2020/04/27ko prentsa-oharra
MERKATARITZA INDIZEA AZALERA HANDIETAN ETA ELIKADURA KATE HANDIETAN. 2020KO MARTXOA
Euskal AEko azalera handi eta elikadura-kate handietako salmentak % 1,7 igo dira 2020ko martxoan
Elikagaien salmentak % 18,5 hazi dira, eta gainerako produktuenak, berriz, % 35,2 jaitsi
Euskal AEko merkataritza-azalera handi eta elikadura-kate handietako salmentek % 1,7ko urte arteko igoera izan dute prezio konstanteetan 2020ko martxoan, lan-egutegiaren termino homogeneoetan, Eustatek egindako datuen arabera. 2020ko otsailarekin alderatuta, salmentak % 1,8 jaitsi dira, urtaroen eraginik gabe.
Hileko bigarren hamabostaldian COVID-19aren pandemia globalari aurre egiteko konfinamenduko eta establezimenduak partzialki edo osorik ixteko ezohiko neurriek emaitza oso desberdina eragin dute elikadura-salmentetan (jarduera kritikoa eta funtsezkoa) eta gainerako artikuluenetan (jarduera oso murriztua). Hala, azalera handietako eta elikadura-kate handietako elikagaien salmentek urtetik urterako % 18,5eko igoera islatzen badute ere, gainerako artikuluei dagozkienek % 35,2ko jaitsiera izan dute aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, egutegiaren ondorioak atera ondoren.
Lurraldeka, guztietan izan da hazkunderik: Araban % 2,5, Bizkaian % 0,3 eta Gipuzkoan % 3,6, iazko hilabete berarekin alderatuta; hori guztia, prezio konstanteetan eta egutegi-eraginik gabe.
Aurreko hilabetearekin alderatuta (2020ko otsaila), elikadura-salmentak, prezio konstanteetan eta urtaroen eraginik gabe, % 14,8 igo dira, eta gainerako produktuenak, berriz, % 34,8 jaitsi.
2020ko urtarriletik martxora bitarteko metatuan, Merkataritza-azalera handi eta elikadura-kate handietako salmenta-indizeak % 1,4ko igoera izan du, elikaduran gertatu den hazkundearen ondorioz (% 7,7), gainerako produktuetan % 11,0ko jaitsiera erregistratu baita. Hala ere, bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan: Arabak % 1,1 egin du gora urteko metatuan, Bizkaiak % 0,3 eta Gipuzkoak % 3,3, hori guztia prezio konstanteetan eta lan-egutegiaren termino homogeneoetan.
Euskal AEko azalera handietan eta elikadura-kate handietan enplegatutako langileen kopurua % 0,5 jaitsi da aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, eta % 2,3 aurreko hilabetearekin alderatuta, urtaroen eraginik gabe. 2020ko hiru hilabete horietako metatuan, enplegatuen kopurua % 1,0 hazi da, 2019ko aldi berarekin alderatuta.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62