2020/05/18ko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA. IV/2019
Heriotzak % 5 gehitu ziren 2019ko laugarren hiruhilekoan Euskal AEn
2019ko guztizkoan % 0,9 jaitsi ziren 2018aren aldean
2019ko laugarren hiruhilekoko heriotza-kopurua Euskal AEn 5.504 pertsonakoa izan zen, 2018ko laugarrenean baino % 5 gehiago, Eustaten datuen arabera. Lurraldeka, Araban 713 lagun hil ziren, Bizkaian 3.028, Gipuzkoan 1.763.
Hiruhileko horretan urte batetik beherako 7 haur hil ziren, 4 neskato eta 3 mutiko. Gainera, 2019ko laugarren hiruhilekoan hil ziren ehun urte edo gehiagoko pertsonak 82 izan ziren, 16 gizonezko eta 66 emakumezko.
Heriotza-eragile nagusia, tumoreak
2019ko laugarren hiruhilekoko heriotzen % 28,7 (1.578) tumoreek eragin zituzten. Jarraian zirkulazio-sistemaren gaixotasunek eragindako heriotzak kokatu ziren, % 26,2 (1.440 hildako); hirugarren, urrunago, arnas aparatuko gaixotasunek eragindakoak, % 8,4 (462).
Sexuaren arabera ezberdinak dira heriotza-zioak. Gizonen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino, ehuneko 9,6 puntuz 2019ko laugarren hiruhilekoan. Emakumeen artean, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren, baina ehuneko 4,6 puntuko aldeaz.
2019KO BALANTZEA
Behin-behineko datuen arabera, 2019an 21.542 lagun hil ziren; 10.794 emakume, 10.748 gizon. 2018aren aldean heriotzak % 0,9 gutxitu ziren.
Iazko heriotzen artean 43 izan ziren urtebetetik beheragoko haurrenak: 19 neskato eta 24 mutiko. Hori gutxiago da 2018an baino, noiz hil baitziren urte batetik beherako 52 haur. Bestalde, ehun urte edo gehiagorekin hildako 306 pertsonen artean, 248 emakumezko izan ziren eta 58 gizonezko, 14 gizonezko gehiago 2018an baino eta 3 emakumezko gutxiago.
Hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen hiru Lurraldeetan
2019ko behin-behineko datuekin, Euskal AEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen, zeren 6.142 heriotza gehiago izan baitziren jaiotzak baino. Lurraldeka, Bizkaiak 4.251 biztanle gutxiago izan zituen zio hori dela eta, Gipuzkoak 1.721 galdu zituen eta Arabak 170.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62