2021/03/18 prentsa-oharra

ESKOLA JARDUERAREN ESTATISTIKA. 2020

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

2019-20 ikasturtean, Lanbide Heziketa egin zuten gizonak emakumeak baino ia bi aldiz gehiago izan ziren Euskal AEn

Hezkuntza Sailak 120.000 ikasleri baino gehiagori eman zizkien bekak eta laguntzak, hirutik bati

Eustatek emandako datuen arabera, 2019-20 ikasturtean Euskal AEn Lanbide Heziketaren hiru modalitateak (oinarrizkoa, erdi-mailakoa eta goi-mailakoa) egin zituzten ikasleen artean gizon-kopurua emakume-kopuruaren ia bikoitza izan zen. Patroia hiru modalitateetan errepikatzen da, eta ratioak hauek dira: 2,6 gizon emakume bakoitzeko Oinarrizko Lanbide Heziketan eta 1,9 Goi-mailako Lanbide Heziketan.

2019-20 ikasturtean, Euskal AEko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzek, 419.875 ikasle izan zituzten guztira, eta matrikulak % 0,3 egin zuen gora aurreko ikasturtearekin alderatuta. Matrikulen % 93 Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetan egin ziren, eta gainerako % 7a Erregimen Bereziko Irakaskuntzetan. 2018-19 ikasturtearekin alderatuta, Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetan % 0,4ko igoera eman zen eta Erregimen Bereziko Irakaskuntzetan % 0,2ko beherakada. Hala ere, nabarmentzekoa da Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen kopuruak gora egin duela, % 3,2 eta % 2,6, hurrenez hurren. Era berean, nabarmena da Helduen Hezkuntzan erregistratutako % 10eko igoera, azken lau ikasturteetako beheranzko joera irauliz.

graf0018378_01_e.png

Eskuragarri zegoen eskaintzak baldintzatu zuen Erregimen Bereziko Irakaskuntzetako ikasleen lurralde-banaketa. Hizkuntzen eta musikaren irakaskuntzan eskaintza zabala izan zen eta banaketa Erregimen Orokorreko Irakaskuntzen antzekoa, baina gainerako ikasketek lurralde batean bildu zituzten ikasleak.

Ikastetxearen titulartasunari dagokionez, Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetako matrikula apur bat handiagoa izan zen ikastetxe publikoetan ikastetxe pribatuetan baino: % 53 eta % 47. Horrek erakusten duenez, termino absolutuetan, ia 20.000 ikasle gehiago daude irakaskuntza publikoan.

D eredua finkatzen ari da derrigorrezko mailetan

Hizkuntza-ereduari dagokionez, Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetan D ereduaren goranzko joerari eutsi zitzaion 2019-20 ikasturtean; ikasleen % 68k euskara aukeratu zuen komunikazio-hizkuntza gisa. Hala ere, aldeak egon ziren hezkuntza-mailen artean: derrigorrezko mailetan –Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza–, D ereduko matrikula % 70etik gorakoa izan zen; aitzitik, Lanbide Heziketako ikasleen laurdenak baino gutxiagok egin zituen ikasketak hizkuntza-modalitate horretan.

20 urtetik beherakoen artean, Lanbide Heziketak, alternatiba gisa, gora egiten du adinarekin batera

2019-20 ikasturtean derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondoko ikasketak egin zituzten 20 urtetik beherakoen artean, % 76 Batxilergoan matrikulatu zen, eta gainerako % 24k erdi-mailako Lanbide Heziketa aukeratu zuen.

Maila horietako matrikulen proportzioan adinaren araberako gradiente bat ikusi zen: 16 urteko ikasleentzat erdi-mailako lanbide-irakaskuntzak aukera minoritarioa izan arren, aukera horrek presentzia handiagoa hartu zuen adinak gora egin ahala.

graf0018378_02_e.png

Maila horietan, sexuaren araberako banaketa askotarikoa izan zen. Batxilergoan, emakumeak gehiengoa izan ziren (% 55), eta erdi-mailako Lanbide Heziketan, berriz, gizonak emakumeen bikoitza izan ziren, gutxi gorabehera. Gainera, genero-desberdintasunak hauteman ziren Batxilergoko modalitateen aukeraketan. Orientazio zientifikoan izan ezik, horretan sexuen araberako banaketa paritarioa izan baitzen, emakumeen presentzia nagusia izan zen, Arteen modalitatean batez ere. Azken horretan, lau matrikulatik hiru emakumeenak izan ziren.

