2020/06/26ko prentsa-oharra
SEKTORE PUBLIKOAREN AURREKONTUEN ESTATISTIKAK. 2018
Diru-sarrerak % 4,9 igo ziren eta gastuak % 3,2 Euskal AEko Administrazioetan 2018an
Zor bizia 11.558 milioi eurokoa izan zen 2018ko abenduaren 31n, BPGren % 15
Euskal AEko Administrazioen (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udal Administrazioak, euren Erakunde Autonomoekin eta udalez gaindiko eta azpiko Erakundeekin batera) diru-sarrera sendotuak –19.048 milioi euro– % 4,9 gehitu ziren 2018an aurreko urtearen aldean, Eustaten arabera. Bestalde, gastuak 18.064 milioi eurokoak izan ziren, % 3,2 gehiago.
Eragiketa ez-finantzarioei dagokienez, diru-sarrerak ere gastuak baino gehiago hazi ziren, % 3,5 lehenak eta % 0,2 gastu ez-finantzarioak; beraz, Finantzazkoa ez den Aurrekontu Saldoa 2017an 599 milioi eurotik 1.164 milioi eurora igaro zen 2018an.
Bestalde, finantza-eragiketen sarrerak eta gastuak % 23,4 igo ziren 2018an, 1.596 milioi eurora iritsita; finantza-gastuak, berriz, ehuneko handiagoan igo ziren, 1.776 milioi eurora helduta, hau da, % 42,8ko igoera izan zen.
Diru-sarrera ez-finantzarioen hazkundea diru-sarrera arrunten bilakaera positiboan oinarritu zen (% 3,0); bestalde, diru-sarrera guztien % 92 izan ziren. Kapital-eragiketengatiko diru-sarrerek, askoz pisu txikiagokoak, % 53,4ko igoera izan zuten.
Zerga-sarrerek diru-sarrera guztien % 82,5 hartu zituzten 2018an, eta ia guztiek portaera positiboa izan zuten aurreko urtearekin alderatuta, eta baterako hazkunde-tasa % 4,3koa izan zen. BEZak soilik izan du tasa negatiboa, % 2,7koa, baina konparazioa baldintzatzen duen aparteko elementu batek azaltzen du: 2017an 599,9 milioi euro egotzi zitzaizkion ekitaldiari (Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren akordioen ondorioz), eta % 17,1eko ustekabeko igoera eragin zuen 2017ko ekitaldian, aurreko urtearekin alderatuta, eta, aldi berean, 2018ko jaitsiera eragin du. Igoera, termino homogeneoetan, % 8koa izango litzateke.
PFEZa eta BEZa dira zerga-sarreren artean pisu handiena duten zerga-figurak, eta % 37,5 eta % 34,7 ematen diete, hurrenez hurren, diru-sarrera guztiei.
PFEZari dagokionez, kontzeptu horren ondoriozko diru-sarrerak % 6,1 igo dira 2017arekin alderatuta, Sozietateen atzetik gehien hazi diren bigarrenak izanik. Sozietateen gaineko Zerga zergen % 9,5 baino ez bada ere, % 39,2ko hazkundea izan du. Zerga Bereziak, zerga-sarreren % 9,4 izanik, % 1,5 igo ziren. Azkenik, Udal Zergek eta Bestelako Zergek ere bilakaera positiboak izan zituzten, % 2,8ko eta % 4,5eko igoerekin, hurrenez hurren.
Beste diru-sarrera arruntak –tasak, transferentziak eta ondare-sarrerak, besteak beste– eragiketa arruntengatiko diru-sarrera guztien % 8,7 izan ziren, eta % 8,3ko jaitsiera izan zuten.
Gastu arruntei dagokienez, % 0,1eko jaitsiera izan zuten. Jaitsiera hori, nagusiki, Transferentzia arrunten partidak eragin du, gastu guztien % 28,6ko pisuarekin, eta % 3,6 jaitsi ziren 2017. urtearekin alderatuta. Pertsonal-gastuek bilakaera positiboa izan dute, gastu osoaren % 20,6 pilatu baitzuten eta % 2,4 hazi baitziren. Azkenik, Beste gastu arruntak % 1,6 hazi ziren.
Bestalde, Inbertsioen eta Kapital-transferentzien gastuak (guztizkoaren % 8,9) % 2,9 igo dira 2017ko datuekin alderatuta, eta 45 milioi gehiago izan dira.
Erakundeetan, bai Eusko Jaurlaritzak bai Lurralde-administrazioek (Aldundiak eta Toki Erakundeak) finantzazkoak ez ziren aurrekontu-saldo positiboak erregistratu zituzten. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 447 milioi euroko saldo positiboa izan zuen, 211 milioi euroan hobetuz 2017an erregistratutakoaren aldean. Hiru lurraldeek mantentzen dituzte saldo positiboak eta aurreko urtean baino hobeak.
Euskal AEko Administrazio Publikoen zor bizia 11.558,1 milioi eurokoa izan zen 2018ko abenduaren 31n, BPGren % 15. Pasibo berriak 1.551,3 milioi izan ziren 2018an, eta amortizazioak 1.646,5 milioi.
2018. urtearen amaieran amortizatu gabe zegoen zor biziaren guztizkotik, Eusko Jaurlaritzarena da zor osoaren % 79; ondoren, Bizkaia (% 11,5), Gipuzkoa (% 4,3) eta, azkenik, Araba (gainerako % 5,2a) daude.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62