2020/09/30eko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. FAMILIAK. 2020
Euskadiko AEko biztanleen % 82,6 Interneten erabiltzailea da 2020an, baina jarduerarekiko harremanak eta adinak alde handiak zehazten dituzte
Behera egin du genero-arrakalak Interneten erabileran, baina mantendu egiten da erabilitako zerbitzuetan eta onlineko erosketetan
Euskadiko AEn 15 urteko eta gehiagoko 1.551.600 pertsona dira Interneten erabiltzaile, 2020ko lehen hiruhilekoan; alegia, adin horietako euskal herritarren % 82,6, Eustaten datuen arabera. Aurreko urteko aldi beraren aldean, ehuneko horrek 2,4 puntu egin du gora.
Jarduerarekiko harremana dela eta, ia ikasle guztiak (% 99,7) dira Interneten erabiltzaile; landunetan % 97,9 da Interneten erabiltzaile eta, azkenik, biztanle inaktiboetan eta langabeetan, % 60,4. Azken kolektibo hori, nahiz eta aurreko aldiaren aldean igoera handiena izan duena den (4,6 puntu), gainerakoetatik oso urrun dago, eta aldeak ehuneko 37 puntutik gorakoak dira.
Adina aintzat hartuta, nabarmentzekoa da 65 urteko eta gehiagoko pertsonen artean nola hazi den Interneteko erabiltzaileen kopurua (ehuneko 4,7 puntu), bai eta 55 eta 64 urte bitartekoetan ere (4,5 puntu); hala ere, % 95etik beherako balioak dituzten adin-talde bakarrak dira, eta 65 urteko eta gehiagoko pertsonen taldea tarte horretatik oso urrun dago. Adin-taldeen artean desberdintasun handiena honako hauen artean dago: 25 eta 34 urte bitartekoak (% 99,9) eta 65 urtekoak eta gehiagokoak (% 42).
Arabako lurralde historikoan hazi da erabiltzaileen ehunekoa gehien, aurreko urteko aldi beraren aldean 4,2 puntuko igoera izan baitu, eta Euskadiko AEko lehen postura bueltatu da (% 84,5 Interneteko erabiltzailea). Gipuzkoan % 83,2 da erabiltzaile (+3,5 puntu), eta, Bizkaian, % 81,7, aurreko urtearen aldean igoera txikiagoa izan zela (+1,1 puntu).
Euskadiko hiriburuak direla eta, Vitoria-Gasteiz da Interneteko erabiltzaileen proportzio handiena duen hiriburua (% 84,5); gero, Donostia / San Sebastián (% 82,4), eta, azkenik, Bilbo (% 81,0). Erabiltzaileen ehunekoan eskualde-mailan daude alde handienak, ehuneko 5 puntu ingurukoak, Gorbeia inguruko mendiak izanik balio handiena duena (% 85,4) eta Arabako Mendiak txikiena duena (% 80,8).
Interneten ibiltzeko lehenesten den hizkuntza gaztelania da (% 97,8), ondoren euskara (% 24,7) eta, gero, ingelesa (% 18,3). Ohiko lekuak jarraitzen du bakoitzaren bizilekua izaten (etxetik konektatzen diren erabiltzaileen % 94,7).
Zerbitzu erabilienak komunikazioari eta informaziorako sarbideari daude lotuta
Euskal herritarren % 45,2k ondasunak eta zerbitzuak erosi ditu Internetetik azken hamabi hilotan, 2019an baino ehuneko 4,1 puntu gehiago; Interneteko erabiltzaileak direla eta, % 54,8.
Komunikazioari eta informaziorako sarbideari lotutako zerbitzuak dira erabilienak. Eta honako hauek dira ohikoenak: mezu elektronikoak jasotzea edo bidaltzea (% 81,5), albisteak, egunkariak edo gaurkotasuneko aldizkariak irakurtzea (% 77,5) eta ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatzea (% 67,1).
Mugikorrerako WhatsApp eta antzeko beste aplikazio batzuk dira erabiltzaileek gehien erabiltzen dituztenak, adina, sexua edo jarduerarekiko harremana gorabehera (betiere % 93tik gorakoa). 65 urteko eta gehiagoko pertsonek erabiltzen dituzte gutxien aplikazio horiek (erabiltzaileen % 93,5), alegia adin horietako biztanle guztien % 39,3, aurreko urtean baino ehuneko 5,4 puntu gehiago.
Behera egin du genero-arrakalak Interneteko erabiltzaileen artean, baina aldeak antzematen dira sarean erabilitako zerbitzuetan
Genero-arrakalak ehuneko 3,5 puntu egin du behera, 2019ko aldi berean baino ia puntu bat gutxiago. Interneteko gizonezko erabiltzaileak gizonezko biztanleen % 84,4 dira, eta emakumezko erabiltzaileak, emakumezko biztanleen % 80,9.
