtetik urterako hazkundea % 2,1ekoa izan da (aurreko hiruhilekoetan baino hazkunde txikiagoa), hau da, % hiruhilekotik hiruhilekorako % 0,9ko hazkundea egon da.

Barne-eskariak (azken kontsumoko gastuak eta kapital-eraketa gordinak osatzen dute) % 1,9ko aldaketa positiboa izan du urtetik urtera. Hazkunde hori BPGd-rako zenbatetsitakoaren azpitik dago. Hortaz, kanpo-sektorearen ekarpena positiboa izan da urteko azken hiruhileko honetan. Esportazioak % 1,3 hazi dira aurreko urteko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta inportazioak gutxiago hazi dira (% 0,9).

Enpleguari dagokionez (lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta), urtetik urterako terminoetan % 1,3ko aldakuntza zenbatetsi da. Beraz, azken hiruhilekoetan hautemandako dezelerazioari eutsi zaio. Urtetik urterako tasa horrek % 0,1eko hazkundea dakar 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta.

Enplegu-mailaren urtetik urterako bilakaera positiboa izan da jarduera-adar guztietan, lehen sektorean izan ezik. Eraikuntzaren sektorearen bilakaera positiboa nabarmentzen da, azken hiruhileko hau 2018ko hiruhileko bera baino % 1,9 hobea izan baita. Zerbitzuen sektoreak ere lanpostu kopuru handia sortzen jarraitzen du, 2018ko azken hiruhilekoan erregistratutakoa baino % 1,7 handiagoa. Industriaren sektoreak urtetik urterako hazkunde-tasa apala du (% 0,1), baina enplegua suntsitu da aurreko hiruhilekoarekin (% 0,3) alderatuta. Azkenik, lehen sektoreak beste eredu bati jarraitzen dio. Izan ere, 2019ko azken hiruhilekoan bakarrik izan du aldakuntza-tasa negatiboa aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, -% 0,2koa. Hau da, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,1eko gehikuntza dakar.

graf0017200_04_e.png

Lurralde historikoen araberako BPGd-aren bilakaerari dagokionez, Arabak urtetik urterako 2,4ko tasa du, eta Gipuzkoak eta Bizkaiak, berriz, urtetik urterako hazkunde apalagoak dituzte (% 2,2 eta % 2,1, hurrenez hurren). Urteko hirugarren hiruhilekoari dagokionez, Arabak izan du hazkunderik handiena: hiruhilekotik hiruhilekorako % 1,0ko tasa izan du. Gipuzkoak eta Bizkaiak, berriz, % 0,6ko eta % 0,2ko tasak izan dituzte, hurrenez hurren.

2019KO BALANTZEA

EAEko BPGd-a % 2,2 hazi da 2019an, 2018an baino zortzi hamarren gutxiago. Bosgarren urtea da jarraian %2tik gorako hazkunde-tasekin. 2019rako BPGd-aren behin-behineko lehen zenbatespen hori urteko lau hiruhilekoetako bakoitzerako kalkulatutako BPGd-aren batura gisa lortzen da.

2019an, eskaintzari dagokionez, ekonomiaren sektore handi guztiek portaera hedakorra izan dute. Eraikuntzaren sektorea nabarmentzen da, % 3,1eko urteko hazkundearekin. Jarraian daude zerbitzuen sektorea (% 2,5), industria (% 1,1) eta, azkenik, lehen sektorea (% 0,6). Zerbitzuen barruan, administrazio publikoa, hezkuntza, osasuna eta gizarte-zerbitzuak dira gutxien hedatu direnak (% 2,2), eta gainerako zerbitzuak dira dinamikoenak (% 2,6), merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren gainetik (% 2,4).

Eskariaren gaineko analisiak erakusten du barne-eskariaren hazkundea % 2,1ekoa izan dela 2019 osoan, eta, BPGd-a hazi den % 2,2a baino txikiagoa izan denez, kanpo-sektoreak ekarpen positiboa egin duela 2019an (kanpo-saldoak hobera egin du).

Barne-eskariaren hazkundea 2019an kapital-eraketa gordinaren hazkundearen ondorio da batez ere (% 2,8; ekipamendu-ondasunetan egindako inbertsioaren hazkundea % 2,3koa izan da, eta kapital-eraketa gordinaren gainerakoan % 3,0koa). Azken kontsumoko gastua % 1,9ko erritmoan hazi da, bereziki kontsumo publikoaren ondorioz (% 2,1), familien azken kontsumoaren (% 1,9) gainetik igo baita.

Enpleguaren bilakaera, lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, positiboa izan da, 2019rako zenbatetsitako % 1,6ko hazkundearekin, 15.335 enplegu garbi gehiago sortu baitira. Urteko enplegua hiruhileko bakoitzerako zenbatetsitako enpleguen batez bestekoaren bidez lortzen da, eta haren behin-behineko lehen zenbatespena da.

Enpleguaren portaera hoberena eraikuntzaren sektorean kokatu da, % 2,8ko hazkundea izan baitu 2018ko batez bestekoarekin alderatuta, eta hazkunde hori 2018koan zenbatetsitakoa (% 3,6) baino txikiagoa izan da. Ondoren, zerbitzuen sektorea dator,% 1,8ko aldakuntza-tasarekin (aurreko urtean zenbatetsitako % 2,7koa baino txikiagoa). Lehen sektorean, hazkundea % 0,9koa izan da (2018rako zenbatetsitako -% 1eko hazkunde-tasa negatiboa baino handiagoa). Azkenik, industriaren sektorea % 0,6 hazi da (% 2,2 2018an).

Lurralde historikoen arabera, BPGd-aren bilakaera 2019an positiboa izan da hiru lurralde historikoetan. Gipuzkoa % 2,3 hazi da, Bizkaia % 2,1 eta Araba % 2,0.

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus. Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

EAEko BPGd-a % 2,2 hazi da 2019 osoan, eta 15.000 enplegu sortu dira

Eragiketa : 
Hiruhileroko kontu ekonomikoak
Eragiketa kodea : 
170115
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
ii/2025
Eguneratze data : 
2020/03/06
Hurrengo eguneratzea : 
2025/12/03
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0017200_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali