2020/05/15eko prentsa-oharra
ZERBITZUEN KOIUNTURAKO INDIZEA. MERKATARITZA. I/2020
Merkataritzako salmentak % 5,2 jaitsi dira 2020ko lehen hiruhilekoan Euskal AEn
Sektoreko enplegua % 0,3 murriztu da 2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta
Handizkako eta Txikizkako merkataritza eta Ibilgailuen salmenta eta konponketa barne hartzen dituen Merkataritza-sektoreak % 5,2ko jaitsiera izan du salmentetan, termino errealetan, 2020ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, Eustatek landutako datuen arabera.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtaroen ondorioak kenduta, Merkataritza % 5,4 murriztu da prezio konstanteetan.
Merkataritzaren barruan, salmenta errealen urte arteko bilakaera, egutegiaren ondorioak kendu ondoren, negatiboa izan da hiru adarrentzat, eta nabarmentzekoa da Ibilgailu motordunen salmenta eta konponketan behatutako % 16,7ko atzerakada. Handizkako merkataritzaren salmentak % 4,6 jaitsi dira, eta Txikizkako merkataritzarenak % 3,3.
Lurraldeen arabera, Araban % 6,0 murriztu dira salmentak, Bizkaian % 5,3 eta Gipuzkoan % 4,7, hori dena 2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta eta prezioen eta egutegiaren ondorioa kenduta.
Euskal AEko Merkataritzako langileen indizea % 0,3 jaitsi da 2019ko lehen hiruhilekoaren eta 2020ko lehen hiruhilekoaren artean, eta horrek esan nahi du % 0,1eko beherakada izan dela, urtaroen ondorioak kenduta, 2019ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta.
COVID-19AREN KRISIAK ZKI-N DUEN ERAGINARI BURUZKO OHARRA
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu du COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko.
Hartutako salbuespenezko neurrien ondorioz, martxoaren bigarren hamabostaldian zerbitzu-sektoreko enpresa asko partzialki edo erabat geldiarazi dira. Beraz, salbuespenezko egoera horrek eragina izan du lehen hiruhileko honetako Zerbitzuen koiunturako indizeari dagokion aldiaren seigarren batean.
Egoera horrek ekarri du Zerbitzuen koiunturako indizea egiteko behar den informazioa lortzeko beharrezko ahalegina handitu izana, hala inkestatutako enpresen aldetik nola informazioa biltzeaz eta tratatzeaz arduratzen diren langileen aldetik.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten enpresa guztiei egindako ahaleginagatik aparteko baldintza hauetan. Haiei esker, 2020ko lehen hiruhilekoko indizea laginaren % 83,30eko estaldurarekin kalkulatu da (laginaren informazioa gehienbat apirilean jaso da).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62