2020/05/22ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PREZIOEN INDIZEA. 2020KO APIRILA
Euskal AEko industria-prezioak % 1,2 jaitsi ziren 2020ko apirilean aurreko hilaren aldean
2019ko apirilarekin alderatuta, industria-prezioak % 4,6 jaitsi ziren
Euskal AEko industria-prezioak % 1,2 jaitsi ziren 2020ko apirilean, aurreko hilabetearekin alderatuta, Eustatek landutako datuen arabera. Apirileko urte arteko tasa, zeinek azken hamabi hilabeteetako prezio industrialen aldakuntza jasotzen baitu, -% 4,6koa izan zen.
Azterketa zehatzago batek agerian uzten du ezen 2020ko apirilean aurreko hilaren aldean prezioetan hazkunderik nabarmenenak erregistratu dituzten sektoreak izan direla Erauzketa-industriak (% 1,4) eta Ura eta Industria kimikoa, zeinetan % 1,3ko igoera izan baita biotan. Aitzitik, prezioetan sektore hauetan izan dira hilabete arteko beherakadarik handienak: Kokeriak eta petrolioa fintzea, % 12,7ko beherakadarekin; Energia elektrikoa, gasa eta lurruna, % 0,9rekin behera; eta Zurgintza, papera eta arte grafikoak, % 0,7ko jaitsierarekin.
Ondasunak helburu ekonomikoaren arabera sailkatuta, Ekipo-ondasunen prezioak % 0,5 igo dira, aurreko hilabetearekin alderatuta. Aitzitik, Energia % 6,6 jaitsi da, Bitarteko ondasunak % 0,4 eta Kontsumo-ondasunak, oro har, % 0,6 jaitsi dira. Azken horien barruan, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorretan % 0,7 jaitsi dira prezioak, eta Kontsumo-ondasun iraunkorretan, berriz, % 0,2.
Urtetik urterako datuetan, 2020ko apirila 2019ko apirilaren aldean, prezioetan hazkunderik handienak adar hauetan izan dira: Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintzan, % 7,0ko igoerarekin, eta Garraio-materialean eta Erauzketa-industrietan, bietan % 3,3ko hazkundearekin. Alderantziz, prezioetan beherakadarik handienak sektore hauetan gertatu dira: Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 37,4 behera), Zurgintza, papera eta arte grafikoak (% 3,6 behera) eta Energia elektrikoa, gasa, lurruna eta aire girotua (% 2,6ko jaitsiera).
Helburu ekonomikoaren araberako ondasun-talde handien prezioen aldakuntza positiboa izan da urte arteko aldian Ekipo-ondasunentzat eta Kontsumo-ondasunentzat oro har, % 1,5eko igoerarekin bietan. Azken horien artean, % 1,6 igo dira Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak eta % 0,8 Kontsumo-ondasun iraunkorrenak. Aitzitik, prezioak jaitsi egin dira Energiaren sektorean (% 22,3ko jaitsierarekin) eta Bitarteko ondasunenean (% 1,2koa).
OHARRA COVID-19AREN KRISIAREN ERAGINARI BURUZ APIRILEKO IPRI-N
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu du COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko.
Une horretatik aurrera hartutako salbuespenezko neurrien ondorioz, industria-enpresa asko apirilean partzialki edo osoki geldiarazi dira.
Egoera horrek berekin ekarri du Industria Prezioen Indizea eraikitzeko behar den informazioa lortzeko behar den ahalegina handitu izana, bai inkestatutako enpresen aldetik, bai informazioa biltzen eta tratatzen duten langileen aldetik.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten enpresa guztiei egindako ahaleginagatik, aparteko zirkunstantziak gorabehera. Haiei esker, apirileko indizea kalkulatu da laginaren % 96,48ko estaldurarekin -laginaren informazioa maiatzean zehar jaso da-.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62