2020/10/15eko prentsa-oharra
OSASUN ARRETA PRIBATUAREN ESTATISTIKA. 2019
Ia 475.000 pertsonak izan zuten osasun-aseguru pribatua Euskal AEn establezimenduak dituzten entitateetan 2019an
Primen bolumena 344 milioikoa izan zen 2019an, 2017an baino % 4,7 handiagoa
Eustatek landutako datuen arabera, 2019an Euskal AEn bizi ziren 474.462 pertsonak osasun-aseguru pribatu bat izan zuten Euskal AEn kokatutako entitateetan. Zifra horrek esan nahi du % 9ko igoera izan dela 2017ko ekitaldiarekin alderatuta.
Lurraldeen arabera, osasun-aseguru pribatua zuten pertsonen % 69,7 Bizkaian bizi ziren, % 18,9 Gipuzkoan eta % 11,4 Araban. Estaldura hori zeukan biztanleriaren sexuari dagokionez, emakumeak % 53,2ra iristen ziren, eta gizonak gainerako % 46,8ra. 45-64 eta 25-44 urte arteko adin-taldeetan biltzen ziren, hurrenez hurren, % 32,5 eta % 28, eta emakumeak ziren nagusi talde horietan, bai eta 65 urtetik gorakoetan ere.
Osasun-laguntza pribatuko zerbitzuak eskaintzen dituzten konpainiek 343,9 milioi euro bildu zituzten prima gisa, hau da, % 4,7ko igoera 2017arekin alderatuta, eta kopuru hori BPGren % 0,45 izan zen 2019an. Lurraldeka, primen ordainketaren % 71,8 Bizkaian kontzentratu zen, % 17,9 Gipuzkoan eta % 10,3 Araban.
Kontratatutako polizen modalitatea kontuan hartuta, primen % 50 aseguru kolektiboetakoak izan ziren, % 42,3 banakako edo familiako aseguruetakoak eta % 7,7 funtzionarioen mutualitate publikoetakoak. 2017. urtearekin alderatuta, aseguru kolektiboak hazi ziren gehien (% 8,4), ondoren funtzionarioen mutualitateak (% 1,8) eta, azkenik, banakako edo familiako polizak (% 1).
2019an, Euskal AEko osasun-laguntza pribatuaren ezaugarria izan zen merkataritza-entitateen pisu handia, zeintzuek aseguratutako biztanleriaren % 99ri eman baitzioten estaldura.
Ohar metodologikoa: Estatistika honek Euskal AEn gutxienez establezimendu bat duten aseguru libreko entitateen informazioa biltzen du. Ez dira sartzen Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateak, ez baitute aseguru-izaerarik.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62