2020/11/13ko prentsa-oharra
ZERBITZUEN KOIUNTURA INDIZEA. MERKATUKO BESTE ZERBITZUAK. III/2020
Euskal AEko Merkatu-zerbitzuetako salmentak aurreko hiruhilekokoak baino % 19,1 handiagoak izan dira 2020ko hirugarren hiruhilekoan
2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, Merkatu-zerbitzuetako salmentak % 15,8 jaitsi dira
Merkatuko beste zerbitzuak (aurrerantzean, Merkatu-zerbitzuak) epigrafean bildutako sektoreetan salmentak % 19,1 igo dira aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, prezio finkoetan eta behin urtaro-eraginak kenduta, Eustaten datuen arabera. Igoera hori urteko bigarren hiruhilekoan erregistratutako jaitsiera (% 23,9) baino txikiagoa izan da.
2020ko hirugarren hiruhilekoan, eta aurreko urteko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, egutegiaren eraginak kendurik, Merkatu-zerbitzuen salmentek % 15,8 egin dute behera termino errealetan. 2020ko lehenengo hiru hiruhilekoen metatuan, salmentek % 17,3ko jaitsiera izan dute.
Merkatu-zerbitzuen barruan, salmenta errealen urte arteko atzerakada orokorra da. Nabarmentzekoa da Ostalaritza-sektoreko salmenten beherakada, non % 35,5eko jaitsiera kalkulatzen baita. Ondoren, Administrazio-jarduera eta zerbitzu osagarrien salmentak datoz, % 26,4ko beherakadarekin; Garraio eta biltegiratzearenak, % 6,8ko beherapenarekin; Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoenak, urte arteko -% 6,4ko aldakuntzarekin; eta, azkenik, Informazioaren eta komunikazioen sektorearenak, % 4,1eko beherapenarekin. Hori guztia, aurreko urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean eta egutegiaren eraginak zuzendu ondoren.
2020ko bigarren hiruhilekoaren aldean, eta urtaro-eraginik gabe, susperraldia orokorra izan da, baina alde askotakoa. Izan ere, hirugarren hiruhilekoan ostalaritzan salmentak % 82,4 igo dira aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta Garraio eta biltegiratzean % 24,5. Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoak % 9,7 hazi dira hiruhileko arteko terminoetan, Administrazio-jarduera eta zerbitzu osagarriak % 8,2 eta, azkenik, Informazioaren eta komunikazioen adarra % 2,8.
Aurten, orain arte, salmenta metatuek beherakada handiagoa izan dute Ostalaritzan (-% 38,8ko aldakuntza), Administrazio-jarduera eta zerbitzu osagarrietan (-% 21,3) eta Garraio eta biltegiratzean (-% 12,6). Jaitsiera neurrizkoagoa izaten ari da Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetan (-% 7,8) eta Informazioa eta komunikazioak adarrean (-% 3,5).
Lurraldeka, prezioen eta egutegiaren eragina kenduta, Araban urte arteko % 12,4ko jaitsiera izan da salmenta-indizean, Bizkaian % 15,4koa eta Gipuzkoan % 17,8koa.
Aurreko hiruhilekoaren aldean, Araban salmentak % 39,0 gehitu dira, Gipuzkoan % 25,2 eta Bizkaian % 12,4. Aurten, orain arte, Merkatu-zerbitzuetan metatutako salmentak % 19,8 jaitsi dira Gipuzkoan, % 16,4 Araban eta, azkenik, % 16,2 Bizkaian.
Euskal AEko Merkatu-zerbitzuetan ari diren langile okupatuen indizea % 3,8 jaitsi da urte arteko aldian. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, ordea, % 1,6ko igoera izan da.
INFORMAZIO OHARRA
Indize ekonomiko koiuntural honetan eta beste indize ekonomiko koiuntural batzuetan kontuan hartzen diren langile enplegatuen artean, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea (EABEE) duten pertsonak sartzen dira, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) Methodology of Short Term Business Statistics eskuliburuan jasotzen duen enplegatuaren definizioari jarraituz.
Egutegiaren eraginak zuzentzeko eta serieak urtaro-eraginik gabe uzteko erabilitako modeloek COVID-19ak aztertutako aldagaietan duen eragina barne hartzen dute, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraituz.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten establezimendu guztiei egindako ahaleginagatik aparteko zirkunstantzia hauetan. Horiei esker, hirugarren hiruhilekoko indizea laginaren % 93,03ko estaldurarekin kalkulatu da –laginaren informazioa urrian zehar jaso da–.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62