Ordenagailuaren erabilera dela eta, genero-arrakala ehuneko 7,9 puntukoa da, 2019an baino ehuneko 0,3 puntu handiagoa. Ordenagailuaren gizonezko erabiltzaileak gizonezko biztanleen % 71,6 dira, eta emakumeetan, emakumezko biztanleen % 63,7.
Interneten bidez erabiltzen diren zerbitzuetan ere aldeak daude generoaren arabera. Emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dituzte osasunarekin zerikusia duten zerbitzuak, besteak beste informazioa bilatzea edo medikuarekin hitzordua hartzea (ehuneko +10,5 puntu), onlineko ikastaro gehiago egiten dituzte (+3,9 puntu) eta hezkuntzako web-atari edo -guneak erabiliz monitore edo ikasleekin gehiago komunikatzen dira (+3,2 puntu). Gizonek, bestalde, emakumeek baino gehiago erabiltzen dute informazioa –albiste, egunkari edo gaurkotasuneko aldizkari gehiago irakurtzen dituzte– (+6,7), Internet bidez ematen diren programa gehiago ikusten dituzte (+5,5) eta sarriago jolasten dira edo deskargatzen dituzte jokoak (+4,7).
Merkataritza elektronikoan, emakumeek kirol-material eta arropa gehiago erosten dute (ehuneko +6,1 puntu), etxerako ondasun gehiago (+5,7) eta bidaietarako zerbitzu gehiago –garraio publikoko txartelak, ibilgailuen alokairua– (+4,4 puntu), gizonek baino. Gizonek, bestalde, ekipamendu elektroniko gehiago (+17,9 puntu), ekipamendu informatiko gehiago (+13,1 puntu) eta ordenagailuko joko edo bideokontsola gehiago (+7,2 puntu) erosten dituzte, emakumeek baino.
Familien ezaugarriek euskal etxeetako IKT ekipamenduak zehazten dituzte
2020ko lehen hiruhilekoan, familien % 85,1ek (763.800) Interneteko konexioa dute etxeetan; 38.100 familia gehiago sartu dira kolektibo horretan (+3,8 puntu), aurreko urteko aldi beraren aldean. Populazioaren terminoetan, 15 urteko eta gehiagoko pertsonen % 90,3k (1.697.000) Sarerako etxeko sarbidea dute.
Bestalde, Euskadiko AEko etxeen % 73,5ek ordenagailua dute; alegia, biztanleen % 80,6k ordenagailua dute beren bizitokian. Etxeen % 96,1ek mugikorra dute; 15 urteko eta gehiagoko biztanleen % 97,9k mugikorra izateko aukera dute.
Etxeetako ikus-entzunezko ekipamendua dela eta, nabarmendu behar da % 42,5ek ordainpeko telebista dutela, alegia aurreko urteko ehuneko 5,1ek eta 48.000 familiak gehiagok. Beraz, biztanleen % 47,7k (118.400 pertsona gehiago) zerbitzu hori dute beren etxeetan.
Euskadiko etxeetan IKTen ekipamenduen presentzia aldatu egiten da, familia-motaren arabera. Presentzia areagotu egiten da kasu guztietan, aurreko urtearen aldean, baina erritmoa desberdina da familia-moten artean eta IKT ekipamenduen arabera; areagotze handienak ehuneko 6 puntu ingurukoak dira, eta semerik edo alabatik gabeko etxeetan Interneteko sarbiderako aukeran gertatzen dira, bai eta bikote bakarrek eratzen dituzten etxebizitzetan ordenagailu-motaren bateko sarbidean ere (+6,0 puntu).
Familia-moten arteko desberdintasunak murriztu arren, oraindik esanguratsuak dira desberdintasun horiek. Alde handienak semeak eta/edo alabak dituzten familien eta gainerakoen artean gertatzen dira, batik bat pertsona bakarrek eratutako familien aldean: etxebizitzan Interneteko sarbidea dute semeak eta/edo alabak dituzten familien % 98,2k, pertsona bakarreko etxeetako familiek (% 69,5) baino 30 ia puntu gehiagok; semeak eta/edo alabak dituzten familien % 92,3k ordenagailu-motaren bat dute beren etxean, eta pertsona bakarreko etxeetako familien (% 50,7) aldean 40 puntutik gorako desberdintasuna dago. Eta, azkenik, mugikorraren presentzia orokorragoa da, eta alde handiagoak ditu; semeak eta/edo alabak dituzten ia familia guztiek dute (% 99,9), bikoteek bakarrik eratzen dituztenen % 97,3k eta pertsona bakarrek eratzen dituzten familien % 89,7k.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62