Era berean, erdi-mailako Lanbide Heziketaren eskaintza sailkatzen den lanbide-arlo gehienek desorekak izan zituzten ikasleen sexuaren araberako banaketan. Hala, irudi pertsonalarekin eta pertsonen zaintzarekin erlazionatutako familietan emakumeen ehunekoa % 75etik gorakoa izan zen; aitzitik, sei familia erabat maskulinizatuta egon ziren, eta emakumeen presentzia ia anekdotikoa izan zen, emakumeak ikasle guztien % 10 baino gutxiago izan baitziren: Informatika eta komunikazioak, Fabrikazio mekanikoa, Itsas-Arrantza, Garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak, Elektrizitatea eta elektronika eta Instalazioa eta mantentze-lanak.

graf0018378_03_e.png

Unibertsitatez kanpoko goi-mailako hezkuntzan, goi-mailako Lanbide Heziketako matrikulak % 2,6 egin zuen gora 2018-2019 ikasturtearekin alderatuta. Emakumeen proportzioak, bai maila osoan, bai lanbide-arlo desberdinetan, erdi-mailako Lanbide Heziketan antzemandako eredu berari jarraitu zion.

Ikasleen herenak bekak eta ikasteko laguntzak jaso zituen

2019-20 ikasturtean, Euskal AEko Administrazio Publikoak erregimen orokorreko irakaskuntzei emandako beken eta laguntzen zenbatekoa 51 milioi eurotik gorakoa izan zen, eta 120.489 ikaslek jaso zituzten, guztien % 32ak.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kolektiboa izan zen ikasle bekadunen proportzio handiena izan zuena (% 59), eta, ondoren, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (bost ikasletik bik jaso zituzten ikasteko-laguntzak) egin zituztenak.

Derrigorrezko mailek helburu horretara bideratutako partida ekonomikoaren % 83 berenganatu zuten. Lehen Hezkuntzak jaso zuen zenbatekorik handiena, 22,3 milioi euro, hau da, guztizkoaren % 43. Haur Hezkuntzak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak, bakoitzak, 10 milioi euro inguru jaso zituen.

Bekadun bakoitzak batez beste 426 euroko laguntza jaso zuen, baina zenbateko hori ez zen bera izan egindako irakaskuntzaren arabera: 258 euro Oinarrizko Lanbide Heziketan eta 631 euro Haur Hezkuntzan.

Ikastetxe publikoek hartu zuten beka eta laguntzetarako aurrekontuaren bi heren inguru. Ikastetxe pribatuetan matrikulatutako ikasleentzako bekak 17,6 milioi eurokoak izan ziren. Ikasle bekadunen proportzioa handiagoa izan zen ikastetxe publikoetan (% 40) ikastetxe pribatuetan baino (% 24). Arrakala hori bereziki nabarmena izan zen Lehen Hezkuntzan; izan ere, ikastetxe publikoetako ikasleen erdiek laguntzak jaso zituzten bitartean, ikastetxe pribatuetan matrikulatutakoen laurdenek baino ez zituzten jaso. Erlazioa alderantzizkoa izan zen Lanbide Heziketako ikasketetan, laguntzak jaso zituzten ikasleen proportzioa handiagoa izan baitzen zentro pribatuetan, ikastetxe publikoen eta pribatuen arteko aldeak txikiagoak izan ziren arren.

Ikasleen erdiak jantoki-zerbitzua erabili zuen

Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleen erdiak eskola-jantokian bazkaldu zuen. Bizkaian, hamarretik seik erabili zuten zerbitzu hori; Gipuzkoan eta Araban, berriz, % 43k eta % 34k, hurrenez hurren. Ez zen alde handirik ikusi titulartasun publikoko eta pribatuko ikastetxeen artean.

Eskola-garraioa 53.966 ikaslek erabili zuten, hau da, ikasle guztien % 14k. Berriz ere, zerbitzua gehiago eskatu zen Bizkaian (% 17) Gipuzkoan (% 12) eta Araban (% 10) baino. Oraingo honetan, aldeak egon ziren ikastetxe-motaren arabera: garraioaren erabilera 7 puntu handiagoa izan zen ikastetxe pribatuetako ikasleen artean ikastetxe publikoetakoen artean baino (% 18 eta % 11, hurrenez hurren).

Argibide gehiagorako: Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2019-20 ikasturtean, Lanbide Heziketa egin zuten gizonak emakumeak baino ia bi aldiz gehiago izan ziren Euskal AEn

Eragiketa : 
Eskola-jardueraren estatistika
Eragiketa kodea : 
040601
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2025/26
Eguneratze data : 
2021/03/18
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0018378_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali