2021/05/12ko prentsa-oharra
ERAIKUNTZAREN INKESTA. 2019
Euskal AEko langile okupatu guztien % 6, ia 63.200 pertsona, eraikuntzan ari ziren lanean 2019an
Eraikinen eraikuntza eta Instalazio elektriko, iturgintza eta beste instalazioak azpisektoreek sektoreko balio erantsiaren erdia sortzen dute eta enpleguaren erdia dute
2019an 63.173 enplegura iritsi zen Euskal AEko eraikuntzaren sektorea, lanean ari ziren langile guztien % 6ra, Eustaten datuen arabera. Zifra absolutuetan, aurreko urtearekin alderatuta 2.500 enplegu garbi baino zertxobait gehiago irabazi zituen, hain zuzen ere, % 4,1 gehiago. Horrela, eutsi egin zitzaion 2017an hasitako goranzko joerari, eta 2018an hautemandako hazkundearen % 3,1 gainditu zuen.
Lurraldeen arabera, hazkunde erlatiborik handienak Araban eta Bizkaian izan ziren. Bi lurraldeen portaera ia berdin-berdina da, eta enpleguak % 4,5 eta % 4,6 egin zuen gora, hurrenez hurren. Gipuzkoan urte arteko hazkundea % 3,3koa izan zen.
Tamaina kontuan hartuta, enpleguaren ikuspegitik langile gehien dituzten azpisektoreak dira Instalazio elektriko, iturgintza eta beste instalazioak, 19.442 enplegurekin (% 30,8); Eraikinen akabera, 15.852 enplegurekin (% 25,1) eta Eraikinen eraikuntza, 11.860 enplegurekin (% 18,8), eta hiruren artean guztira lanean ari ziren langileen ia % 75 zituzten. 2019an bilakaera oso antzekoa izan da, eta Instalazioen azpisektorearen hazkundea % 3,9koa izan da, Eraikinen eraikuntza azpisektorearena % 3,0koa eta Eraikinen akabera azpisektorearena % 2,3koa.
Bilakaera positibo hori enplegu-geruza guztiek izan dute, baina bilakaerak oso ezberdinak izan dira. Horrela, zifra erlatiboetan hazkunderik handiena enplegu gehieneko geruzan izan da, 20 pertsonatik gorakoan, eta tamaina % 8,4 handitu du. Enplegu-geruza horretan 16.331 pertsona daude, eraikuntzaren sektoreko enplegu guztien % 25,9. Bestalde, 1-19 enpleguko geruzak, neurri txikiagoan bada ere, nabarmen egin du gora, % 4, alegia, eta enplegu guztien ia erdia, % 49, metatzen du. Azkenik, soldatapekorik gabeko autonomoen geruzak, enplegu guztien % 25 dituenak, ia ez du aldaketarik izan, % 0,4 egin baitu gora.
Adierazi behar da 2019an eraikuntzaren sektorean lanean ari ziren langileen % 8,8 emakumeak zirela. Proportzio hori 2018koa (% 9,7) baino txikiagoa da, ia ehuneko bat txikiagoa, eta 2010ekoa baino 4,4 puntu txikiagoa, urte horretan % 13,2 baitziren sektorean lanean ari ziren emakumeak, ezagutzen den zifrarik handiena izanik.
Negozio-zifrak % 2 egin du gora Euskal AEn. Araban % 4,8 egin du gora, Gipuzkoan % 1,8 eta Bizkaian % 1,4
Eraikuntzaren sektoreko enpresen negozio-zifra garbia 2019an 9.466 milioi eurokoa izan zen, Euskal AE osoan % 2,0 egin zuen gora, 2018an izandako hazkundetik oso urrun (% 12,7koa izan zen), baina, aldi berean, bigarren urtez jarraian zifrak positiboak izan ziren, bederatzi urtez negatiboak izan ondoren.
Lurraldez lurralde, Araban sektoreak 1.335 milioi euro fakturatu zituen –Autonomia Erkidegoko balio osoaren % 13,8–, eta aurreko urtearekiko hazkundea % 4,8koa izan zen, hiru lurraldeetako handiena. Gipuzkoako negozio-zifra 3.496 milioi eurokoa izan zen –guztiaren % 36,2– eta Bizkaikoa 4.825 milioi eurokoa –negozio-zifra osoaren % 50–, eta fakturazioak % 1,8 eta % 1,4 egin zuen gora, hurrenez hurren.
Sektore osoko negozio-zifran izandako % 2ko hazkundea enplegu-geruza ezberdinetan aldagai honek izandako portaera ezberdinaren ondorio da. Goiko geruzan, 20 langile edo gehiagokoan, % 17,6 egin du gora eta behekoan, soldatapekorik gabeko autonomoenean, % 3,1. Hala ere, langile 1 eta 19 arteko geruzan % 5 egin du behera negozio-zifrak 2019an. Aldaketa horiekin, negozio-zifra osoaren % 59,5 langile 1 eta 19 artean dituen geruzari dagokio, % 32,6 20 langile edo gehiagoko geruzari eta gainerako % 7,9 soldatapekorik gabekoari.
Bestalde, langile-kostuek % 6,6 egin zuten gora Euskal AEn: Gipuzkoan % 5,9, Bizkaian % 6,8 eta Araban % 7,7.
Eraikuntzaren sektorearen balio erantsia, kapitala eta lana faktoreek ekoizpen-prozesuari egiten dioten ekarpena adierazten duena, % 3,4 igo zen 2019an, eta 3.218 milioi eurora iritsi zen: Araban % 5,3 egin zuen gora, Bizkaian % 4,1 eta Gipuzkoan % 1,5.
Higiezinen sustapena, pertsonako 165 mila eurorekin, produktibitaterik handieneko sektorea
Eraikuntzaren sektorea osatzen duten jarduera multzoak eta faktore-kostuen arabera sortutako balio erantsia kontuan hartuta, nabarmentzekoak dira Instalazio elektriko, iturgintza eta beste instalazioak, enpleguaren % 30,8 eta balio erantsi osoaren % 26,9 hartzen baititu. Eraikinen erakuntzako jardueretako enplegua (guztiaren % 18,8) eta sortutako balio erantsia (% 20,2) gehitzen bazaizkio, faktoreen kostuan erantsitako balioaren ia erdia eta eraikuntzaren sektoreko enplegu guztien erdia hartzen ditu.
Enplegu gehien duten gainerako jarduera multzoetan Eraikinen akabera azpisektorea nabarmentzen da, enpleguaren % 25,1ekin eta sektoreko balio erantsi osoaren % 16,8rekin, eta, bereziki, Higiezinen sustapena. Jarduera honek enplegu guztien % 3,9 baino ez ditu hartzen, baina eraikuntzaren sektoreko balio erantsi gordinaren % 12,6 sortzen du. Horrela, pertsonako produktibitaterik handieneko jarduera multzoa da. Sektoreko batez besteko produktibitatea 51 mila eurokoa izanik, Higiezinen sustapena azpisektorearena 165 mila eurokoa da. Pertsonako balio erantsi handieneko bigarren jarduera taldea Errepide, trenbide, zubi eta tunelen eraikuntzarena da: pertsonako 66 mila eurokoa. Eraikinen akabera da pertsonako produktibitate txikiena duena: 34.000 euro.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62