2021/02/15eko prentsa-oharra
ZERBITZUEN KOIUNTURA INDIZEA. MERKATUKO ZERBITZUAK. IV/2020
Euskal AEko Zerbitzuen sektorean salmentak % 16,7 jaitsi dira 2020 osoan
Zerbitzuen sektorearen salmentak laugarren hiruhilekoan % 14,8 txikiagoak izan dira aurreko urteko laugarren hiruhilekoan baino
Eustatek landutako datuen arabera, Merkatuko zerbitzuen sektoreko (aurrerantzean, Zerbitzuen sektorea) guztizko salmenten 2020ko balantzeak % 16,7ko jaitsiera metatu du lan-egutegiko termino homogeneoetan eta prezio konstanteetan.
2020. urte osoan, Covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko hartutako murrizketek markatua, Zerbitzuen sektorea osatzen duten azpisektore guztiek salmentetan intentsitate ezberdineko murrizketak izan dituztela ikusi da.
Ostalaritzaren kasuan, salmentak % 39,6 murriztu dira, eta % 20,6 Administrazio-jarduera eta zerbitzu osagarrietan. Atzerakada txikiagoa izan da Garraio eta biltegiratzean, 2019an baino % 11,4 gutxiagoko salmetekin; Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetan, berriz, % 6,8 gutxiago izan dira salmentak, eta, azkenik, Informazioaren eta komunikazioen azpisektorean izan da atzerakadarik txikiena, % 3,0 gutxiagoko salmentekin 2020an 2019an baino.
Hiru lurraldeek bilakaera negatiboak izan dituzte 2020 osoan. Zerbitzuen sektoreak % 15,9 egin du behera Bizkaian eta Araban, eta Gipuzkoan are gehiago, % 18,5; hori guztia, prezio konstanteetan eta lan-egutegiko termino homogeneoetan.
Zerbitzuen sektorean lan egiten duten pertsonen kopurua % 3,1 jaitsi da 2020an, aurreko urtearekin alderatuta.
2020KO LAUGARREN HIRUHILEKOA
2020ko laugarren hiruhilekoko datuak soilik aztertuta, Euskal AEko Zerbitzuen sektoreko salmentek % 14,8ko jaitsiera izan dute, termino errealetan, aurreko urteko laugarren hiruhilekoaren aldean.
Aurreko hiruhilekoaren aldean, eta urtaro-eraginak kenduta, Zerbitzuen sektoreko salmentek % 2,4ko jaitsiera izan dute prezio konstanteetan.
Zerbitzuen sektorearen barruan, 2020ko laugarren hiruhilekoko urte arteko bilakaera negatiboa izan da azpisektore guztietan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta. Hala, urteko azken hiruhilekoan, Ostalaritzako salmentak % 42,3 murriztu dira; Administrazio-jarduerak eta zerbitzu osagarriak % 18,8 jaitsi dira; Garraioa eta biltegiratzea azpisektorea % 8,2 jaitsi da; Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak izenekoa % 3,8 murriztu da; eta, azkenik, Informazioa eta komunikazioak azpisektorea % 1,9 gutxitu da.
Lurraldeka, 2020ko laugarren hiruhilekoko urte arteko jaitsierak, 2019ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, oso antzekoak izan dira: Bizkaian eta Gipuzkoan % 14,8 egin dute behera bakoitzak, eta Araban % 14,7.
Azkenik, Euskal AEko langile enplegatuen indizeak % 3,6ko aldakuntza negatiboa izan du 2020ko azken hiruhilekoan, 2019ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta.
INFORMAZIO OHARRA
Indize ekonomiko koiuntural honetan eta beste indize ekonomiko koiuntural batzuetan kontuan hartzen diren langile enplegatuen artean, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea (EABEE) duten pertsonak sartzen dira, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) Methodology of Short Term Business Statistics eskuliburuan jasotzen duen enplegatuaren definizioari jarraituz.
Egutegiaren eraginak zuzentzeko eta serieak urtaro-eraginik gabe uzteko erabilitako modeloek COVID-19ak aztertutako aldagaietan duen eragina barne hartzen dute, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraituz.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten establezimendu guztiei egindako ahaleginagatik aparteko zirkunstantzia hauetan. Haiei esker, laugarren hiruhilekoko indizea laginaren % 93,08ko estaldurarekin kalkulatu da –laginaren informazioa urtarrilean zehar jaso da–.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62