2020/10/30eko prentsa-oharra

PERTSONEN ETA FAMILIEN ERRENTAREN ESTATISTIKA. 2018

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko biztanleen batez besteko errenta 21.500 € ingurukoa izan da 2018an

Errenta pertsonalaren % 60,4 lanetik dator, % 26,8 transferentzietatik edo gizarte-prestazioetatik, % 8 kapital-errentetatik eta % 4,8 jarduera ekonomikoetatik

Euskal AEn bizi diren 18 urte eta gehiagoko biztanleen batez besteko errenta pertsonala 21.458 €-koa izan da, aurreko urtean baino % 1,8 gehiago, Eustatek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin batera egindako Pertsonen eta Familien Errentaren Estatistikaren arabera.

Gipuzkoako batez besteko errenta pertsonala 22.605 €-koa da, Arabakoa (20.978 €) eta Bizkaikoa (20.886 €) baino handiagoa. Arabak eduki du hazkunderik handiena (% 2,7), gero Gipuzkoak (% 2,3) eta, azkenik, Bizkaiak (% 1,1).

Hiriburuei dagokienez, alde horiek areagotu egiten dira; izan ere, Donostian bizi diren pertsonen batez besteko errenta (25.577 €) Euskal AEko batezbestekoa baino 4.000 € handiagoa da, eta Bilbo (21.538 €) eta Gasteiz (21.259 €) batezbestekotik gertu daude.

graf0017704_01_e.png

Batez besteko errenta erabilgarria, alegia errenta osoa ken errentaren gaineko zerga eta langilearen kargurako gizarte-kotizazioak, 17.860 €-koa izan da 2018an (aurreko urtean baino % 1,4 gehiago); hots, errenta osoaren % 83,2. Gipuzkoan 18.867 €-koa da, Araban 17.511 €-koa eta Bizkaian 17.337 €-koa.

Osaerari dagokionez, errenta pertsonalaren % 60,4 lanetik dator, batez beste 12.966 € (aurreko urtean baino 285 € gehiago), eta gainerakoa honela banatzen da: % 26,8 transferentzia edo gizarte-prestazioetatik (5.747 €), % 4,8 jarduera ekonomikoen errentetatik (1.029 €) eta % 8 kapital higigarri zein higiezinen errentetatik (1.717 €).

Errenta biztanleriaren artean banatzeari dagokionez, 1,5 milioi baino gehiago dira errentaren bat jasotzen duten 18 urte eta gehiagoko pertsonak, hau da, % 85,1; aldiz, biztanleriaren % 14,9k ez du inolako diru-sarrerarik izan 2018an. Gainera, pertsonen % 59,7k Euskal AEko batezbestekoa baino errenta txikiagoa dute –errentarik batere jasotzen ez dutenak barne–, eta % 10,6k batezbestekoa bikoizten duen errenta dute, hau da, 42.916 € baino zertxobait gehiago.

Mediana, biztanleria bi zati berdinetan banatzen duen errenta zein den ezartzen duen adierazlea, 16.908 €-tan kokatzen da, hau da, 2018an Euskal AEko adin nagusiko biztanleen erdiek urteko 16.908 €-tik gorako batez besteko errenta pertsonala dute; beste erdiek, berriz, kopuru hori baino errenta txikiagoa jasotzen dute.

Genero arteko aldeak bere horretan jarraitzen du, zeren Euskal AEko gizonen errenta emakumeena baino 10.000 € baino zertxobait handiagoa baita: gizonek 26.930 €-ko batez besteko errenta jasotzen dute, eta emakumeena 16.416 €-koa da; bien arteko aldea % 39koa da. Alderik handiena 65 eta 69 urte bitarteko adin-tartean dago, non gizonen errenta emakumeena baino 15.380 € handiagoa den.

graf0017704_02_e.png

Aurreko urtearekin alderatuta, batez besteko errenta pertsonala gutxiago hazi zen 2018an aurreko urtean baino (% 1,8 % 3,9ren aldean), eta horrek ia osagai guztiak hartzen ditu, jardueren errenta izan ezik. Nabarmentzekoa da kapital-errentaren beherakada (-% 1,5), zeinek 2017an hazkunde handia eduki baitzuen (% 5,0).

Euskal AEko familien batez besteko diru-sarrerak batez besteko errenta pertsonala 2 aldiz dira

Euskal AEko batez besteko familia-errenta 43.648 €-koa izan da 2018an. Errenta hori adin nagusiko familiako kideen errenta pertsonalak batuz lortzen da. Euskal AEko familien batez besteko diru-sarrerak batez besteko errenta pertsonala halako bi dira.

Berriz ere, Gipuzkoa da, 46.017 €-rekin, familia-errenta handiena duen lurraldea, gero Bizkaia (42.831 €) eta, azkenik, Araba (41.395 €). Alde horiek hiriburuen artean ere ikusten dira: Donostia da familia-errenta handiena duen hiriburua (52.143 €), eta ondoren Bilbo (43.329 €) eta Gasteiz (41.644 €) daude.

Maila bereiziagoan, alde handiak daude Euskal AEko hogei eskualdeen artean. Horietatik bederatzik batezbestekoa baino familia-errenta handiagoak dituzte; nabarmentzekoak dira Plentzia-Mungia (51.226 €) Bizkaian, Gorbeialdea (50.364 €) Araban eta Urola Kosta (48.093 €) Gipuzkoan. Aldiz, gainerako hamaika eskualdeek batezbestekoaren azpitiko familia-errentak dituzte, eta sailkapenaren beheko aldean daude Bidasoa Beherea (41.453 €) Gipuzkoan, Enkartazioak (36.813 €) Bizkaian eta Arabako Errioxa (34.627 €); azken hori da Euskal AEko familia-errenta txikiena duena.

Familia-errentaren portzentajezko osaera, errenta-iturri nagusien arabera, errenta pertsonalean ikusitakoaren antzekoa da, zeren lanetik datozen errentek (% 60,6) eta transferentzietatik datozenek (% 26,6) pisu erlatibo handiagoa baitute. Familia-etxeetako batez besteko errenta erabilgarria 36.307 €-koa da, hau da, batez besteko errenta osoaren % 83,2.

graf0017704_03_e.png

Familia-errenta errenta-geruzen arabera banatuz gero, ikusten da ezen familia-kopuru handiena duen estratua 9.001-12.000 €-koa dela, hau da, batezbestekoaren biziki azpitik. Horrela, familien % 62,8k, ia bi herenek, Euskal AEko batezbestekoa baino errenta txikiagoa jasotzen dute. Halaber, adierazten du ezen familien % 3k baino gutxiagok ez zutela diru-sarrerarik izan 2018an; aitzitik, familien % 1ek baino gutxiagok 84.000 €-tik gorako errentak jaso zituzten.

Familia-errenta aldatu egiten da familia-etxera diru-sarrera gehien ekartzen duen pertsonaren ezaugarri soziodemografikoen arabera, hala nola sexuaren eta adinaren arabera. Hartzaile nagusia gizona bada, familiek 48.318 €-ko batez besteko diru-sarrerak dituzte, gehienak errenta ertain eta altuko geruzetan kontzentratuta; emakumea bada, aldiz, batez besteko familia-errenta 36.466 €-koa da, eta errenta baxueneko geruzetan kontzentratzen da.

Familia-errenta pixkanaka handitzen doa familia-etxera diru-sarrera gehiago ekartzen duen pertsonaren adinak gora egiten duen heinean, 55 eta 59 urteetara iritsi arte, adin horretan batez besteko 56.269 €-ko errenta maximoa lortzen baita; maximo hori hala gizonen (60.394 €) nola emakumeen (49.579 €) artean ikusten da. Euskal AEko batezbestekoa baino errenta handiagoa duten familien kasuan, hartzaile nagusiak 40-65 urte ditu.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko biztanleen batez besteko errenta 21.500 € ingurukoa izan da 2018an

Eragiketa : 
Pertsonen eta familien errentaren estatistika
Eragiketa kodea : 
173402
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2022
Eguneratze data : 
2020/10/30
Hurrengo eguneratzea : 
2025/10/00
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0017704_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Foru Aldundiak

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali