PRENTSA OHARRA, 2020/11/30
INGURUMEN-KONTUAK. INGURUMEN-ONDASUN ETA -ZERBITZUEN KONTUA. 2017
Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumen-ekonomiak 1.207 milioi euroko balio erantsia eragin zuen 2017an
Enpleguari dagokionez 18.000 lanpostu sortu zituen, ekonomiak sortutako guztizkoaren % 1,92
Eustatek lehen aldiz egindako ingurumen-ondasun eta -zerbitzuen kontuko datuen arabera, ingurumen-ekonomiaren Balio Erantsi Gordina (BEGd) 1.207 milioi eurokoa izan zen 2017an, hau da, urte horretako BPGd-aren % 1,64. Aurreko urtearekin alderatuz, ingurumenari buruzko BEGd % 8,5 hazi zen, hau da, aldi horretan bertan ekonomiaren guztizkoaren Barne Produktu Gordinaren hazkundea baino bost puntu gehiago.
Ingurumen-ondasun eta -zerbitzuen kontua ingurumen-kontuen sistemaren barruan dago eta Eurostat-en metodologia jarraituz egiten da. Kontu horien bitartez, ekonomia eta ingurumeneko alderdiak Kontabilitate Nazionaleko sistemaren barruan modu koherentean integratzea ahalbidetzen da. Ingurumen-ondasun eta -zerbitzuen azpisektorea (ingurumen-ekonomia) ekonomiaren atal honek osatzen du: ingurumenaren gainean presioak murrizteko edo ezabatzeko baliabide naturalen kudeaketako jardueratan eta ingurumena babeseko helburuekin ondasunak eta zerbitzuak produzitzen dituen ekonomiaren atalak.
Sektore ekonomikoen arabera, eta BEGd-arekin lotuta, erauzteko industrien eta manufakturako industrien ekarpena —ingurumenaren guztizkoaren % 28,6— azpimarratu behar da; ondoren datoz zerbitzuen sektorea —% 26,3—, eta ur-hornidura, saneamendu eta hondakinen kudeaketari lotutako jarduerak —% 23,5—. 2017an, ingurumen-arloan ekarpen txikiena sektore hauek egin zuten: eraikuntza —% 10,2—, energia elektriko, gas, lurrun eta airearen hornidurari lotutakoek —% 8,1— eta, azken lekuan, lehen sektoreak —% 3,4—.
Eskuragarri dauden hiru urteetan —2015-2017— izandako bilakaera aztertuz, sektore guztiek ingurumenari buruzko BEGd handitzen badute ere, eraikuntzaren sektorea azpimarratu behar da. Sektore horrek ingurumenari buruzko BEGd-aren guztizkoarekiko pisua 4 puntu baino gehiagotan handitzea lortu du. Horretan, eraikuntza berriek bete behar dituzten energia-ziurtagirien legeriak lagundu du. Guztizkoarekin alderatuta, euren ehunekoa ere hobetu dute Lehen sektoreak —ehuneko +1,7 puntu— eta ur-hornidura, saneamendu-jarduera, hondakinen kudeaketa eta deskontaminazioaren sektoreak —+ 0,5 puntu—.
Ingurumenari lotutako jarduerek sortutako lanaldi osoko postu baliokide gisa neurtutako enplegua 2017an erregistratutako guztizko enpleguaren % 1,92 izan zen.
Ingurumen-enplegua sektore ekonomikoen arabera aztertzen badugu, lehendabiziko lekuan Zerbitzuen sektorea dago —ingurumen-enpleguaren guztizkoaren % 32,3 da—, ondoren, erauzteko industria eta manufakturako industria —% 29,7— eta ur-hornidura, saneamendu eta hondakinen kudeaketari lotutako jarduerak —% 22,8— azaltzen dira. Era berean, ingurumenari lotutako enpleguaren arloan ekarpen txikienak sektore hauek egin zituzten: eraikuntzak —% 11,4—, lehen sektoreak —% 3,5— eta energia elektriko, gas, lurrun eta airearen hornidurako sektoreak —% 0,3—.
Urtetik urterako datuen arabera, 2017an ingurumen-enpleguaren bilakaeran sektore hauek azpimarra daitezke: lehen sektorea eta eraikuntza-sektorea, hurrenez hurren % 32,2 eta % 25,8ko enplegu-hazkuntzarekin.
Ingurumen-azpisektorea ekonomiaren guztizkoarekin erlazionatzen duten adierazle nagusiak kontuan hartuz, ingurumenari buruzko BEGd 2017ko BPGd-aren % 1,64 zen, aurreko urtean baino 8 ehunen gainetik; eta lanaldi osoko enplegua guztizko enpleguaren % 1,92 —2016an baino 7 ehunen gainetik—. 2015-2017 aldia aztertzen badugu, goranzko bilakaera iraunkorra eman dela ikusten dugu.
Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-jarduerak, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia osoarekin alderatuz, % 1,92 dira; Espainiakoak, berriz, % 1,73, hango ekonomia osoarekin alderatuz. Aitzitik, BPGd-ari dagokionez, Espainiako balioa —% 2,15— Euskal Autonomia Erkidegokoaren —% 1,64— gainetik dago.
Europako araudia jarraituz, ingurumen-helburuaren arabera, bi esparru nagusi bereizten dira: ingurumena babesteko jarduerak eta baliabideak kudeatzeko jarduerak; biak bi sailkapen elkar-ukatzailetan bildu dira. Alde batetik, ingurumena babesteko jarduerak Ingurumena Babesteko Jardueren Sailkapenean (IBJS) deskribatzen dira; eta, bestetik, baliabideak kudeatzeko ingurumen-babeseko jarduerak Baliabideen Kudeaketa Jardueren Sailkapenean (BKJS).
2017an sortu zen ingurumenari buruzko BEGd-aren guztizkoaren gainean pisu handiena zuen esparrua hondakinen kudeaketarena izan zen, guztizkoaren % 25,2ko ekarpena eginez. Energia-iturri berriztagarrien bidezko energia-produkzioa ere nabarmentzen da % 16rekin. Beste BKJS batzuen kategoriak (bertan, besteak beste, uraren, baso-baliabideen eta flora eta fauna basatien kudeaketa adibidez biltzen ditu) % 23,9ko ekarpena egiten du; eta beste IBJS batzuen barruan sartutako jarduerak (bertan, besteak beste, zarata murrizteko, biodibertsitatea babesteko eta erradiazioaren aurka joateko, eta ingurumeneko I+G, adibidez, biltzen ditu), berriz, % 22,7ko ekarpena egiten du.
BPGd-aren arabera, ingurumena babesteko jarduerek (IBJS) 2017ko BPGd-ari % 0,91ko ekarpena egiten diote, baliabideen kudeaketa-jarduerek egiten diotena baino % 0,73 gehiago.
Enpleguari dagokionez, guztizko datuekin alderatuta, ingurumena babesteari lotutako jarduerek dute, kasu honetan ere, pisu handiena, % 1,20 alegia; baliabideen kudeaketak, berriz, % 0,72ko pisua dute. Zehazki, guztizko enplegua kontuan hartuz, enplegu gehien ingurumen-esparru hauek eragin zuten: hondakinen kudeaketak (0,55 puntu) eta energia-produkzioaren ingurumen-esparruak (0,15 puntu), energia-iturri berriztagarrien bidez.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62